Frantziako suteetatik urtebetera, dena berdin

Gazte talde batek autobus bat eta hiru auto erre ditu asteburuan; segurtasun neurriak handitu dituzte

Berria, 24-10-2006

arantxa elizegi

Ostiralean beteko da urtebete Frantzian istiluak piztu zirenetik. Iazko urriaren 27an, Poliziatik ihesi zihoazen bi gazte Clichy-sous-Boise herriko transformadore batean ezkutatu ziren. 13 urteko Zyed Benna eta 15eko Bounna Traore elektrokutatuta hil ziren. Poliziak ordubete geroago deitu zien suhiltzaileei. Gazteek segurtasun indarrei egotzi zizkieten heriotzak. Gau hartan, hogeitik gora ibilgailu erre zituzten. Istiluak Frantzia osora, Bretainiara eta Euskal Herrira zabaldu ziren. Hiru asteren ostean, egoera baretu egin zen, baina ez konpondu. Urtebete geroago, gauzak ez direla aldatu diote segurtasun indarrek.

Istiluen urteurrena gertu dagoela eta, segurtasun neurriak indartu egin dituzte bazter auzoetan. Hala ere, ezin izan dituzte asteburuko liskarrak saihestu. Gazte talde batek autobus bat geldiarazi, barruan zihoazen bidaiari eta gidariak jaitsarazi, eta ibilgailuari su eman zioten herenegun. Sutean beste hiru ibilgailu ere erre ziren. Iturri ofizialen arabera, suhiltzaileak iritsi zirenean gazteek harrika hartu zituzten. Hamahiru urteko gazte bat atxilotu zuen Poliziak, istiluetan parte hartu zuelakoan.

HITZAK BAI, ALDAKETARIK EZ. «Liskarrak eragin zituzten baldintza gehienak ez dira aldatu», dio segurtasun indarren txostenak. Bazter auzoetan izan ziren liskarrak duela urtebete. Etorkinen eta haien seme-alaben bizileku diren auzo horietan, langabezia tasa beste tokietan baino hiru aldiz handiagoa da. Horietako asko Gobernuaren laguntzei esker bizi dira, ezinezkoa zaielako lana aurkitzea.

Milaka atxiloturekin amaitu ziren liskarren ostean, immigrazioaren kontrako neurri gogorragoak iragarri zituen Frantziako Gobernuak. Besteak beste, paperik gabeko etorkinak kanporatzeko prozesua azkartzea, ezkontzaren bidez herritartasuna lortzeko epea luzatzea eta etorkinak «aukeratzeko» prozesua bultzatzea. Horretaz gain, Barne ministro Nicolas Sarkozyk proposatu zuen Poliziarekin elkarlanean arituko diren bizilagun taldeak sortzea, eta bazter auzoetan aritzen diren gaizkile taldeen kontrako politika gogortzea.

Neurriek, baina, arazoa okerragotzeko besterako ez dute balio izan. Frantzian 700 bat bazter auzo daude, non 4,5 milioi pertsona inguru bizi diren. Horietan langabezia tasak beste lekuetan baino bi edo hiru aldiz handiagoak dira. Adituek salatu dute eguneroko bizitzan Gobernuak ez duela etorkinen edo haien seme-alaben integrazioa bultzatzen, nahiz eta Frantziako herritarren guraso edo aitona-amonen %10 europarrak ez izan.

AUZOAK «GARBITZEKO» PREST. Liskarrak gori-gori zeudenean, bazter auzoak «zaborrez garbitzeko» prest zegoela iragarri zuen Sarkozyk. Horrek ez zuen egoera hobetu. Sindikatuek salatu zuten gizarte krisialdi bati ezin zaiola salbuespen egoera ezarriz erantzun: «Hurbileko Polizia kendu eta eguneroko bazterketa bultzatu dute, tolerantziarik eza aldarrikatuz».

Azaroaren erdialdean amaitutzat eman zituen Gobernuak liskarrak. Geroztik, baina, izan dira eraso gehiago. Orain, urtebete betetzear dagoenean, giroa berriz ere berotzen ari dela iragarri du Poliziak. Paris hiriburuaren inguruetan arazoak izango diren beldur dira segurtasun indarrak, han hil zirelako duela urte bat inguru bi adingabeak: «Hurrengo egunetan Clichy-sous-Boisen gertatzen dena erabakigarria izango da».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)