Parisko aireportuko 43 langile kalera, muturreko islamista izatea egotzita

Berria, 24-10-2006

a. elizegi

Musulmanak izatea. Hori izan da Frantziako aireportuetan lan egiten zuten dozenaka pertsonak egindako delitua. «Nahiago dut auzitegi administratibo batekin lege arazoak izatea lan baimena ematerakoan zorrotzegia izateagatik, bigunegia izateagatik drama bati aurre egin behar izatea baino», esan zuen atzo Frantziako Barne ministro Nicolas Sarkozyk. Hala azaldu zuen «muturreko musulmanei» aireportuetako pistetarako eta eremu pribatuetarako sarrera debekatzeko erabakia. Horren ondorioz, lanik gabe geratu dira Parisko Roissy-Charles de Gaulle aireportuan maletak hegazkinetara eramaten eta haietatik jaisten lan egiten zuten 43 pertsona 70 sindikatuen arabera.

Barne ministroaren esanetan, langileak ez dituzte bidali itxurarengatik, sarrera debekatzeko arrazoi zehatzak zeudelako baizik. Harekin bat etorri zen Gobernuak Roissyn duen ordezkaria: adierazi zuen terrorismoaren kontrako Poliziaren frogetan oinarritu direla erabakia hartzerakoan. Duela sei hilabete inguru, Philippe de Villiers presidentetzarako hautagaiak salatu zuen «muturreko musulmanak» ari zirela lanean Frantziako aireportu nagusietan. Jean-Marie Le Pen eskuin muturreko buruzagiak, berriz, segurtasun neurriak arindu izana leporatu dio Frantziako Gobernuari.

Azken astean, Sarkozyk jakinarazi du eraikinen eta pertsonen kontrako erasoak ugaritu egin direla, baita bestelako liskarrak ere. Horri aurre egiteko, lehenago delitu batengatik atxilotu dituzten 16 eta 18 urte arteko gazteak berehala atxilotzea ahalbidetzen duen legea bultzatu du Barne ministroak.

MEZKITARA JOATEA DELITU. Langileen abokatuek salatu dute erlijioan, itxura fisikoan eta jatorrian oinarritu direla erabakia hartzerakoan. Sindikatuak ere haserre agertu dira: «Badirudi oporretara Pakistanera joatea susmagarria izateko arrazoia dela. Soilik musulmanak diren pertsonak ikertu dituzte». Poliziako iturrien arabera, aireportuko pistetara sartzeko debekua jaso dutenetako batzuk Pakistango trebatze eremuetan izan dira. Horretaz gain, ustez muturreko imamek zuzentzen dituzten mezkitetara joatea ere leporatzen diete.

FranTzIa GorI-GorI

2005eko urriaren 27a. Poliziengandik ihesi, bi gazte transformadore batean ezkutatu ziren Clichy-sous-Boisen. Elektrokutatuta hil ziren. Gauean 23 auto erre zituzten gazteek, protesta gisa.

2005eko azaroaren 17an. Protestek hiru aste iraun zuten, eta milaka ibilgailu eta eraikin erre zituzten. Atxilotuak bi milatik gora izan ziren, gehienak etorkinen seme-alabak eta bazter auzoetan bizi zirenak.

2005eko azaroaren 29an. Neurri errepresiboak iragarri zituen Gobernuak.

2006ko urriaren 22a. Autobus bat eta beste hiru ibilgailu erre zituzten gazte batzuek Grigny herrian.

IsTILuen onDorIoaK

9.021

Milaka ibilgailu erreta. Orotara, 9.021 ibilgailu erre zituzten, iazko urri eta azaro amaiera bitartean.

3.000tik gora atxilotu. Istiluetan 2.921 gazte atxilotu zituzten, eta haietatik 597 espetxeratu. Liskarrak amaitu ostean, beste 1.540 lagun atxilotu zituzten. Preso hartutakoak 650 izan ziren guztira.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)