Hendaiako espainiarrak

Berria, 26-09-2006

lander garro

Zinemaldian immigrazioa gai nagusia izatea – – eta horri eskeinitako sail bat egotea – – ez da harritzekoa: kezkatuta gaude. Elkartasunak kezkatzen gaitu. Zer egin gaixoon alde? Beno, egin dezagun sail bat, eman ditzagun hamaika film, erakuts dezagun ez garela insensibleak eta otzanak, ez gaudela hilik.

Immigrazioaren gaia deigarria egiten zaigu, besteak beste gure erroak arakatzen hasi orduko giza mugimendu handietatik gatozela ikusten dugulako. Immigrazioa gizakiaren nortasunaren oinarri – oinarrian dago, funtsean, hedabideetan auzia zerbait berria bezala saldu arren.

Premia dugu, bestetik, etorkinak piztiak baina zerbait gehiago direla baieztatzeko. Elkartasuna eta beldurra nahasten ditugu: lagundu nahi genituzke, mehatxuaren zama arintzeko. Lo errazago egiteko. Gure gerra prebentiboa da elkartasuna.

Paradoxikoa da, Zinemaldian sailak eskaintzen dizkiegun bitartean, hirian immigranteek jasotzen duten tratua. Paradoxikoa da, gizarte honetan gauza serio guztiak bezala: paradoxikoa eta mingarria.

Paradoxez ari naizela, horra non agertzen zaidan Koldo Serraren The Backwoods filma. Oiartzungo eskualdean filmatu zuen, Artikutzan. Euskaldunontzako toki erosoa da Artikutza, ohiko apartheid linguistikoa zertxobait arintzen delako. Toki euskalduna da, inondik ere. Serrak bi hizkuntzatan jarri zituen pertsonaiak hizketan: gaztelaniaz eta ingelesez, Artikutzako baserritarrak barne. Bitxia da Goizueta inguruko baserritarrak gaztelaniaz entzutea. Zinema fantastikoaren mirariak dira. Garai batean Medemen Vacas – ekin gertatu zena datorkit burura, eta iaz Obaba – rekin gertatutakoa.

Serraren filma asteburuan txalo artean aurkeztu zen. Gure Orson txikiak ohiko grazia erakutsi zuen jendaurrean. «Norbait negarrez entzuten baduzue», bota zuen, «nire anaia da: emaiozue garondoko bat lasai», eta milaka ikusleek algarak eman zikioten zinemagileari bueltan, eskuzabal.

Filma hasi orduko, ordea, Hendaian (Lapurdin!) filmatutako plano eder batzuen ondoren, pantailaren behealdean, ohar hau agertzen da: «Norte de España». Oharra ikusita, ingelesezko itzulpena irakurri nuen, ondo ulertu ote nuen kezkatuta: «North of Spain». Albokoarengana jo nuen: «Hor behean Espainia jarri al dik?». «Halaxe duk, bai: Espainia jarri dik!».

Filmak, bestetik, hiriaren eta herrixkaren arteko kontrastea topiko guztiekin jorratzen du. Baserritarrak, gaztelaniaz jardun arren, aurre – gizonak dira. Noizbait gizon izateko proiektu, hain juxtu.

Ez nuen inor negarrez entzun, baina garondokoren bat ematekotan, ez niokeen, ez, anaiari emango.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)