«Mediterraneoan 500 desagertu eragin dituen hondoratzea saihestu zitekeen»

Mediterraneoan erreskate ontziak «higatzeko helburua» dagoenez, itsasoratzeko baimena jasotzeko zailtasunak izan ditu berriro Aita Marik, Isa Eguiguren Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko kideak baieztatu duenez. Azken hondoratzeaz, erreskate operazioa martxan jartzeko aukera egon zela baieztatu du.

Gara, NAIZ Irratia, 21-06-2023

Itsasora itzuli da Aita Mari ontzia. 2023. urteko bigarren irteera da, urtarrilean 111 lagun erreskatatu ostean, eta hamargarren misioa Mediterraneoan erreskate lanak hasi zituztenetik. Azken hiru hilabeteetan mantenu lanetan egon ostean Castellongo Burrianako portutik irten zen ontzia pasa den larunbatean. Isa Eguiguren Aita Mari ontzia kudeatzen duen Itsas Salbamendu Humanitarioa Gobernuz Kanpoko Erakundeko kideak NAIZ Irratian baieztatu du «oraingoan ere, beti bezala» zailtasunak izan dituztela itsasoratzeko baimena jasotzeko. «Askotan gertatu da Aita Mari lehorrean egotea nahiz eta irteteko prest egon, ontzia eta tripulazioa egoera onean egotea baina azken minutura arte ez jakitea irten ahalko dugun». Salatu du erabaki politikoak daudela «burokrazia amaigabeen» atzean, «ez dute nahi gu Mediterraneoan egotea, erreskate ontziak higatzeko helburua dute».

Aita Mari ontziari ireki zioten espediente baten berri eman zuten urtarrilean, besteak beste, isuna zekarrena. Errekurtsoa aurkeztu diote, «zentzugabea» dela iritzita. «Testuingurua ulertzeko, 2020ean Italiak salaketa jarri zigun gure lana zigortzeko eta gu beldurtzeko», azaldu du Eguigurenek. Erreskate lanak bertan behera utzi ditzaten egiten dizkieten ikuskapenen baitan ireki zieten espedientea eta gai tekniko «oso arinak» izan ziren arrazoia. Kontu horiek konponduta bizitzak erreskatatzen jarraitu dutela adierazi du Eguigurenek. Helegitearen erantzunaren zain daude orain.
PUBLICIDAD

Itsasoan bertan erreskate lanetarako ezarriak dauden azken neurriak oso gogorrak direla azaldu du, «lege berri hauek heriotza gehiago eragingo dituzte». Izan ere, besteak beste, erreskate bat egin eta berehala portu batera joateko agindua dute une honetan ontziek, oraindik lagun gehiago salbatzeko lekua izan arren. Gainera, Eguigurenek salatu du itsas legeak dioenaren aurka, portu urrunetara joatea agintzen dietela eta horrek, bizirk irten direnei sufrimendua areagotzeaz gain, erreskate eremuan ontzien presentzia gutxitzea dakarrenez heriotza gehiago eragiten dituela.

Duela egun batzuk Open Armsen ontziari jazotakoa adibidetzat jarri du. 127 pertsona erreskatatu zituen eta 4 nabigazio egunera dagoen portua esleitu dio Italiak, gertuen daukan portua baino hiru aldiz urrutiago dagoena, hain zuzen ere. Erreskate ontziak higatzeko asmo argia ikusten du Eguigurenek eta horrek sortzen duen sufrimendua azpimarratu du. Araudi berriak, gainera, erreskate ontziak jendea salbatu behar den guneetatik urruti mantentzen ditu denbora luzeagoz eta horrek heriotza kopurua areagotzen du.

Pasa den astean hondoratu zen ontziari eta desagertuta dauden 500 lagunei dagokienez, «oso kolpe latza izan da», aitortu du Itsas Salbamendu Humanitarioa GKEko kideak. «Aita Mari prestatzen aritu eta hori entzutea oso gogorra izan zen». Garrantzitsuena, bere esanetan, tragedia berri hau saihestu zitekeela da, «Italia, Malta eta Greziari ontziaren kokapena jakinarazi zitzaien 10 ordu lehenago, erreskate operazioa martxan jar zitekeen».

Aldiz, ez zuten horrelakorik egin. Bizirik atera direnek salatu dute, gainera, kostazain greziarrek eragin zutela hondoratzea, ontzia italiar uretara bidaltzen saiatzerakoan. Eguigurenek esan du jokabide hau ohikoa dela: «Greziak behin eta berriz deportatzen ditu paterak». Hala ere bizirik ateratzen direnak Greziako Gobernuak Atenaseko errefuxiatu esparru batean «giltzapetzen» ditu, «ez diete irteten uzten, kazetariekin hitz egitea debekatu diete eta mugikorrak kendu dizkiete».

Jatorrizko herrialdeetan sufritzetik itsasoan bizitza arriskatzera igarotzen dira pertsona migratzaileak eta «gero delinkuenteak balira bezala tratatzen ditugu». Eguigureni sinestezina iruditzen zaio Europako gobernuek errealitate honen aurrean ezikusiarena egitea.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)