Biltzar Nagusiek Gasteizen jarri nahi dute gazte etorkinen etxea

Kanarietan dauden hamabi etorkin adingabe Gasteizen jasotzea onartu dute biltzarkideek

Berria, 26-09-2006

estitxu ugarte

Gasteiz

Araban, Gasteizen bai; Castillo – Sopeñan ez. Arabako Biltzar Nagusiek gehiengoz onartu dute Araban dauden adingabe atzerritarren egoitza Gasteizen zabaldu behar dela. Hala, Foru Aldundiak Castillo – Sopeña herrian kokatzeko aurkeztu zuen asmoa arbuiatu dute.

Izan ere, Arabako Foru Aldundiak adingabe atzerritarren egoitza Castillo – Sopeña herrian – – biztanle bakarra du – – kokatzeko asmoa iragarri zuela zuen abuztuan, eta sekulako ika – mika piztu zen. Erriberagoitiko Udalak eta Castillo – Sopeñako kontzejuak kontra bozkatu zuten, eta 300 laguneko manifestazioa egin zuten herrian egoitzaren kontra.

Halaber, herrialdeko talde politiko gehienek Castillo – Sopeñako aukera arbuiatu dute azken asteotan. Atzo goizean, Biltzar Nagusietan eginiko osoko bilkuran, PPri eginiko kritikak berretsi zituzten EAJk, EAk, PSE – EEk eta EB – Berdeek. Gainera, mozioa onartu zuten EAJk, EAk eta PSE – EEk egoitzak Gasteizen egon beharko lukeela aldarrikatuz. EB – Berdeak abstenitu egin ziren, tokirik egokiena teknikariek erabaki behar dutela uste dutelako.

Etorkinak arazo bihurtu nahi izatea leporatu zioten talde politiko guztiek PPri. «Adingabeen auziari aurre egiteko proiektu sendorik ez dagoenez, arazo bihurtzen duzue, eta ahalik eta urrunena eraman nahi dituzue», salatu zuen EB – Berdeen bozeramaile Arantza Basagoitik. Hitz horiek berretsi egin zituen PSE – EEko bozeramaile Txarli Prietok. Halaber, EAJk eta EAk adingabeak herri bakartu batera eraman nahi izatea gaitzetsi zuten; «Gasteizen gizarte zerbitzu eta hezkuntza aukera guztiak dituzte».

PPko bozeramaile Marta Moralesek kritikak arbuiatu zituen, eta erabaki politikoa baino gehiago erabaki teknikoa dela azaldu zuen. Castillo – Sopeña ingurune bakartua izateak lana inongo trabarik gabe egiten lagunduko duela adierazi zuen.

ETORKINAK JASOTZEKO ESKAERA. Biltzar Nagusien osoko bilkurak onartu egin zuen Kanarietan dauden hamabi etorkin adingabe Gasteizen jasotzeko eskaera egitea. EAJk, EAk eta PSE – EEk babestu zuten eskaera; PPk kontra egin zuen. EB abstenitu egin zen; ez zeuden ados etorkin kopuruarekin.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)