Hego Amerikako kulturei begiratzeko leihoa izanen da Miarritze astebetez

Latinoamerikako Zinemaren Miarritzeko Jaialdia gaur hasi eta igandean bururatuko da

Berria, 26-09-2006

nora Arbelbide

Baiona

Euskal Herrian ez dira jaialdiak eskas, ez. Eta aurten, gainera, bi daude aste berean. Donostiako Zinemaldiaren ondoan gaur hasiko baita Latinoamerikako Zinemaren Miarritzeko Jaialdia. Beti garai bertsuetan gertatzen dira, eta lau urtetarik behin aste berean egokitzen dira. Aurtengoa, ziklo horretan sartzen da. Beraz, gaur hasi eta igandea arte, Miarritze ere filmen erritmoan jarriko da.

Dena dela, antolatzaile lapurtarrek ikasia dute engoitik berena ongi saltzen. Bai, egia da biak zinema jaialdiak direla. Egia da zenbait film bi hirietan ikusten ahal dela ere. Baina Miarritzek bereziki saltzen duena da Hego Amerikako kulturetan bereizia dela. Hango herrietako arteak dastatzeko parada eman nahi du. Hasiz filmetatik, bistan dena, ehun bat film emanez ikustera, izan dadin film luze, labur edo dokumental. Beti saiatzen dira ahal bezainbat herri ordezkatzen. Film luzeen lehiaketan, preseski, Ekuadorko film bat (Victor Arregiren Cuando me toque a mí) eta Uruguaiko beste bat (Marcelo Bertalmioren Ruido) lehiatuko dira, aspaldiko partez. Beti Argentina, Mexiko eta Brasil baitira azkarrean.

Baina zinemaren ondoan, literatura, arte plastikoak, argazkigintza, janaria eta musikari ere leku bat emanen diete. Izan ere, Herriko Kasinoko plazan jartzen duten karpapeko gaualdiak famatuak bihurtuak dira engoitik, hango soinuak kitorik entzun daitezke bertan.

Funtsean, jaialdiaren bihotza herrixka hori dela erran daiteke, nolazpait. Han iraganen dira eguerdiro film egile edota idazle eta publikoaren artean gogoeta trukaketak. Horrez gain, han jarriko dituzte margo eta argazki erakusketak. Horien artean, Venezuelatik etorri Anabell Guerrero argazkilariak mugari buruz egin lana. Camille Fuzier txiletarraren Caleta Tortel izeneko argazki erakusketa zintzilikatuko duela, Molas izeneko oihalei buruz Colette Rousseriek egin lana ere bertan izanen da.

ALDAKETAK EGUTEGIAN. Aurreko urteei begira aldaketa handirik gabe jarraitzen du jaialdiak. Biga nabarmendu daitezke, halere. Gaur goizetik beretik hasiko direla filmak ematen. Nahiz eta irekitzea ofizialki arratsean eginen duten, zehazki 20:00etan Gare du Midin prestatu zeremoniarekin, goizeko 10:00etan zabalduko dituzte aretoak. Beste aldaketa amaierarena da. Zerratze gaualdia eta sari banaketa igande arratsalde da iraganen, hau da, 14:30ean, eta ez aitzineko urteetan bezala, larunbat arratsez.

Tarte horretan, Gare du Midiko Atalaya izeneko zinema gela, Le Royal, Mediateka eta Herriko Kasinoan aldizkatuko dira filmak eta mintzaldiak. Lehenak 10:00etan eta azkenak 20:00etatik 20:30era artean. Ostiralean, aldiz, film laburren inguruan 23:00etan abiatuko duten gaualdi berezi bat antolatuko dute. Goizaldeko 03:00ak arte nahi duenak jaialdiaren karietara erakustera eman dituzten film labur guztiak begiratzen ahalko ditu.

Azken gune bat aipatzekotan, Eugenia elizako kripta dago. Han David Solis panamar artistak Árboles y horizontes izeneko margo saila izango du ikusgai.

 

Informazio gehiago: www.festivaldebiarritz.com

 

 

HiTzorDu zenBaiT

Film dokumentalak Herriko Kasinoan daude ikusgai, lehiaketan parte hartzen duten filmak Gare du Midi aretoan eta gainerako filmak Le Royal zinema gelan. Horretaz gain, gauero kontzertuak iraganen dira Kasinoko plazan eman karpapean jarriko duten Herrixkan. Han izanen dira artistekilako hitz trukaketak ere. Jaialdia osoki jarraitzeko txartela 55 euroan da salgai (langabetu nahiz ikasleentzat, 30 euroan). Egun bateko ekitaldietarako sarrera: 12 euro; Royal eta Gare du Midikoa: 6 euro; Kasinokoa: 4euro; zabaltze eta amaiera ekitaldikoak: 10 euro.

Gaur

10:00 eta 13:00: ‘Corazón, Cien al este’, ‘Las armas’, ‘Entre luz y polvo’ (Ertamerika), lehiaketatik kanpo.

18:00: Eduardo Gonzalezen ‘Lecumberri’ (Mexiko) film dokumentala.

20:00: Jaialdiaren abiatze ofiziala. Celso Garciaren ‘La Leche y el agua’ (Mexiko) eta Juan Carlos Rulforen ‘En el hoyo’ (Mexiko) film laburren eta film luzeen lehiaketan hurrenez hurren.

23:00: Kubatik heldu den Tempo Forte musika taldea Herrixkan.

Bihar

20:30: Cristian Jimenezen ‘XX’ (Txile) eta Francisco J. Lombardiren ‘Mariposa Negra’ (Peru) lehiaketan

23:00: Brasilgo Dazaboumba musika taldea.

Osteguna

10:00 eta 14:30: Mexikoko zinema eskolari omenaldia Royal aretoan.

15:00 eta 20:30: ‘Candide 21 / # 01 Panama’ ikusgarria, film dokumentala eta antzerkia nahasten dituen lana, Colisee aretoan.

21:00. Zabumba – E Brasildik etorri musika taldea Herrixkan.

Ostirala

20:30: Francisco Vargasen ’El violín, (Mexiko), lehiaketatik kanpo.

20:30: Jorge Duranen ‘Proibido proibir’ (Brasil), lehiaketan.

23:00: Film laburren gaua Gare du Midin.

Larunbata

12:00: Kimuak ekimeneko eta Akitaniako filmak Royalen.

20:30: Adolfo Aristarainen ‘Tiempo de revancha’ (Argentina), Federico Luppi aktorearen omenaldian.

20:30: Damian Szifronen ‘Tiempo de valientes’ (Argentina), lehiaketan.

21:00: Brasildik Aline de Lima taldearen musikak.

Igandea

14:30: Jaialdiaren zerratzeko ekitaldia

18:00: Sarituen filmak hainbat aretotan. 20:30ean, esate baterako, Gare du Midin film luze hoberena ikustera emanen dute.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)