Txalupez eta alkateez

Berria, 15-11-2006

Leihatila

kristina berlanga

Urteak pasatu arren, oraindik ere harritzen gara eta hotzikara halako bat sentitzen dugu Bilboko alkatearen hitzak entzuten ditugunean. Azkenaurreko adierazpenetan, prentsak arrunt modu sentsazionalistan txalupa-etxabeak deitu izan dituen horietaz mintzatu zen, Bilboko auzo batzuetan horrelakoak sortu direla eta. PPren eta auzoko zenbait bizilagunen salaketa zabaldu zuen artikuluan, ahalegin handi samarra ageri zen immigrazioaren kontrako giroa sortzeko. Bai alkatea eta bai prentsa, egoera horri buruz jardun dutenean, saiatu dira modu jakin batean erakusten immigrazioa, halako moldez non badirudien etorkinen ohiturak ezin direla bateratu Bilboko herritar moderno zibilizatuen ohiturekin. Kanpotik etorritakoak, esaterako, tematurik daude edozein txabolatan bizitzen; hori bai, plasmako telebista panoramikoarekin, ohitura basatiak ez ezik kapritxoak ere badituzte-eta, gure ustez zentzugabeak, kontuan harturik haien bizimodua eta baliabide falta.

Kezkagarriena alkatearen esanak dira: fribolizatzen ibili da, jabeei errieta egin eta ipurdiko batzuk eman beharko zaizkiela-eta, etxabeak bizitzeko egokiak ote diren… eta berriro aipatu ditu, ez baita lehen aldia, Bilbon immigrazioak dakartzan arazoak. Egiatan, arazoa arazo izugarria hau da: etxe falta, eta etxea izateko denok dauzkagun zailtasunak, bai errentan hartzeko eta bai erosteko. Zailtasun horiekin batean gainera paperik ez badugu, araurik gabeko lan merkatu zapaltzaile batean lan egiten badugu eta errenta edo maileguaren abal gisa aurkezteko kontraturik ez badaukagu, bada, orduan ia ezina da etxe duin bat lortzea. Horrelakoetan gertatzen dira gehiegikeriarik lazgarrienak, eta gehiegikeria horietan denek hartzen dute parte: etxabea errentan jartzen duen jabearekin hasi, eta bankuekin bukatu, bezero izan litekeen jende multzo bat baita bankuentzat etxea nekez eskuratuko duen talde hori. Hala, orain dela gutxi banku erakunde batek hipoteka kolektiboak eskaini ditu, milaka etorkin gogoan.

Bereizkeriaren kontrako taldeek dioten bezala, borondate politikorik ez izateak eragin du arazo hau. Izan ere, hain dira handiak interes ekonomikoak, non bide bakarra dagoen hainbesteko espekulazioari eta zentzugabekeriari buru egiteko: lur eta etxe politikaren helbururik behinena pertsonen premiei erantzutea izatea.

Alkateak esan du aurten hiru mila atzerritar sartu direla Bilbon eta ez dagoela haientzako baliabide nahikorik. Zenbat etxe daude hutsik Bilbon? Zenbat lur, espekulazio hutsaz besteko irizpideekin etxeak eraikitzeko?

Hala eta guztiz ere, badirudi gure agintarientzat errazagoa dela diskurtso xenofoboak egitea, baliabide publikoak modu bidezkoagoan eta banatu-zaleagoan kudeatzea baino.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)