Kanarietan bost polizia zauritu dira etorkinekin izaniko liskarretan

Berria, 08-09-2006

erredakzioa

Espainiako Polizia Nazionaleko bost kide eta hainbat etorkin zauritu ziren atzo Fuerteventuran (Kanariar Uharteak), etorkinak hartzeko zentro batean.

Antza denez, etorkinetako batek birritan afaldu nahi zuen, eta hortik sortu zen liskar guztia. Polizaren arabera, langile bati oldartu egin zitzaion. Beste hainbat etorkinek «modu mehatxagarrian» inguratu omen zuten langilea. Orduan, zazpi polizia etorri eta liskarra hasi zen.

Inork ez du zauri larririk izan, «kolpe batzuk besterik ez, horren iskanbila handirako», adierazi dute poliziek. Eta gehiagotan gertatuko delakoan dira, egoerari ez bazaio irtenbiderik ematen: «Berriro gertatuko da, zentroak gero eta masifikatuagoak daudelako, eta aldiz, polizia gutxi dagoelako. Egunen batean, lehertu egingo da», ohartarazi du Agustin Brito Espainiako Poliziaren Konfederazioko eskualdeko idazkariak. Gaur egun, 14.000 etorkin daude El Matorral izeneko zentro horretan zortzi polizien zaintzapean. Britok «polizia gehiago» eskatu ditu.

Dena dela, polizia iturriek esan dutenez, etorkinek izaera «lasaia» dute eta ez dute «arazorik» sortzen: «Gertatu dena ez da ohikoa», diote, nahiz eta «hainbeste jende biltzean antzematen den bestelako giro bat».

EUROPATIK LAGUNTZA. Jose Manuel Durao Barroso Europako Batzordeko presidenteak estatu kideei immigrazioari aurre egiteko diru gehiago bideratzeko eskatu zien atzo. Espainiak egindako eskaera aintzat hartu zuen horrela. Arazoa «larria eta dramatikoa» dela esan zuen Barrosok. Atzo beste 292 etorkin iritsi ziren, lau txalupatan, Kanariar Uharteetara.

Luis Valcarcel Murtziako presidenteak, berriz, kontuak eskatu dizkio Espainiako Gobernuari Kanariar Uharteetatik hegazkin batean 75 etorkin heldu direlako aste honetan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)