«Etorkin baino lehen haurrak dira»

Atzerritar adingabeek gurean dituzten arazoak aztertu dituzte, Tolosan, mahai-inguru batean

Berria, 12-11-2006

GORKA EROSTARBE

Tolosa

«Beren herrialdetik alde egiten badute, ume direla, bizitza hobe bat nahi dutelako alde egiten dute. Zuetako bat gehiago izan nahi dugu, izan nahi dute adingabe hauek. Zuen seme – alabak dira, neureak diren bezalaxe. Gure eskuetan, gizartearen eskuetan daude. Eta ez dute laguntza ekonomikorik nahi. Babesa, maitasuna eta aukera bat nahi dute. Lagun diezaiegun bada, ez al gara denok etorkinak? Ez al gatoz denok amaren barrenetik, hau da, beste mundu batetik?».

Tolosan (Gipuzkoa) 16 urte daramatzan jatorri afrikarreko gizon baten hitzak dira. Entzuleek txaloka hartu zituzten, nahiz gizon hori ez izan Lagunduta ez dauden adin txikiko atzerritarrak. Gure adin txikikoak ere badira? izeneko hitzaldia eskaini zuten hizlarietako bat. Publikotik jaurti zuen bere hausnarketa, Immigrazioa eta Giza eskubideak jardunaldien barruan Tolosako Kultur Etxean ostiral gauean egindako hitzaldi mahai – inguruan; eta balio izan zuen bertaraturikoen artean eztabaida pizteko. Gurasorik gabe edo helduren baten babesik gabe geurean ditugun etorkin adingabeak izan zituzten hizpide Peio Aierbe Mugak eta SOS Arrazakeria taldeetako kideak, Vicenç Galea i Montero Kataluniako DRARI elkarteko kideak, eta Diego Lorente SOS Madrid elkarteko abokatuak.

Bartzelonako DRARI elkartea 1998tik ari da laguntzarik ez duten etorkin adingabeekin lanean. Vicenç Galea i Montero itzultzailea eta gida turistikoa da ofizioz, baina urte asko egin ditu etorkin adingabeekin lanean, Brasilen aurrena eta Katalunian ondoren. Adin txikiko terminoa, gaztelaniazko menor, gustukoa ez duela nabarmendu zuen aurren – aurrena: «Niretzat haurrak dira, eta haur bezala hartu beharko genituzke». Galea i Monteroren iritziz, haur horiek haur gisa hartu beharrean etorkin gisa tratatzean sortzen dira arazo nagusiak: «Etorkin baino lehen haurrak dira. Askotan ahaztu egiten dugu hori, bai gizarteak, oro har, eta bai, bereziki, administrazioek ere. Badirudi haientzat garrantzitsuagoa dela haur horien etorkin edo atzerritar izaera».

Kataluniara edo Euskal Herrira Marokotik etortzen diren adingabeen kasua aztertu zuen batik bat Galea i Monterok. Marokon «oso egoera kaxkarra» bizi dutela nabarmendu zuen: «Demokraziaz mozorroturiko diktadura batean bizi dira. Hezkuntza sistema kaxkarra da, oro har, eta ezin dute gustuko luketen bizi – proiektua aurrera eraman. 12 bat urte dituztenetik euren herrialdea utzi eta beste batera alde egiten pentsatzen hasten dira asko eta asko. 16 urterekin jada, etxea eta familia laga eta Gibraltarko itsasartea igarotzen dute, euren ametsaren bila». Eta zerekin egiten dute topo?

DOKUMENTAZIOAREN BEHARRA. «Gehien – gehienetan beldurturik egoten dira, eta ez dute gure aldetik konfiantzarik jasotzen», azaldu zuen Galea i Monterok berak. «Konfiantza» ezinbesteko osagai dute etorkin adingabeek, eta askotan guztiz kontrakoa jasotzen dute: «Sarri, goitik behera begiratzen diegu, eta harrera etxeetan kontrolatu, arakatu – eta egiten dituzte. Horrekin adierazten diegu ez dugula konfiantzarik haiengan».

Gizaki orok maitasuna eta konfiantza behar badu, «haur horiek are gehiago» behar dute: «Harrera goxoa egin behar diegu. Euren etxean bezala senti daitezen saiatu behar dugu, eta euren bizi – proiektu horren prozesuan modu aktiboan parte har dezaten. Haien iritziak entzun egin behar ditugu».

Bizi – proiektu hori aurrera eramateko etorkin adingabeek «behar – beharrezkoa» dute dokumentazioa: «Bizi – proiektu propioa izateko, ezinbestekoa dute lana modu legalean egitea. Eta hartarako, ezinbestekoa dute dokumentazioa. Dokumentazioa izateko eskubidea dute gainera. 18 urte betetzen dituztenean dokumentaziorik ez badute, berriro hasieran zeuden moduan egongo dira», azpimarratu zuen Diego Lorente SOS Madrid elkarteko kide eta abokatuak.

Espainiako Legeriak etorkin adingabeak «adingabeko baino gehiago atzerritar gisa» tratatzea gaitzetsi zuen Lorentek: «18 urtetik beherakoa adingabea da, eta hala tratatu beharko lukete. Badirudi nahiago izaten dutela adingabea bere herrialdera nola edo hala bidaltzea, eta horretarako, mota askotako trukuak erabiltzen ditu Espainiako Legeriak».

Beste herrialdeetatik datozen adingabeen zaindaritza tokian tokiko administrazioei dagokie, «haiek heldu eta 48 ordura adingabeen zaindari bihurtzen dira». Hego Euskal Herrian diputazioek dute ardura hori, baina beti ez dute behar bezala betetzen. «Esaterako, etorkin adingabe horiek etxebizitza duina izateko eskubidea dute, eta, sarri, 70 edo 80 lagun jartzen dituzte batera bizitzen harrera etxe batean. Hori ez da duina», Lorenteren aburuz.

TOLOSAKO HERRITARREN KEZKA. Azken asteetan «kezka» sortu da Tolosan, etorkin adingabe batzuekin sortu diren zenbait arazo direla medio. Adingabeko horiei «praktikoki» nola lagun diezaieketen, eta «integrazioa» nola bultza dezaketen galdetu zuten hainbat herritarrek hitzaldiaren ondotik. «Normaltasuna» aipatu zuen Galea i Monterok hitz gako modura: «Ez dago ezer berezirik egin beharrik. Gure adingabeekin jokatzen dugun bezala jokatu behar dugu haiekin ere. Jolastu daitezela beste haurrak jolasten diren leku berean, ikas dezatela eurekin batera, eta ikus dezatela konfiantza dugula haiengan. Eurek ere normaltasuna nahi dute, azken finean».

«Adingabeak dira lehen biktimak». Hala uste du Peio Aierbe Mugak eta SOS Arrazakeria elkarteetako kideak. Gizartearen egitekoa «ezinbestekotzat» jo zuen: «Harrera atsegina egin behar diegu. Boluntarioz osaturiko lan sarea egin behar dugu, defentsa juridikoa landuko duen sarearekin batera, eta administrazioari egun dauden gabeziekin txosten bat aurkeztu».

 

«Gure adingabeekin jokatzen dugun bezala jokatu behar dugu haiekin ere»

Vicenç Galea i Montero

Drari elkarteko kidea

«Bizi – proiektu propioa izateko, ezinbestekoa dute lana modu legalean egitea, eta dokumentazioa»

Diego Lorente

sos madrid elkarteko abokatua

«Boluntarioz osaturiko lan sarea egin behar dugu, defentsa juridikoa landuko duen sarearekin batera»

Peio aierbe

mugak eta sos arrazakeriak taldeetako kidea

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)