Euskal Herriko Unibertsitatea: zaindu maite duzun hori

Berria, Gorka Moreno, 18-04-2024

Artikulu honi hasiera emateko nire biografiaren zertzelada batzuk eman nahiko nituzke, bertan azalduko dudana hobeto ulertzeko asmoarekin. Herri erdaldun batean hazi den familia etorkin eta langile bateko semea naiz. Bere sasoian, nahiko ikasle ona zena. Euskara, niretzat, soilik eskolan jasotzen nuen hizkuntza zen, nire maila traketsa nabaria zelarik. Horrela ailegatu nintzen unibertsitatera, Euskal Herriko Unibertsitatera hain zuzen ere.

Denok ondo dakigun bezala, Euskal Herriko Unibertsitatea unibertsitate publikoa da; beraz, guztiona eta denona. Guztion zergekin ordaintzen da, unibertsitatera datozenen edo lan egiten dugunon zergekin, baina baita unibertsitatera etortzen ez diren eta inoiz etorriko ez diren herritarren zergekin ere. Horrela izanik, euskal herritarrek pozik ordaintzen dituzte euren zergak kalitatezko unibertsitatea izateko, inkestek adierazten duten bezala. Gaur egun EHUko komunitateko kidea izanik, hau guztia ardura da, baina nagusiki, harrotasuna.

Esan gabe doa, unibertsitate publikoa existituko ez balitz, ez nuke gaur egun dudan ikasketa maila izango eta ez nituzke gaur egun ditudan aukera bital zein laboralak izango. Bekak existituko ez balira, gaur ez nuke ikasketa unibertsitariorik izango, eta nire adibidea ez dela salbuespena uste dut. Baliabide ekonomiko handirik izan ez duten familietan jaio garenok unibertsitate publikoei esker izan ditugu izan ditugun aukerak. Kasu honetan ere, ardura bat suposatzen du, baina nagusiki harrotasuna.

Hasieran aipatu dudan bezala, unibertsitatera ailegatu baino lehenago nire euskara maila ez zen ona, ez nuelako praktikatzen eta nire egunerokotasunetik urrun zegoelako. Unibertsitatean hasi nintzen euskara gero eta gehiago erabiltzen, bai klase barruan zein kanpoan, eta unibertsitatean sentitu eta izan dut euskara bidelagun.

EHUko espazioetan euskara entzuten da, gure gizartearen gainontzeko espazio gehienetan baino askoz gehiago, eta hau askotan ahaztu egiten zaigula iruditzen zait. Gaur egun, 50.000 pertsonak osatzen dugu EHU. Ba ote dago beste erakunderik non bere administrazio-kontseiluko —gurean Gobernu Kontseilua deiturikoa— hizkuntza nagusia euskara den? Gurean horrela da.

Euskara eta nire nortasuna ezin ditut ulertu unibertsitateari so egin gabe. Nire bizitza pertsonala zein laborala garatzeko gaitasuna euskarari eta gure unibertsitate publikoari esker lortu dut. Lorpen hau ez da soilik eta osoki unibertsitatearena, baina zati handi batean, bada: EHUrena eta horren testuinguruarena. Berriz ere, ardura datorkit gogora, baina gehienbat harrotasuna.

Hala, bada, EHU gabe ezin dut nire burua ulertu, ez nintzen naizena izango. Bizitza honetan aukerak izan ditut eta aukera horiek euskaraz bizi eta gozatu ahal izan ditut. Ez dut uste nire adibidea bakarra denik: asko eta asko gara unibertsitateari esker aurrera egin dugunok eta gure gurasoek baino aukera hobeak eta gehiago izan ditugunok. Zer izango nintzen EHUn ikasteko aukerarik izan ez banu?

Eta zu, irakurle, EHUn ikasi bazenuen edo ikasten bazaude, zer izango zinateke EHU gabe? Merezi du galdera horri erantzuten saiatzea.

Testuinguru honetan, azken galdera bat datorkit burura. Zer gertatuko litzateke EHU desagertuko balitz? Erantzuna agerikoa den arren, batzuetan pentsatzen dut agian merezi duela bi hilabetez bada ere desagertzea, egiten duen guztia estimatzeko, benetan balioesteko. EHUrekiko zorretan nagoelako eta era berean harro, abesti ezagunak dioen bezala, argi daukat: zaindu dezagun maite dugun hori.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)