Mendebaldeko Saharan jazarpena areagotu du egunotan Marokok

Lurralde okupatuetan egoera kezkagarria da, eta sahararrak protestak egiten ari dira hiri nagusietan

Berria, 25-10-2006

erredakzioa

Marokoren menpe dagoen Mendebaldeko Saharako zatian pil-pilean dago egoera azken egunotan. Batetik, independentziaren eta nazio eskubideen aldeko Intifadak segitzen duelako, eta, bestetik, Marokoko Polizia erasoak gogortzen ari delako. Egoera goritzearekin zerikusia dute ere NBEren azken txostenak (joan den astean kaleratua) eta Hamdi Lembarki gazte sahararra Marokoko Poliziaren eskuetan hil zeneko (2005eko urriaren 30a) urtemugatik gertu egoteak.

Lurralde okupatuetako Fronte Polisarioak Mendebaldeko Saharako beste zati bat kontrolatzen du herritar sahararrak eskubide zibil, nazional zein giza eskubideen alde manifestazioak eta protestak egiten segitzen dute, eta Marokoko Poliziak bortitz egiten die aurre. Iturri sahararrek azaldu dutenez, Aaiun hiriburuan (Marokok okupatua) goi mailako hainbat bilera egin dituzte Marokoko agintariek. Besteak beste, Barne ministrorde Ali Elhema eta Armada, Jendarmeria zein Polizia eta Segurtasun Zibil eta Militarrerako departamenduetako buruzagiak izan dira horietan, egoerari nola aurre egin aztertzeko.

«Marokoko zapalkuntza gorputz ezberdinen eskutik jazarpen orokorra jasaten ari da populazio sahararra, nazioarteko behatzaileak bertan ez daudela aprobetxatuta», diote iturri independentistek. «Gazte taldeak beren lehen jomuga bilakatu dira. Helburua okupatutako hirietatik desagerraraztea da, gauero dozenaka atxiloketa eginda. Hauei mota guztietako torturak egiten dizkiete».

Giza eskubideen aldeko ekintzaileek hamaika tortura mota salatu dituzte: «Borra, makil eta bestelako objektuekin gorputzeko atalik sentiberenetan jotzen diete gazte sahararrei. Batzuk borrekin edota beste materialekin bortxatzen dituzte. Larrubizirik utzi ondoren, haien gainean pixa egiten dute poliziek. Gainera, torturatzaileen galderei erantzunarazteko edabeak ematen dizkiete; gero haien erruduntasuna lortzeko erabiltzen dituzte haien hitzak.

EGOERAK HOBEKUNTZARIK EZ. Zapalkuntzari aurre egiteko protestek gora egin dute azken egunotan. Hala, Aaiun hiriburuan ez ezik, Smara, Bojador, Dakhla, eta Tan-Tan hiri okupatuetan ere protesta ugari egin dituzte, hainbat auzotan.

Okupazioaren kontrako lelo eta kartelez gain, Mendebaldeko Sahararen banderak eta independentziaren aldeko oihuak izan dira sahararren protesta armak. Helduek eta gazteek, ikasle asko tartean, parte hartu dute manifestazio eta protestetan. Poliziak, aldiz, manifestari franko atxilotu ditu.

Gainera, Marokoko hegoaldean dagoen Mhamid el Gouslan hirian ia hilabete daramatzate hango herritarrek protestan, lanpostu duinen alde. Sahararrekiko elkartasuna ez da falta izan.

Mendebaldeko Saharako gatazkaren konponbidea ez atzera ez aurrera dago aspaldian, eta horrek sahararrengan eragindako frustrazioak borroka armatuari berriz ekitea ekar dezakeela ohartarazi zuen iragan astean NBEren idazkari nagusi Kofi Annanek, bere azken txostenean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)