«Bostehun desagertu eragin dituen hondoratzea saihestu zitekeen»

Gara, GARA, 21-06-2023

Itsasora itzuli da Aita Mari ontzia. 2023. urteko bigarren irteera da urtarrilean 111 lagun erreskatatu zituztenetik, eta hamargarren misioa da Mediterraneoan erreskate lanak hasi zituztenetik. Azken hiru hilabeteetan mantenu lanetan egon ondoren, Castellongo Burrianako portutik irten zen ontzia pasa den larunbatean.
PUBLICIDAD

Isa Eguiguren ontzia kudeatzen duen Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeko kideak NAIZ Irratian baieztatu zuen «oraingoan ere, beti bezala» zailtasunak izan dituztela baimena jasotzeko: «Askotan gertatu da Aita Mari lehorrean egotea nahiz eta irteteko prest egon». «Burokrazia amaigabeen» atzean erabaki politikoak daudela salatu zuen: «ez dute nahi gu Mediterraneoan egotea, erreskate ontziak higatzeko helburua dute».

Aita Mari ontziari ireki zioten espediente baten berri eman zuten urtarrilean; espedienteak isuna zekarren. Errekurtsoa aurkeztu diote «zentzugabea» dela iritzita. «2020an Italiak salaketa jarri zigun gure lana zigortzeko eta gu beldurtzeko», azaldu zuen Eguigurenek. Egiten dizkieten ikuskapenen baitan ireki zieten espedientea, eta gai tekniko «oso arinak» izan ziren horretarako arrazoia. Kontu horiek konponduta, bizitzak erreskatatzen jarraitu dutela adierazi zuen Eguigurenek. Helegitearen erantzunaren zain daude orain.

Itsasoan erreskate lanetarako ezarriak dauden azken neurriak oso gogorrak direla azaldu zuen: «lege berri hauek heriotza gehiago eragingo dituzte». Izan ere, besteak beste, erreskate bat egin eta berehala portu batera joateko agindua dute une honetan ontziek, lagun gehiago salbatzeko lekua izan arren. Gainera, Eguigurenek salatu zuen, itsas legearen aurka, urrutiko portuetara joatea agintzen dietela eta horrek, bizirik irten direnen sufrimendua areagotzen duela.

Erreskate ontziak higatzeko asmo argia ikusten du Eguigurenek. Araudi berriak, gainera, erreskate ontziak jendea salbatu behar den guneetatik urruti mantentzen ditu denbora luzeagoz eta horrek heriotza kopurua areagotzen du. Pasa den astean hondoratu zen ontziari eta desagertuta dauden 500 lagunei dagokienez, «oso kolpe latza izan da», aitortu zuen Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko kideak. «Aita Mari prestatzen aritu eta hori entzutea oso gogorra izan zen».

Bere esanetan, tragedia hau saihestu ahal izana da garrantzitsuena, «Italia, Malta eta Greziari ontziaren kokapena jakinarazi zitzaien 10 ordu lehenago, erreskate operazioa martxan jar zitekeen».

Aldiz, ez zuten horrelakorik egin. Bizirik atera direnek salatu dute, gainera, kostazain greziarrek eragin zutela hondoratzea, ontzia Italiako uretara bidaltzen saiatzerakoan. Eguigurenek esan zuen jokabide hau ohikoa dela: «Greziak behin eta berriz deportatzen ditu paterak». Hala ere, bizirik ateratzen direnak Greziako Gobernuak Atenasko errefuxiatu esparru batean «giltzapetzen» ditu, «ez diete irteten uzten, kazetariekin hitz egitea debekatu diete eta mugikorrak kendu dizkiete». Jatorrizko herrialdeetan sufritzetik itsasoan bizitza arriskatzera igarotzen dira migratzaileak, eta «delitugileen pare tratatzen ditugu gero». Eguigurenek sinestezintzat jo zuen Europako gobernuek errealitate honen aurrean ezikusiarena egitea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)