Errefuxiatuentzat «diskriminaziorik gabeko harrera» aldarrikatu dute Bilbo, Gasteiz eta Iruñean

Antolatzaileen arabera, 300 pertsona inguru mobilizatu da Bilbon eta Gasteizen pertsona errefuxiatuen eskubideen alde. «Diskriminaziorik gabeko harrera» eskatu dute 30 erakunde inguruk deitutako mobilizazioetan. Greziako kostaldean hildakoak gogoan izan dituzte Iruñean.

Gara, NAIZ, 21-06-2023

«Diskriminaziorik gabeko harrera» eskatzeko, hainbat lagunek Errefuxiatuen Nazioarteko Eguneko mobilizazioetan parte hartu dute astearte honetan Bilbon eta Gasteizen.

Antolatzaileen arabera, 300 pertsona inguru mobilizatu da Bilbon eta Gasteizen pertsona errefuxiatuen eskubideen alde, 200 Bizkaiko hiriburuan eta 100 Arabakoan. Donostiaren txanda izango da asteazkenean: 12.00etan elkarretaratzea deitu dute Alderdi Ederren.
PUBLICIDAD

Mobilizazioen amaieran, 30 erakunde inguruk –tartean Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Zehar Errefuxiatuekin– sinatutako manifestuaren berri eman dute antolatzaileek. Testu honetan, salatu dute asilo-eskubidea «zalantzan» jartzen dela etengabe, eta duela urtebete Melillan gertatutakoa ekarri dute gogora. Dozenaka pertsona hil ziren hesia gurutzatu nahian eta «inork ez du erantzukizunik bere gain hartu», nabarmendu dute.

Mugen militarizazioak, migrazio mugimenduen kriminalizazioak eta kontrol sistemak gogortzeak hainbat pertsona ibilbide arriskutsuagoak hartzera behartzen dituztela ohartarazi dute erakundeek eta datuak eman dituzte: «Pertsona askok, gero eta gehiagok, ez dute iristea lortzen: 2020 eta 2022 artean 5.744 pertsona hil edo desagertu ziren Espainiako kostaldera iritsi nahian. Gaur, orain, hiltzen ari dira».

Bilboko manifestazioko irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Bilboko manifestazioko irudia. (Aritz LOIOLA/FOKU)
Gainera, Estatu espainiarrera iristea lortzen duten migranteek arazoak izaten dituzte asiloa eskuratzeko, esan dute. Zehazki, 2022an asilo-eskaeren %16,5 besterik ez zen esleitu.

«Egitura burokratiko horrekin, botere publikoek eta dinamika sozioekonomikoek herritartasun-izaera mugatzen diete gure auzokideei. Berdintasunezko gizarte justu eta kohesionatu bat eraikitzea zailtzen dute, trabak jarriz errolda, etxebizitza, enplegua, prestakuntza profesionala, prestazio sozialak… eskuratzeko», gaitzesi dute.

Bide seguruak eta asiloa

Manifestua sinatu duten 30 erakundeak eskaera batzuk adostu dituzte. Hasteko, errefuxiatuak, aberrigabeak eta migranteak Espainiara zein Euskal Herrira «bizitza arriskuan jarri gabe iritsi ahal izatea» bermatu behar dela iritzi diote eta, horretarako, «legezko bide seguruak» erraztu behar direla. Migranteak laguntzen dituzten itsas salbamendu humanitarioa eskaintzen duten pertsonen kontrako kriminalizazioa eten dadin ere eskatu dute.

Etortzen diren pertsonei –«jatorrizko herrialdea edozein dela ere», zehaztu dute– asilo-eskubidea bermatu behar zaiela aldarrikatu dute eta, hori egindakoan, harrera-sistemak ziurtatu behar direla nabarmentzen dute, «pertsona guztiei erantzungo dieten gizarteratze-prozesu eraginkorrekin eta etxegabetasuna eragotziz».

Bestalde, errefuxiatuek normaltasun osoz erroldatzea, etxebizitzarako sarbidea izatea, hezkuntza, osasun eta kultura arloko baliabideak eskuratzeko aukera izan behar dutela defendatu dute.

Beste hainbat eskaeren artean, bat nabarmendu dute antolatzaileek, zuzena eta tokikoa: Irungo lurreko muga-kontrolak etetea.

Kontzentrazioa Iruñean ere

Aipatu mobilizazioez gain, Iruñean ere elkarretaratzea egin dute elkarte hauek deituta: Migratuendako Informazio Gunea (MIG), Amnesty International, Elkarri Laguntza, CEAR, FAIN, Paris 365, Intermon Oxfam eta SOS Arrazakeria.

Elkarretaratzea Iruñean. (NAIZ)
«Pertsona guztiek bizitza duina» izateko eskubidea dutela nabarmendu dute, eta oso bereziki izan dituzte gogoan duela egun gutxi Greziako kostaldean hildako migratzaileak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)