36 migratzailerekin batera muga zeharkatu zutela jakinarazi dute

Gara, Maite UBIRIA BEAUMONT, 27-03-2024

Santiago zubitik metro gutxira eginiko agerraldian, hogei bat eragilek adierazpen baten bidez beren gain hartu zuten, atzo, joan den martxoaren 14an eginiko desobedientzia zibileko ekintza. Korrika bertatik pasatzen zela baliatuta, 36 bat migratzailerekin batera era seguruan pasatu zuten muga.

Korrikaren harira, joan den martxoaren 14an migratzaileei zubia igarotzen lagundu zieten eragileek agerraldia egin zuten, atzo, Irunen.
Korrikaren harira, joan den martxoaren 14an migratzaileei zubia igarotzen lagundu zieten eragileek agerraldia egin zuten, atzo, Irunen. (Maite UBIRIA)
ERAGILEAK
Eragile hauek hartu zuten beren gain ekintza: Artea sarea, Attac, Basoa, Berdeak, Bizi, Bidasoa Etorkinekin, Europa Ekologia-Berdeak, EH Bai, Ehun, Etorkinekin-Diakite, U.FSU, Gauche Ecosocialiste, Irungo Harrera Sarea, Frantzia Intsumisoa, Karabana EH, LAB, Ongi Etorri Errefuxiatuak, Solidaires, Steilas eta Xuti Gazte.
Santiago zubitik metro gutxira, Ficoba erakustazokaren atarian, agerraldi jendetsua egin zuten migratzaileen eskubideen alde etengabeko mobilizazioa daramaten 20 bat eragilek. Euskaraz, frantsesez eta gaztelaniaz, adierazpen bat irakurri zuten; besteak beste, azken urteetan migratzaileen eskubideak bermatze aldera eginiko lana oroitarazteko.

2022ko azaroaren 1ean Avenida zubia oztopatzen zuten burdin-hesiak kentzeko ekintza sinbolikoa burutu zuten, hain zuzen, atzoko prentsaurrekoan “Harrera Herri Harro” leloa zuen mahaiaren bestaldean azaldu ziren herritarrek.

Iazko uztailaren 22an, berriz, Behobiako zubian frantses Poliziak duen kontrol postua afixaz estali zuten, Parisko Gobernuari Europar Batasuneko muga hori ireki zezala galdetzeko. Mobilizazio horien ostean hainbat aldaketa izan badira ere, «etorkinak gero eta arrisku gehiago hartzera bultzatzen dituzten kontrol arrazistek» bere horretan jarraitzen dutela salatu dute.

BAIONA ARTEKO BIDEA.
Jakitera eman zutenez, pertsona guztientzat eskubide berak aldarrikatuz, joan den martxoaren 14an hainbat boluntariok 36 migratzailerekin zeharkatu zuten muga. «Desobedientzia zibileko ekintza horren bitartez, pertsona horiei Baionako bidea segurtatu genien, haien harrera bertan ziurtatuz», zehaztu zuten.

Ekintza horrekin «Europa Gotorlekuaren immigrazio politika errepresiboa» arbuiatu nahi izan zuten. Horrekin batera, «mugak behin betiko irekitzea eta bereziki Irun eta Hendaia artean dagoen zubia bezalako guztiak irekitzea» eskatu zuten.

«Inor ilegala ez denez» eta eta denok eskubide berak izan beharko genituzkeela sinetsita, immigrazio politikak «errotik aldatzea» eskatu zuten, hori gertatu arte «immigrazio politika gizatiarrago eta justuago baten alde» lanean jarraitzeko konpromisoa berrituz. Finean, agintariei galdetu zieten «ahalik eta baliabide gehien erabil ditzatela harrera baldintza duinak eta seguruak bermatzeko» pertsona migranteei.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)