Etorkin bulgariar eta errumaniarrei mugak jarriko dizkie Londresek

Berria, 25-10-2006

erredakzioa

Lan alorrean murrizketak ezarriko dizkie Erresuma Batuko gobernuak etorkin bulgariar eta errumaniarrei, atzo Barne ministro John Reidek jakitera eman zuenez. Bulgaria eta Errumania Europako Batasunari lotuko zaizkio heldu den urtarrilarren 1ean, eta aurreko hedapenetan ez bezala, Londresek orain ez du ate irekien politika gauzatuko.

Europako ekialdeko zortzi estatuk 2004an EBrekin bat egin zutenean ate irekien politika hartu zuen Londresek. Orduan Barne Ministerioak kalkulatu zuen urtean 15.000 etorkin joango zirela Erresuma Batura lan bila. Aitzitik, bi urtean 600.000 iritsi dira.

«Prozesu hau mailaka kudeatuko dugu, eta gure ekonomiaren beharren eta trebatutako esku lanaren eskasiaren arabera jokatuko dugu», adierazi zuen atzo Reidek.

TREBATU GABEKO LAN POSTUAK. Reiden esanetan, etorkin bulgariarrek eta errumaniarrek Erresuma Batuan hasieran hartu ahal izango dituzten trebatu gabeko lanpostuak elikagaien prozesatze eta nekazaritza alorretakoak izango dira. Beste industriek trebatu gabeko esku lana behar izanez gero, politika hori egokituko dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)