Kanpoko elikabidearen garaia

Berria, 28-10-2006

Edorta Agirre

Europarra izutu egin da orain ere etorkinen oldearekin. Euskal Herrian ohituak geunden ate – leihoak zabalik edukita. Nahi duena sartu egin daiteke eta gurekin bizi. Hori bai, etxekoa suntsitzen ahalegin ez dadin eskatuko diogu aurrerantzean ere.

Berdela dakarren ontzia Getariko portura dator, brankan itxura arraro samarreko hiru gizon daudela. Senegal, Bulgaria, Ekuadorretik iritsi eta etxegintzan, ostalaritzan, itsasoan eta nekazari diharduten langile horiek gure kulturan zerbait utziko dute, gure kulturaren subjektu izango dira eta, horrenbestez, beraien parte bat loratuko da biharko euskal kulturan. Eta euskaldunok harro sentituko gara datorren mendean, orduango gastronomia tradizionala oraingoa baino zabalagoa izango delako zapore, aroma, landare, egoskera eta ohituren aldetik. Nola ukatu ebidentzia hori, telefono listinaren osaketa ikusirik?

TOKIAN TOKIKO AZTURA, OSASUNAREN MESEDETAN. Etorkinek, oro har, eufemismoz hirugarren mundu deritzogun gordin horretan bizi izan dira eta beren herrialdeetan egiten zuten elikabidea eredugarritik gertu zebilen, gutxi – asko: karbohidrato konplexuak dituzten elikagai asko (arroza, juka, patata eta antzeko tuberkuluak, artoa, laboreak, artatxikia, soja, etc.). Animali jatorriko parte txiki bat eta sasoian sasoiko fruta eta barazki ugariek osatzen dute eguneko anoa Tropiko aldean; Europa erdialde hotzeko jendearen eszenatokian, kontserban iraunarazitako gantzak toki handiagoa betetzen du, negu luzeko janarietan batik bat. Gozokiak ospakizunetan ia bakarrik, alkohola tamainan, irin zuririk, azukre zuririk eta antzeko zurikeriarik urri.

Interakzioa zer den aspaldi asmatu zutenez, herri indigena gehienetan konbinatzen dira laboreak (artoa, garia, arroza, artatxikia, zekalea, oloa…) eta lekaleak (baba, babarruna, kakahuetea, soja…) landare proteina ugariko jangai digestonikoak osatzeko: era horretan, animaliazko elikagaien pareko oreka proteikoa eskaintzen duen jakiak moldatzen dira, animalia jangarri gutxi dagoenean edo bat ere ez dagoenean (okela, arraina, arrautzak, esnekiak), funtsezko aminoazidoen konbinazioa egitean bete – betean asmatu baitute sukaldari tradizionalek: arroza eta frijolak Ameriketan, kus – kus (gari irina) eta kakahuetea Afrikan, arroz eta soja Asian).

ELIKADURA SINKRETIKOA. Euskal herritar berri horiek, dena den, ezingo dute Lesakan eta Amurrion etxeko elikabidearekin segitu, moldatu, egokitu egin beharko dute: hemengo lanaldiak ordutegi berria aginduko die, hemengo ontzi eta tresneriak ez zaizkie baliagarri gertatuko etxeko prestaketak egiteko, hemengo azoketan ez dituzte bilatuko beren funtsezko jangaiak, seme – alabek ikastolako jantokian hemengo jangaiak kontsumitzen ikasi eta gurasoei irakatsiko diete… Hau da, integrazio prozesu gehienetan zerbait trukatzen dute bertakoak eta etorkinak. (Okerrena, Levy Strauss – ek zioen bezala, eman eta eman, eta trukatzeko zure ezer gabe geratu zarenean).

Eta, etorri berriak izaki, oraindik ez dakite guk sukaldaritzan nolako azturak ditugun, badakite etxeko kafea prestatzen baina ez hemengo erakoan, osagaiak nola erabiltzen ditugun, elikagai garestien pareko edo ordezko merkeen berri, etab.

Horrek, epe motzera, irtenbide bi izango ditu: era edo belaunaldi desberdinetako aurre – kuzinatuak (garbantzu egosi hutsak, kus – kus lurrindua, choucrut saltxitxekin, pizza, oilasko errea, barazki entsalada garbitu eta ebakita) kontsumitzea, batetik, eta pixkanaka hangoa eta hemengoa uztartzen hastea, sinkretismoan aritzea, bi kulturetako ezaugarriak bata bestearekin egokituz, bide honetatik patrika gutxiago estutu beharko dute eta. Sobratzen zaienarekin freskagarriak, txokolatezkoak, gozokiak eta opilak erosi ahal izango dituzte, etxean ez bezala. Onerako eta txarrerako, bizipozen gozamenerako eta kontsumismoaren mesedetarako. Zein erlijiok, kode zibil edo moralek ukatuko die, baina, horrelako plazer txiki bat, larrutik pagatu ondoren?

Azkenean, etorkinen presentzia sendoa denean, beraiek herrian kontsumitzen zutena ezarriko dute inportatzaileek gure dendetan, salgai. Lehengaiak eta produktuak ugaldu, biderkatu, egingo dira, orain arte biderkatu izan diren bezalatsu. Behin baino gehiagotan esana dugu gure jaki «nazional» asko (marmitakoa, babarrunak, kalderetea…) orain dela urte batzuk exotikoak izan zirela eta, lehenago, ezezagunak, ezinezkoak, Euskal Herrian tomatea, patata, piperra, kakaoa, azukrea, artoa eta beste makina bat ez zirelako.

Azken oldean hamaikatxo fruta, barazki, arrain, okela eta produktu kuzinatu sartu da gure baratzean, dendan eta gure etxeko hozkailuan, mende askotan iraun duen joera horri jarraipena emanez. Landarezkoetatik bakarren bat aipatuko dugu, hara: anana, anakardoa, arabarba, babakoa, banana arra, banbua, bergamota, feijoa, getozka, gonboa, guaiaba, karanbola, kardamomoa, kiwanoa, krosnea, kumkuata, lima, litxia, lotusa, mandioka, mangustana, mangoa, marakuia, mirtiloa, naxia, onddoa, pakana, papaia, ranbutana, salsifia, soja, tamarilloa, taroa, topinanburra, txaiotea, Txinako patata gozoa, txirimoia, zidra, adibidez.

Arrainen zerrendan oraindik ez dugu etorkinek eraginiko zapalpenik nabaritu, Euskal Herriko alderdi epel eta txiro honetan arrain mota asko (sei bat dozena) kontsumitu izan dugulako aspalditik; beste horrenbeste esan dezakegu kanpotik ekarri eta bertan ekoizten hasi berri diren hegazti (emua, ostruka, gineako oilanda) eta ugaztunez (oreina, bufaloa, etc.): bestelako irizpide batzuei men eginez ugaltzen direla, alegia.

PRODUKTUAK. Baina landutako kanpotar produktu ugari agertzen dira orain dendako bitrinetan. kus – kusa, , kebaba, gazta «berriak», tofua, harissa, hummus (garbantzu purea) tabbuleh… Mila.

Garbi dagoena, ordea, senak agintzen diguna da: oilaskoa eta irina ez da mundu osoko plater tipikoa. Multinazionalek egunero kontrakoa frogatu nahi badigute ere. Argi.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)