Suitzan onartu diren immigrazio legeak EBn «legez kanpokoak» liratekeela esan du Bruselak

Immigrazio eta asilo legeak gogortzeko galdeketak sostengu zabala izan du; parte-hartzea txikia izan da

Berria, 26-09-2006

allande sokarros

Suitzan, herenegun, herri galdeketen bitartez onartutako asilo eta atzerri legeak gaur egungo Europako Batasunean «legez kanpokoak» liratekeela esan zuen atzo Europako Batzordeak. Legebiltzar federalak 2005. urteko abenduan bozkatutako legeak gehiengo zabalez sostengatu dituzte herritarrek eta, honezkero, nabarmen gogortuko dira asilo edo lan bila joandako atzerritarrei herrialdean ezarriko zaizkien arauak.

Asilo Legea moldatu duen legearen alde herri galdeketan botoa ematera joan zirenen %67,8 azaldu ziren. Atzerritarren lege berriari, berriz, boza eman zutenen %68k eman zioten baietza. Parte – hartzea, dena den, %48koa besterik ez da izan. Suitzako eskuineko alderdi politikoek baiezkoaren aldeko kanpaina egin zuten eta ezkerrekoek, zein giza – eskubideen defentsarako elkarteek, aldiz, ezezkoa ematearen aldekoa.

Asilo lege berriaren arabera, nortasun agiririk ez duten etorkin guztien eskaera guztiak errefusatuko dituzte. Europako Batzordeko Askatasunentzako Komisariatu Franco Frattiniren bozeramaile Friso Roscam Abbingek ohartarazi zuen irizpide hori legez kanpokoa litzatekeela gaur egungo Europako Batasunean: «Nortasun agiririk ez edukitzea ez da eskaera atzera botatzeko irizpide EBn. Suitzan onartuak izan diren arau hauek ez lirateke legez aplikatzen ahal EBko kide den herrialde batean». Kontua da, baina, Suitza ez dela gaur egun EBko kide.

«EGUN GOIBELA». Suitzako ezkerreko alderdi politiko eta giza eskubideen defentsarako elkarteek zein erlijio protestante, katoliko eta juduetako ordezkariek penatuta agertu ziren atzo erreferendumaren emaitzekin. Nazioarteko erakundeek ere deitoratu dituzte herri galdeketaren emaitzak «gizatasunaren ikurra den asilo emateko ohituraren» urraketa dela argudiatuz.

NBE Nazio Batuen Erakundeko Errefuxiatuentzako Goi Komisariatuak «atsekabea eta kezka» agertu zituen legeok «arrazistak eta xenofoboak» direla esanez. Amnesty International erakundeak gaitzespen gogorra egin zuen: «Suitzan, asilo eskubidearentzako egun goibela bezala gogoratuko da igande hau». Daniel Balomey Suitzan erakundeak duen ordezkariak «hertsigarritzat» jo zituen neurriak: «Azken hogei urteotan, asilo eskaerak inoiz baino urriagoak direnean, neurri hertsigarrienak ebatzi ditu Suitzak». Arbuiatuko dituzten eskariei eta hauen ondorioei zorrotz begiratuko dietela zehaztu zuen AIk.

 

LeGE BerrIen PunTu PoLemIKoaK

Ezkerreko alderdiek, giza eskubideen zaintzaileek eta erlijio ordezkariek bi legeetan gehien salatutako atalak hauek dira:

Asilo Legea

Nortasuna 48 ordu barru frogatu. Suitzan, errefuxiatu estatutua lortu nahiko duen eskari egile batek, bi egunbete barru, bere nortasuna frogatuko duen agiriren bat aurkeztu beharko du.

Giza laguntzarik gabe geratzea. Asilo eskaera onartzen ez zaienei berehala kenduko zaizkio ordura arte legez jasotzen zituen laguntza mota guztiak.

Zigorra errefuxiatuen laguntzaileei. Suitzako herritarren batek kanporatzeko agindua jaso duen etorkin bati aterpea emateagatik, epaitua eta bost urterako espetxe zigorrera eta 300.000 eurorako isunera kondenatuta izan daiteke.

Atzerri Legea

Europako herritarrei lehentasuna. Europako herrialdetako bizilagunei lehentasuna bermatzen diete arau berriek, bai lana lortzeko irizpideetan eta, baita ere, euren senitartekoak jasotzeko baldintzetan.

Etorkin trebatuei soilik ongietorria. Etorkin kalifikatuenak soilik onartuko dira, lanpostu baterako europarrik izan ezean.

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)