JOSEP LLUIS CAROD-ROVIRA . ERC Esquerra Republicana de Catalunyako presidentea

Esquerrako hautagaiak ziur daki inork ezin izango duela bakarrik agindu, eta argi du beraiek direla Kataluniak aurrera egiteko duen aukera bakarra

Berria, 28-10-2006

arantxa elizegi

Bartzelona Berriemaile berezia

Korrika dator ERC Esquerra Republicana de Catalunyako presidente Josep Lluis Carod – Rovira (Cambrils, Tarragona, 1952). Lau egun besterik ez da geratzen presidentetzarako bozetarako, eta azken txanpan sartuta daude alderdi guztiak. Carod – Rovira, dena den, ez dago kezkatuta. Ziur dago aurreko bozetan baino boto gehiago lortuko dituztela, eta badaki zein izango den ERCren xedea: Kataluniak aurrera egitea.

Katalunian bi dira egun eztabaidagai nagusiak: Prateko aireportuaren kudeaketa eta immigrazioa. Zein irtenbide proposatzen dituzue bi auzi horietarako?

Garai batean, Espainiako hainbat tokitatik etortzen ziren immigranteak eta Bartzelonako auzo txiroetan kokatzen ziren. Egun, auzo horietan bizi diren etorkinak urrunagotik etortzen dira. Kontua da auzo horietan duela hainbat urte zituzten arazo berak dituztela oraindik. Hori oso huts larria da, ezin dugulako onartu jendea bizi – baldintza horietan bizitzea. ERC ez dator bat, hemen inor gehiago ez dela sartzen diotenekin. Uste dugu badagoela tokia jende gehiagorentzat, baina Kataluniak erabaki behar du urtero zenbat jende etorriko den. Tamalgarria da CiU Convergencia i Unioko buru Artur Masek eta PSC Kataluniako Alderdi Sozialistako buru Jose Montillak immigrazioan eskumenik ematen ez digun Estatutu bat onartu izana. Une honetan immigrazioari aurre egiteko aurrekontua behar da. Hori konpontzeko, immigraziorako politika nazionala behar du Kataluniak.

Eta aireportuak…

Espainia da zentralismoari helduta jarraitzen duen Europako herrialde bakarra. Kataluniarentzat oinarrizkoa da nazioarteko hegaldiak edukitzea. Horrek esan nahiko luke munduko edozein herrialdetara joateko aukera izango genukeela, Madrildik igaro gabe. Montillaren anbiguotasunak ez du balio, Masen hipokrisiak balio ez duen bezala, hori bera Kataluniak onartutako Estatutuan jasotzen zelako. Baina uztailaren 28ko geldialdiaren ostean, Kataluniako gizarteak ikusi zuen Generalitateak Praten gainean zuen eskumena Gineako Gobernuak eduki zezakeen bera zela. Generalitateak Kataluniako aireportu eta portuak kudeatzeko aukera izan behar du.

Inkesten arabera, ERCk ia lau puntu galdu ditu azken hauteskundeetatik. Zergatik beherakada hori?

Ez egin kasurik inkestei. Inkestek ez dute inoiz asmatzen Esquerrarekin. 2003ko bozetan esaten zuten 16 edo 18 diputatu lortuko genituela, eta 20 lortu genituen. 2004ko Espainiako bozetan, diputatu bakarra genuen eta gehienez hiru edo lau lortuko genituela esaten zuten, baina zortzi lortu genituen. Orain 20 eta 24 artean ematen dizkigute, baina nik uste dut gehiago izango direla. Hala ere, kanpaina honek bi hutsune nagusi izan ditu: batetik, Katalunia herrialde gisa ulertzen duen buruzagi bat eta, bestetik, Katalunia nazio gisa hartzen duen komunikazio sare bat. Horrek nor noren zerbitzura dagoen ikusteko balio du.

Mas eta Montilla dira faborito. ERC prest al dago haietakoren batekin elkartzeko Gobernua osatzeko? Zer baldintza jarriko lituzke?

Baina inork ezin izango du bakarrik agindu. Beraz, halabeharrez, hurrengo gobernua koalizio batek osatuko du. ERC hor egoten saiatuko da, hori delako zerbait egiteko bide bakarra. Montillak eta Masek bakarrik aginduko balute, Katalunia bere horretan geratuko litzateke, ez atzera ez aurrera, Montillak Madrildik esandakoa bere horretan onartzen duelako eta Mas eskuineko nazionalista izanik nazionalista baino gehiago eskuinekoa delako. CiUren azken agintaldian hori argi gelditu zen. Gurekin bat egiteko aukera izan zuen, baina nahiago izan zuen PPrekin bat egin. Ez dakit zer gertatzen den eskuineko nazionalistekin, nazionalistak baino gehiago eskuinekoak direla. Horiek hala, txarrena ez den aukera hartzea dagokigu, eta gure aukeraketa bi puntutan oinarrituko da: Generalitateak zergak kudeatzea eta Kataluniaren erabakitzeko eskubidea ez mugatzea.

Beste aukera sozialisten eta convergenciakoen arteko koalizio gobernua litzateke…

Hori gertatzen bada, ziur egon zaitezke ez dela ezer aldatuko. Moncloaren nahietara makurtutako gobernua litzateke PSC eta CiUrena. Hori baino okerragoa dena, etorkizunik eta ilusiorik gabeko gobernua litzateke. Katalunia kale itsu batean legoke, alderdi horiek jada iritsi direlako ailegatu nahi zuten tokira. Etorkizun desberdina bilatzen duen eta aurrera egiteko nahia duen alderdi bakarra ERC da. Hiruko gobernuak gizarte arloan egindako aurrerapausoak ere gelditu egingo lituzkete bi alderdi horiek. Aurreko gobernuak izugarrizko urratsak egin zituen gizarte ongizatean eta hezkuntzan. Ongizate arloan 90.000 pertsonak etxeko arreta zerbitzua jasotzen dute egun. Eta hezkuntzan… Adibide argi bat jartzeko: CiUk agintean egin zituen 23 urte eta erdian 16 hizkuntza eskola sortu zituen; guk bi urte eta erdian 23 ireki ditugu.

Estatutuaren tirabirek eta hiruko gobernua aldez aurretik banatu izanak eragin kaltegarria izango al du ERCn?

Ez. Jendea ohartu da onartutakoa ez zela estatutu egokia. Uda honetan izandako bi arazo garrantzitsuenak – immigrazioa eta Prateko auzia – konpontzeko ez du balio izan Estatutuak. Adarra jo digute, eta horretaz konturatu da gizartea. Horregatik, atsekabetuta daude. Joan zen irailean Kataluniako Legebiltzarrak Estatutua onartu izanak jende askoren inbidia eragin zuen, beraiek inoiz ez zutelako lortuko guk orduan lortu genuena. Katalunian, berriz, harrotasuna eragin zuen. Gero, baina, neguko merkealdia eta traizioak etorri ziren. Jende asko etxean geratu zen, traizionatua sentitzen zelako. Orain ere litekeena da gauza bera gertatzea. Jende asko etxean geratzea. Nik horiei nabarmendu nahi diet agian boto bakar bat nahikoa dela alderdi batek edo besteak diputatu bat gehiago lortzeko. Are gehiago, boto baten esku egon litekeela ERC Gobernuan egotea. Eta Esquerrak Katalunia mapan egotea nahi du, ez soilik eguraldiarenean, baita Europako mapan ere, beste nazioekin batera. Eta hori ez da bi edo hiru egunean lortzen.

Baina Masek eta Montillak diote boto erabilgarria dela balio duena; alegia, PSCri edo CiUri emandako botoa.

Boto erabilgarria deitzen duten hori Katalunia geldituko duena da. 1999an PP Kataluniako Gobernura eramateko erabili zuen Jordi Pujolek [CiU] boto erabilgarria, eta Espainiako aurreko hauteskundeetan (2000. urtean), berriz, Jose Maria Aznar Espainiako presidente izendatzeko. Lehen ere esan dut, eskuineko nazionalistak nazionalista baino gehiago eskuinekoak dira.

Gobernuan parte hartuz gero, ERCren proiektuetako bat Herrialde Katalanetako kulturaren aldeko hitzarmen nazional bat bultzatzea da. Nolakoa litzateke?

Orain arte, alor honetan egin den hutsik handiena gure kultura eta hizkuntza politizatzea izan da. Horiek gizarte talde jakin batekin soilik lotzen baditugu, eta talde hori desagertuko balitz, horrekin batera desagertuko lirateke. Horrela inoiz ez dugu lortuko hizkuntza hori gehiengo batek hitz egitea. Hizkuntza eta kultura bera ondare nazionala dira, eta hori ez dugu inoiz ahaztu behar.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)