Batik bat Latinoamerikakoak jardun dira euskara ikasten

Etorkinentzako Aisa programaren bitartez 32 ikasle-talde osatu ziren iaz

Diario Vasco, 19-07-2006

DONOSTIA. DV. 2005. urtean 325 ikasle aritu ziren Aisa harrera – – ikastaroetan. Etorkin taldeen beharrei egokitutako euskara – – ikastaroak dira Aisa programakoak, HABEk antolatuak, Etxebizitza eta Gizarte Gaietarako Saileko Inmigrazio Zuzendari – tzarekin lankidetzan. Guztira 32 ikastaro antolatu ziren iaz, 21 udalerritan, eta Latinoamerikakoak izan ziren ikasle gehienak, %66,7 hain zuzen ere.

Jakin aldizkariak Ikasle etorkinak eta euskara gaiaren inguruan osatu du ekaineko alea eta han azaltzen dira aipatutako datuak, HABEk berak emanak.

Lehendabiziko harrera – ikastaro pilotuak 2004an antolatu ziren bi txandatan, udaberrian eta udazkenean. Eskaintza hiriburuetan eta inmigrazio handia dagoen herrietan egin zen. «Emaitzak hala – moduzkoak izan ziren: bost talde lehendabiziko txandan eta lau udazkenekoan. Guztira: bederatzi talde eta 100 ikasle», dio HABEko Begoña Martinezek aldizkari horretan.

2005ean aldatu egin zen ikastaroak antolatzeko modua, eta, oro har, malgutasunez jokatu zen. Ikastaroa antolatu nahi zuen udalari edota euskaltegiari askatasun handiagoa eman zien HABEk. Eta ikastaroan derrigorrezko diren 60 orduak betetzeko ere malgutasun handiagoz jokatzen utzi zien HABEk. Astean sei ordu eman ordez, talde gehienek lau orduko erritmoa aukeratu zuten.

Iazko ikastaroetako ikasle gehienak latinoamerikarrak izan dira (%66,7). Eta nazionalitateak kontuan hartzen badira, kolonbiarrak (53 ikasle), boliviarrak (34) eta ekuadortarrak (34) dira nagusi. Ikasle afrikarrak %15,7 dira, eta marokoarrak dira gehiengo (25 ikasle). Europako beste herrialdeetako ikasleak, berriz, %12 dira, eta Asiakoak %4.

«Ebaluazioa positiboa da: oro har, Aisa programa esperientzia interesgarria eta aberasgarria dela diote parte – hartzaile gehienek», adierazi du HABEko Begoña Martinezek.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)