Zubirik zubi autodeterminazioaren alde

Berria, 28-10-2006

Arantza Urkaregi

Autodeterminazioaren aldeko ekimeneko kideak

Norbaitek irudika al lezake zubirik gabeko Bilbo? Ezinezkoa. Ezin izango genuke Zazpi Kaleetatik Abandora igaro, ezta Deustutik Olabeagara edo Errekaldera ere. Bilboko zubiak Ibaizabal zeharkatzeko ezinbesteko elementuak dira eta horrexegatik Bilbo hiriaren ezaugarri nabarmenak dira.

Zubiak, Ibaizabal bezalako naturak ezarritako oztopoak gainditzeko egitura sendoak dira, baina baita beharrezkoak ere oztopo artifizialak gainditzeko. Zubiak, hirigintzako elementuak izateaz gain, gizarte eta politika mailan dauden arazoei aurre egiteko beharrezko tresnak dira. Oztopoak gainditzeko tresnak.

Gure herriak duen etorkizuna erabakitzeko eskubidea onartzeari oztopo ugari jarri dizkiote historian zehar Espainia eta Frantziako Estatuak. Baina oztopo horiek gaindituz joan gara, egun bizi dugun bidegurutzera ailegatu arte.

Eta une honetan, Euskal Herriak eskenatoki demokratiko berria lortzeko atarian gaudenean, helburu hori lortzeko zabaldutako prozesu demokratikoari gero eta oztopo gehiago jartzen ari zaizkio PSOEko Gobernuaren aldetik. Azken hilabeteetan eraso errepresiboak areagotu egin dira, preso politikoen kontra hartutako Parot doktrina bezalako neurriak etengabe aplikatzen ari dira, Euskal Herriko eragileen artean osatu beharreko elkarrizketa – mahaia behin eta berriro atzeratzen dute… Eta aste honetan, Herriko Tabernen miaketa Guardia Zibila eta Ertzaintzaren eskutik, ezker abertzalearen kontrako prozesu judizialak aurrera jarraitzeko erabakia…

Baina erratuta daude, bide horietatik ez goaz inora eta euskal herritarron nahia isilarazteko bide antzuak dira. Euskal herritar gehienok konbentzituta gaude bake eta demokraziazko eskenatoki berria lortzeko aukera paregabearen aurrean gaudela. Eta aukera horretaz profitatu behar garela gure herriaren bake eta askatasun – nahiak asetzeko.

Eskenatoki demokratikoa erdiestea da Euskal Herrian abian jarri dugun prozesu politikoaren helmuga. Anoetako proposamenean zehaztu zen moduan, bi negoziazio – esparru egongo dira, biak ezinbestekoak. Gatazka politikoari irtenbide politikoa eman behar zaio, eta horretarako Euskal Herriko indar politiko guztien artean egin beharreko bazterketarik gabeko elkarrizketa eta negoziazioari bultzada eman behar diogu, Euskal Herriaren hitza eta erabakia errespetatzeko urratsak zehaztuko dituen akordioa lortzeko. Hain zuzen, horretan, autodeterminazio eskubidearen onarpenean baitatza abian jarritako prozesuak aurrera egin dezan askatu beharreko korapiloa.

Une honetan, inoiz baino beharrezkoa dugu gure herriak aurrera eraman nahi duen prozesu politikoari jartzen ari zaizkion oztopoak gainditzeko zubia eraikitzea, autodeterminazioa aldarrikatzen dugun bilbotarron uholdeak osaturiko zubia. Eta zubi hori eraikitzera goaz gaur Zubirik zubi ekimenaren bitartez.

Zazpi zubi aukeratu ditugu Euskal Herria osatzen duten zazpi herrialdeak ordezkatzeko. Zazpi zubiak lotuko ditugu, Euskal Herria osoari hitza eta erabakia aitortu behar zaizkiola aldarrikatzeko.

Zazpi zubiak oso ezberdinak dira, batzuk zaharragoak besteak modernoagoak, forma ezberdinak dituzte, harrizkoak zein metalezkoak, material ezberdinez egindakoak dira… zubiek beraiek Bilbon bertan, eta Euskal Herrian, dagoen aniztasuna islatzen dute. Eta aniztasun horretatik abiatzen gara gure herriak behar duen akordio zabala lortzeko. Gizon eta emakumeak, hemen jaioak eta beste herrialdeetatik etorritakoak, langileak eta langabezian daudenak edo merkatariak, euskaltzaleak, kultur herritarraren aldekoak… guztion artean Bilboko zazpi zubi (San Anton, Mesedetako, Areatza, Udaletxe, Zubizuri, Deustu eta Euskalduna) elkartuko ditugu autodeterminazio aldarrikapenaz, gure herriarentzako bake eta askatasuna lortzeko igarobidea izango den zubia eraikitzeko.

Indarrak bildu behar ditugu eraikuntza – lan horretan eta, hemendik, bilbotar guztiei luzatu nahi diegu gonbidapena, zubi hori eraikitzen parte har dezaten. Horretarako zita, gaur, larunbata, arratsaldeko 18:00etan daukagu jarrita.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)