Itsaso krudela

Reuters agentziako hiru argazkilariren lekukotza ikaragarria, Afrikatik Espainiako kostaldeetara iristen ari den jende andanaren gainean.

Berria, 16-11-2006

alberto barandiaran

Iruñea

Diotenez, 1994ko abuztuaren 28an iritsi zen Fuerteventurara (Kanaria Uharteak, Espainia) lehen txalupa barruan bi gazte zirela. Orduan zabaldu zen azken hamabi urteotan, eta, batez ere, azken hiru urteotan, sekulako garrantzia hartu duen afrikarren immigrazio bat – batekoa eta dramatikoa.

Lehenago ere iritsi ziren etorkinak Andaluziako eta Kanaria Uharteetara itsasoz. Hasieran, okupaziotik alde egiten zuten gazte sahararrak ziren asko eta asko. Ondoren, Sahara azpiko Afrikatik abiatu ziren Espainiako kostaldeetara. Italiako hegoaldera iristen direnekin batera egungo immigrazio mugimendurik handienetakoa da.

Eta zorigaiztokoena. 2005. urtean, bidaia honetan 2.000 gazte inguru hil zirela kalkulatu zuten bertan lan egiten duten sorospen taldeek. Eta iristen direnen egoera tamalgarria da gehienetan. Zertarako eta, hegaldi berezi batean euren herrialdeetara berriz itzultzeko.

Egun hauetan, Iruñean, Reuters argazki agentzia ospetsurako Andaluzian eta Kanaria Uharteetan lan egiten duten hiru argazkilariren erakusketa jarri dute ikusgai. Argazkilarietako batek esan duen gisa, etorkinen keinuak, aurpegiak, «aski adierazgarriak ziren ikusteko faltsuak zirela Espainian inbasioa gertatzen ari zela zioten titular handinahi eta asaldatzaileak».

 

non zer

Erakusketa. Itsaso krudela

Egileak. Reuters argazkilari agentziako Rafael Marchante, Juan Medina eta Tony Mejias.

Non. Nafarroako Unibertsitate Publikoaren Sarioko atartean.

Noiz arte. Azaroaren 30a arte.

Ordutegia. Asteartetik ostiralera 08:00etatik 20:00etara; asteburuetan itxita.

 

 

Juan Medina. «Galdera nagusia da ea zer den benetan axola zaiguna: jendea hiltzea edo jendea gure etxe atarian hiltzea. Bitxia da. Berlingo harresia bota ondoren, askatasunaz hitz egiten dugu, baina harresi berriak altxatzen tematzen gara, gero eta metro gehiago gu eta iraunbizi beste helbururik ez dutenen artean. Zertarako eta, azkenean, Parisko etxebizitza batean erreta hiltzeko».

 

 

Juan Medina. «Argazkilariak edo kazetariak ezin du bestaldean dagoenaren mina sentitu, baina transmititzen saiatzeko obligazioa dauka, gizarteak beste toki batera begira ez dezan». Argazkilari argentinar honen lana Kanaria Uharteetara iristen den etorkinen uholdearen lekukotza paregabea da, azken urteotan bertako egoera eta errealitatea landu duelako, egunez egun. El Pais, Der Spiegel, Stern, Focus eta La Vanguardia komunikabideetan argitaratu ditu bere lanak.

 

 

Juan Medina. «Hogei urte baino gehiago daramatzat argazki makina lepoan dudala» kontatu du Tony Mejiasek, «eta benetan esan dezaket denetarik ikusi dudala. Baina egia da irudi batzuekin ez dagoela inoiz ohitzerik. Hainbat irudirekin tupust egin dut, goizean goiz, Tarifako hondartzan hondoratutako itsasontzi baten hondarren artean. Beste batzuk, gosearen izkinetan aurkitu ditut, drogak menderatutako bazter ahaztuetan… Horiek dira gehien kostatzen diren argazkiak».

 

 

Juan Medina. Rafael Marchantek honela dio, «Nire lana Sahara azpiko gizon – emakumeen bizi baldintzak erakustea izan zen, Melillan eta Marokoko muga inguratzen zuen pinudietan. Saharako basamortutik oinez hilabete lehenago bidaia hasia zutenen artean indartsuenek sasien artean ezkutatzen zituzten arropak, eta Melillako bizilagun batzuek eramandako janari apurrak. Ilusioz beteriko gazteak ziren, jende ondo prestatua eta osasunez betea, duintasun ikaragarria erakusten zuena».

 

 

Tony Mejias «Ez dut gogoan noiz egin nuen lehen argazkia. Berehala ulertu nuen askoz errazago ulertzen nuela nire ingurua, baldin eta argazki makina baten bidez ikusten banuen. Hori bai, hamahiru, hamalau urte izango nituen. Gehiago ez. Gero, denboraren poderioz, zaletasuna lanbide bilakatu zen, lanbide gaizki tratatua baina pasioz beterikoa, bizitzeko modu bat, azken finean».

 

 

Juan Medina. «Iristen diren etorkinekin hitz egiten dudanean» dio Rafael Marchantek, «haien begiradei erreparatzen diet. Nekea eta porrota nahasten dira, eta ikusten ditudan bakoitzean, hunkitu egiten naute. Ia beti egunsentiarekin iristen dira, eta, beraz, argazkiak ateratzeko baldintzak ez dira onenak, baina niri ez zait, pertsonalki, argi gutxirekin lan egitea axola».

 

 

Rafael Marchante. «Bi egoera kontrajarriak ikusten ditut bizi naizen Andaluzia honetan. Alde batetik, hemengo jendea, abegikorra; bestetik, lurraldea, Europako muga bihurtuta. Bat – batean, mugako herria gara, eta, gainera, bi muturretan dagoen errenta per capita – ren arteko alderik handiena duen muga daukagu. Zoritxarrez, gaur egungo politikarekin giza tragediaren lekuko bilakatu gara».

 

 

Juan Medina. Itsasoan zein lehorrean hartutako irudiak dira Medinarenak. Miseria, batzuen axolagabekeria, heriotza, besteen elkartasuna, eta, batez ere, arazoa. Batzuentzat «turismoa kalte dezakeen arazoa». 2005an Foto Press saria jaso zuen, eta urte berean, World Press 3. saria lortu. 2003tik, Reuters argazki agentziarako lan egiten du, eta Fuerteventuran (Kanaria Uharteak) du bizitokia.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)