Munduko kulturak oroitzapenean

Big Youth bakarlaria izango da aurtengo 'Sustraiez Blai' topaketetako izar nagusia urriaren 28an Ordizian

Berria, 24-10-2006

ekain rojo

Donostia

Sustraiez Blai Munduko Kulturen topaketek seigarren edizioa beteko dute aurten. Gipuzkoako Goierri eskualdean egin ohi dituzte elkartzeok 2001 urtean sortu zirenetik. Iaz Ormaiztegin izan ziren. Aurten, berriz, Ordizian atondu dute ekitaldi nagusia antolatzaileek, urriaren 28an. Musika emanaldi oparoa izango da larunbat gauean Jakintza ikastolan, Big Youth, Asian Dub Foundation Sound System, Zorabiok eta Javi Pez Dj taldeen babesean. Bakarlari jamaikarraren emanaldiak sortu du ikusmin handiena. Jamaikako musikaren ikur miretsia da Big Youth eta azken hilabeteotan haren agerpenak nahiko urriak izan dira, gainera. Reggae musikaren barruan estilo berritzailea du, estetikari dagokionez.

Zorabiok taldeak euskal dantzen eta capoeira-ren arteko nahasketa egin ohi du oholtza gainean. Nahiz eta bere emanaldia txalapartan oinarritzen den, doinu elektronikoak ere uztartzen ditu. Ekimenaren antolatzaile Josetxo Sastrek atzoko aurkezpenean oroitarazi zuenez, «oso emanaldi ikusgarria da, zortzi dantzari eta zortzi capoerista elkartzen baitira oholtza gainean une batzuetan». Horrez gain, Asian Dub Foundation taldea ere arituko da sound system eran. «Ez da taldearen zuzeneko eskaintza, bistan denez, eta DJ batek, hiru abeslarik eta musikari batek hartuko dute parte». Emankizunetan Londresko taldeak ukitzen ditu Ingalaterran ezartzen diren Indiako eta Pakistango etorkinen bizipenak. Hamar urte daramatzate disko zein emanaldi ikusgarriak egiten.

Javi Pez DJak biribilduko du kontzertu sorta, munduko musika eta doinu elektronikoak bat eginda. Emanaldiak ikusi ahal izateko txartelak 15 euro balioko du.

BI ASTE IRAUNGO DU PROGRAMAK. Nolanahi ere, topaketen eskaintza zabala atzo abiatu zen eta azaroaren 3a arte iraungo du. Dagoeneko zabalik dago hitzorduaren karietara prestatu duten Kaleen mintzoa argazki erakusketa. Ormaiztegiko Udaletxeko behealdean ikusi ahalko da goizez eta arratsaldez. Dizebi ezizena duen artista goierritarraren grafitiekin egindako 30 argazki biltzen ditu. Sastrek jakinari zuenez, eskualdean oso ezagunak dira Dizebik egindako grafitiak: «Hiriko esparrua alaitu ohi dute, irudiek azaltzen duten kolore sorta erakargarriekin». Europan ere hainbat erakusketetan hartu du parte Dizebik bere grafitiekin.

Urriaren 25ean, Agustin Unzurrunzaga SOS Arrazakeria taldeko kideak Emigratzea: oraina eta etorkizuna hitzaldia eskainiko du topaketen barruan. Ormaiztegiko Udaletxeko behealdean izango da, era berean, 19:30ean. Gaur egungo auziaren inguruan gogoeta pizteko datu eta irizpide interesgarriak plazaratuko ditu. Antolatzaileen esanetan, auzia ikuspegi baikorraz ukitzen ahaleginduko dira.

Urriaren 26an, Beasaingo Usurbe Antzokian Nomada Tx dokumentala eskainiko dute 21:00etatik aurrera. Raul de la Fuente zuzendariarekin batera, Igor Otxoa eta Harkaitz Martinez txalaparta jotzaileak izango dira aurkezpenean. Era honetara, dokumentalaz mintzatuko dira emanaldiaren aurretik. Egileen helburua izan da txalaparta kultura ezberdinen topaleku bilakatzea ekarpenean.

Urriaren 27an, Briganthya taldeak eskainiko du kontzertua, 22:30ean, Beasaingo Udaletxe plazan. Urtero ahalegintzen dira antolatzaileak egitarauaren barruan eskualdeko taldeei gonbita egiten, eta aurten doinu zeltiarrak jorratzen dituen Briganthya hautatu dute. Sastrek jakinarazi zuenez, «kritika onak hauteman baldin baditu ere, taldeak ez du oraindik merezitako onespenik lortu». Bi diskoren jabe badira dagoeneko, Ashera eta Viaje de bruxas izenekoak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)