New Orleansen arrazakeria auzitan

Iaz arte hiriko gehienak beltzak ziren, eta orain are gehiago baztertzen dituztela salatu dute hainbat ahotsek

Berria, 29-08-2006

j.m. sarasola

Katrina urakanak gehien astindutako hiria da New Orleans. Behiala esklaboen salerosketaren zentro garrantzitsua izandakoak beltza edo afroamerikarra zuen populazioaren gehiengoa iazko hondamendia gertatu arte. Gehiengo beltza eta alkate beltza izanagatik ere, ordea, beltzak ziren biztanlerik pobreenetako gehienak. Beltzak, hispanoak eta zuri pobreak, berriz, herritarrik baztertuenak. Orain ahots askok diote hondamendiaren ondorengo laguntza banaketan eta berreraikuntza planetan pobreak eta bereziki beltzak areago baztertzen ari direla.

«Arrazakeria oso gordina da hemen. Jendea haserre zegoen [Katrina-gatik] jendea hiltzen ari zelako, baina ez zen haserretu umeek [beltzek] ez zutelako hezkuntza duina, ez zeudelako etxebizitza duinak», salatu du Barbara Majorrek. Ray Nagin alkateak sortutako Bring New Orleans Back (Ekarri Bueltan New Orleans) batzordeko zuzendari izana da Major.

Tokiko nahiz Louisiana estatuko zenbait agintarik esan zuten ezingo zituztela New Orleanseko behereko eremu batzuk ekaitz eta urakanen aurrean babestu. Hortaz, hiriko auzo beltz asko berreraiki gabe uzteko asmoa zegoen. Piztutako eskandalua zela-eta berreraikuntza planak aldatu dituzte, baina pobreenek eta herritar beltz askok beren kabuz beren etxeak berreraikitzeko dirurik eta baliabiderik gabe segitzen dute. Tulane Unibertsitateko agintari Lance Hillen esanetan, berreraiketa planak hasi zirenean, alde eginiko oso beltz gutxi zeuden bueltan, eta ez zuten plan horietan parte hartzerik izan. «Susmo txarrekin hartu zituzten plan horiek».

New Orleanseko herritarren erdiak baino gehiagok AEBetako beste estatu batzuetan desplazatuta jarraitzen dute. Hala, behinola populazio beltzak bi heren osatzen bazituen, orain gehienbat zuria da hiria. «Beltzen alde egitea ospatu zuten batzuek», dio Loyola Unibertsitateko agintari Ted Quantek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)