Ikerketa batek zalantzan jarri du Greziako kostazainek hondoratzearen aferan emandako bertsioa

BBCren arabera, asteazken goizaldean iraulitako itsasontzia ez zen mugitu gutxienez azken zortzi orduetan; kostazainek, berriz, esan dute ordu horietan Italiara bidean zihoala. Gertakariarekin lotuta atxilotutako bederatzi pertsona fiskaltzaren aurrean deklaratzekoak dira bihar.

Berria, Mikel O. Iribar, 21-06-2023

Greziako Peloponesoko kostaldetik gertu zazpiehun bat migratzaile zeramatzan itsasontzi baten hondoratzearen harira, Greziako kostazainek zabaldutako bertsioa zalantzan jartzen duten frogak lortu ditu Erresuma Batuko BBC irrati telebista publikoak. Kaleratutako informazioaren arabera, txaluparen inguruan aurrez ibili ziren ontzi batzuen mugimenduek iradokitzen dute iraulitako arrantzontzia ez zela mugitu gutxienez azken zortzi orduetan. Kostazainek, berriz, diote ordu horietan itsasontzia Italiara bidera zihoala, eta bertan zihoazenek ez zutela erreskate laguntza eskatu, Atenasek «eskaini» arren.

Datu ofizialen arabera, 78 gorpu topatu dituzte, eta 104 lagun erreskatatu, baina NBE Nazio Batuen Erakundeak gogoratu du bostehun bat pertsona desagertuta daudela oraindik. Bide horretan, Greziako Gobernuak hondamendiaren inguruan izandako kudeaketa ikertzeko eskatu du NBEk, eta adierazi «arinago» jardun beharko zukeela erreskate operazio handi bat hasteko.

Greziako agintariek esan zutenez, ontzian zihoazen migratzaileek ez zuten laguntzarik eskatu, eta «ez zeuden arriskuan», harik eta txalupa irauli eta hondoratu zen arte. BBCk animazio informatiko bat lortu du, Marine Traffic itsas analisirako plataformak emandako jarraipen datuen inguruan; plataformak itsasontzien mugimenduak atzematen ditu.

Frontex Mugak eta Kostaldea Zaintzeko Europako Agentziak, asteartean 08:00ak aldera atzeman zuen lehendabizikoz migratzaileak zeramatzan ontzia, eta, segidan, Atenasi horren berri jakinarazi zion. Alarm Phone gobernuz kanpoko erakundeak, berriz, adierazi zuen dei bat jaso zuela egun horretan bertan, 12:17an, itsasontziaren egoera «larria» zela esanez. Hain justu, Erresuma Batuko hedabideak egiaztatutako bideoak eta argazkiak erabili ditu, bai eta erregistro judizialak ere, hurrengo orduetan iheslariz beteta zihoan txaluparen ingurumarian ibili ziren itsasontziek egindako mugimenduak aztertzeko.

Marine Trafficen animazioan, besteak beste, Lucky Sailor itsasontzia agertzen da; 15:00etan, norabidea iparralderantz zuzendu zuen. Lucky Sailor-eko armadoreak gertakariaren kontakizunaren berri eman zion BBCri, eta baieztatu kostazainek eskatu ziotela errefuxiatuen ontzira hurbiltzeko, ura eta janaria emateko.

Ordu erdi geroago, 15:35ean, kostazainen helikoptero batek migratzaileen ontzia atzeman zuen, eta une horretan «norabide finkoa» zuela esan zuen. Baina bi ordu eta erdi geroago, 18:00 aldera, beste ontzi bat, Faithful Warrior, iheslarien arrantzontzira hurbildu zen, eta elikagaiez hornitu zuen. Faithful Warrior-rek berak grabatutako irudiak eskuratu ditu BBCk, eta irudi horien arabera, hedabide britainiarrak egiaztatu du grabazioetan agertutako ontzia —geldirik dago— bat datorrela argazkietan ikusten den migratzaileen ontziaren formarekin, baita une horretan erregistratutako baldintza meteorologikoekin ere. Halere, BBCk ez daki irudi horiek zehazki noiz grabatu ziren.

Astearte iluntzean, 19:40 eta 22:40 artean, Greziako agintariek hasiera batean baieztatu zuten ontziak «norabide eta abiadura egonkorrak» zituela. Kostazainek egindako adierazpen hori, zehazki, ontziari «distantzia batetik» begiratzen ziotela baieztatu du BBCk. Jarraian, ostera, Atenasek kaleratutako lehen planoko irudi batek iradokitzen du migratzaileen txalupa ez zihoala inora.

Gobernuko bozeramaile batek geroago zehaztu zuen kostazainak ontzira igotzen saiatu zirela, 23:40an, arriskuaren egoera aztertzeko, baina, haren hitzetan, itsasontzian zihoazenek «txikota jaso zuten» —kostazainen ontziarekin lotuta zegoen—, eta «ez zuten laguntzarik nahi».

MarineTraffic-ek puntu zehatz batean bildu zuen itsasontzia hondoratu aurreko azken zazpi orduetako itsas jarduera guztia, eta, gisa horretara, BBCk ondorioztatu du migratzaileen ontzia ia ez zela mugitu ere egin. Mapan azaltzen denez, «itsas milia gutxi batzuk» besterik ez zituen egin, Mediterraneoko itsas zabalean espero daitezkeen haizete handiek eta olatuek eragindako kulunken ondorioz.

Denbora horretan guztian, Greziako agintariek berretsi zuten ontziak ez zuela arazorik eta «salbu» zihoala Italiara. Asteazkenean, 01:40an, ordea, kostazainek jakinarazi zuten ontzia geratu egin zela, eta migratzaileengana hurbiltzen hasi zirela, ontziarengandik «70 metrora» geratzeraino, kapitainaren esanetan. «Baina, bat-batean, ohartu nintzen ontzia alde batera eta bestera mugitzen hasi zela, bidaiarien artean zalaparta eta garrasi handiak entzuten ziren bitartean. Minutu bat baino gutxiagoan ontzia irauli egin zen». 01:40 aldera hondoratu zen ehunka iheslari zeramatzan arrantzontzia.

MarineTraffic-en irudiek erakusten dute zenbait itsasontzi hurbildu zirela hondoratzea jazo zen lekuaren ingurura; besteak beste, Celebrity Beyond. Ontzi horrek hondamendiaren ondorioak filmatu zituen, eta BBCri bidali zizkion gero. Erreskatatutako 104 iheslari salbu iritsi ziren Kalamatako (Grezia) portura; horietatik gehienak, Pakistangoak, Siriakoak, Afganistangoak eta Egiptokoak dira.

Hamar atxilotu, Pakistanen

Bien bitartean, Pakistango Kaxmir eskualdeko Poliziak hamar pertsona atxilotu zituen atzo, ustez Libiara hainbat pakistandar bidaltzeagatik, ondoren Europara bidaiatzeko. Agintariek zehaztu zuten bederatzi lagun atzeman zituztela Kaxmirren, eta bat Gujaraten.

Ikerketarekin lotuta, gainera, bihar dira Kalamatako fiskaltzaren aurrean deklaratzekoak joan den astean atxilotutako bederatzi lagun, hondoratutako arrantzontziarekin harremana dutelakoan; migratzaileen trafikoa eta «talde kriminal bateko» kide izatea egozten die, baita errefuxiatuen bizitzak «arriskuan» jarri izana ere. Atxilotutako bederatzi gizonek ukatu egin dute iheslarien trafikoaren sare bateko kide izatea, tokiko prentsaren arabera.

68 lagun erreskatatu dituzte

Beste operazio batean, atoiontzi batek gutxienez 68 migratzaile erreskatatu ditu gaur goizean, Greziako Leros uhartetik gertu. Tokiko hedabideek jasotako informazioaren arabera, iheslariek laguntza eskatu diote itsasontziari, larrialdietako telefonoaren bitartez. Guztiak egoera onean daude, baina Lerosko ospitale batera eraman dituzte.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)