Migrazioa

Arana klinikan errefuxiatuentzako zentroa nork eraikiko duen ebatzi dute

Migraziotarako Estatu Idazkaritzak Seranco enpresari eman dio lana; asmoa da 350 iheslariri harrera egiteko zentro bat eraikitzea

Berria, Arantxa Iraola, 06-07-2023

Seranco enpresak egingo ditu Gasteizko klinika zaharrean errefuxiatuentzako zentroa eraikitzeko lanak. Espainiako Gobernuak proposatutako proiektua da, 350 iheslariri harrera egiteko pentsatua. Migraziotarako Estatu Idazkaritzak ebatzi du obrak nork egingo dituen, eta hamalau milioi euroan egitea da asmoa.

Aurka mintzatu izan da EAJ, eta, polemika baretzeko ahaleginak egin badira ere, proiektua liskar iturri izan da PSE-EErekin dituen hartu-emanetan. EAJren antzera, beste talde politikoek ere kritikak egin dizkiote PSE-EEri egitasmoaren harira. Eta auzo elkarteen partetik-eta ere, aurkako mezuak izan dira. Errefuxiatuei harrera egiteko halako zentro handiak egokiak ote diren: hori da kezketako bat.

Otsailean onartu zen lizitazioa, lanentzako 14,6 milioi euro adjudikatuta. Hautatu duten enpresak diru gutxiagorengatik egingo dituela agindu du. Eman diren irizpideen arabera, lau hilabete izango ditu egitasmoa zer-nolakoa izango den erredaktatzeko, eta hamabi hilabete lanak egiteko.

Serancorekin batera, beste bi enpresak aurkeztu dute proiektua harrera zentroa egiteko. Obrak esleitzeko atera duen agirian, administrazioak nabarmendu du hautatutako enpresa egokitu dela ondoen ezarritako «irizpideetara». Onartu dute ekonomikoki oraindik ere apalagoa zela beste egitasmo bat, Amenabar eraikuntza enpresak aurkeztutakoa, baina esan dute ezarritako irizpideak ez zirela ondo betetzen egitasmo hartan, eta horregatik utzi zutela kanpoan. Aurkeztutako beste enpresa Zikoitz izan zen, baina garestiagoa zela zehaztu dute, eta egin den azterketan balorazio txarragoa lortu zuela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)