Ikasle etorkinen etenbako hazkundeak eraldaketa ekarriko du ikastetxeetara

Ikasle etorkinen gurasoek uste dute euskara eta euskal kultura ikastea garrantzitsua dela beren seme-alaben integrazioa errazteko

Berria, 08-09-2006

IGO ASTIZ

Iruñea

«Gizartea eskolara sartu behar da integrazioa eraginkorragoa izan dadin». Hori da Javier Moreno Ave Maria ikastetxeko zuzendariaren lan ardatza. Helburua, aldiz, berdintasuna bermatzea ikasleen artean. Bide horretan egindako lanagatik jaso zuen aurreko ikasturtean Espainiako Hezkuntza Ministerioaren lehen saria Ave Maria ikastetxeak eta baliteke ez bakarra izatea.

Ikastetxeko ikasleen %80 da etorkina edota gutxiengo etnikoren bateko kide.

%83a inguru. Hogeita bat herrialdetako ikasleak ditugu, eta, noski, herrialde horietako bakoitzak bere hezkuntza sistema berezia dauka, eta bakoitzak bere berezitasunak.

Ikasle talde heterogeneoa oso. Zaila behar du izan, denen beharrei behar bezala erantzutea.

Bide askotatik egin behar izaten dugu lan, eta hainbat proiektu prestatu behar izaten ditugu, horretarako. Ez dute ikastetxearen antolakuntzan soilik eragiten, baita bestelako alorretan ere. Eskolaz kanpoko jendeak laguntzen gaitu lan hori egiten, irakasleez gain. Gizartea eskolan sartu behar da, azken finean, integrazioa eraginkorragoa izan dadin. Integrazioa ez da, izan ere, eskolari soilik dagokion zerbait.

Zein dira programa horiek?.

Zazpi dira guztira. Hainbat kultura ezagutzeko egiten diren tailerrak dira haietako bat. Irakurketa bultzatzeko asmoa duena beste bat, eta auzoko jubilatu elkartearekin koodinatzen dena. Jubilatuek ipuin bat idazten dute, eta irakaslearekin ikasleen mailara egokitu ondoren, eskolara etorri eta irakurri egiten diete haurrei. Bi urte daramagu ekimen honekin, eta benetan oso polita da, gainera, auzoko aiton – amonen eta eskolako haurren artean hartu emana bultzatzen du. Etorri berri diren ikasleei ongi etorria egitekoa da beste bat. Hezkuntza sistema ezberdinetatik etorritako ikasleei laguntza klaseak ematen zaizkie, beste proiektu batean, eta baita etxean ikasteko giro egokia ez dutenentzat ikasgela bat eskaini ere, etxekolanak egiteko eta. Portugesa ikasteko ere badago beste bat. Eta, azkenik, Kultura arteko bizikidetza laguntzailearen programa izenekoa dugu.

Azaldu azken hori.

Ikastetxean sor litezkeen bizikidetza arazoei erantzun nahian sortu genuen. Hainbat ikasle txaleko hori batekin ateratzen dira jolastorduan, eta jendeak hori ikusita badaki bizikidetza laguntzaileak direla, eta haiengana jo dezakeela edozein arazo izanez gero. Bizikidetza laguntzaileek hitza dute arazook konpontzeko tresna bakarra. Oso esperientzia ona izan da, eta oso emaitza onak eman ditu.

Programa guztiei aurre egiteko irakasle mordoa beharko duzue.

Gure ikastetxeko egoerara moldatzeko dirua behar da, irakasleak behar dira. Egun, pozik gaude dugun irakasle kopuruarekin. Halere, batzuetan kosta egiten da instituzioak gurea bezalako ikastetxe batek duen diru behar handiagoaz kontzientziatzea, haiek zenbakiekin egin behar izaten baitute lan. Aurten jaso dugun saria laguntza handia izan da.

 

«Batzuetan kosta egiten da instituzioak gurea bezalako ikastetxe batek duen diru beharraz ohartaraztea»

 

 

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)