Jaurlaritzaren eta Bermeoko Udalaren sostengua izango du Lurre Hurre egitasmoak

PERTSONA MIGRANTEEN GIZARTERATZEKO EKIMENAK DIRULAGUNTZA JASOKO DU

Deia, IMANOL FRADUA / BERMEO , 26-11-2021

Herriko bolondres talde batek osatutako ekimena da Lurre Hurre, pertsona migranteei behar duten laguntza ematea helburu duena. Integraziorako bidea erreztea da elkartearen helmuga, Bermeon dauden migratzaileen ahalduntzea ahalbidetzeko, gizarteratzeko tresnak emateko. Eta etorkizunerako pauso garrantzitsua emango du egitasmoak, izan ere Eusko Jaurlaritzaren eta Bermeoko Udalaren sostengua izango du, bere zeregina sendotu ahal izateko. “Eusko Jaurlaritzaren Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Migrazio eta Asilo Zuzendaritzak 19.262,64 euroko dirulaguntza emango dio integrazio-proiektu honi”, Udaletik jakinarazi dutenez. Ekimenaren erroak indartzeko baliagarria izando da laister jasoko duen dirulaguntza. Xabier Legarreta Migrazio eta Asilo zuzendariak proiektu hau gertutik ezagutzeko aukera izan du gaur goizean, bai ekimenaren arduradunen eta baita Bermeoko alkate Aritz Abaroaren eskutik.

Lurre Hurre delako proiektuak bere gune nagusi du Almika auzunea. Eta atzo izan ziren Abaroa eta Legarreta bertatik bertara ekimenaren nondik norakoei buruzko informazio zuzena jasotzen. Abaroaren esanetan, “proiektua sortu zenetik Bermeoko Udalak laguntzeko borondatea agertu du”, Hala izan da azken urteotan. “Gaur –atzo jardunaldiagaitik– beste pausu bat ematen dugu. Izan ere, Eusko Jaurlari-tzak dirulaguntza hauek udalei ematen dizkie zuzenean integraziorako proiektuak sustatzeko”, jakinarazi dutenez. “Eta aukera ikusi genuenean Lurre Hurrerekin batera eskaria egin genuen. Eta uste dugu laguntza honi esker proiektuak bultzada handia jasoko duela”.

Aldez aurretik ere, Bermeoko Udalaren laguntza jaso dute ekimeneko arduradunek. Zehazki, toki administrazioa “2020an hasi zan ‘Lurre Hurre’ proiektuarekin kolaboratzen”, zeregin honetan “Almika auzoko udal jabetzako zenbait lur proiektura bideratuz. Aurten, 2021ean, lur hauek proiektura bideratzeaz gain, udalak proiektuaren bideragarritasuna bermatze aldera 6.000 euroko ekarpen ekonomikoa esleitu zion”, gogorarazi dute.

EKIMENAREN SUSTRAIAK

Egitasmoari 2020. urtean ekin zioten. “2020. urtean abiatu zen ‘Lurre Hurre’ proiektuaren helburu nagusiak dira bertoko baloreetan oinarrituz,pertsona migranteei laguntza integrala ematea, ahalduntzea, gizartean integratzen laguntzea eta herriko nekazaritza ekologikoa sustatzea”. Hala ere, pertsona migratzaileei sostengua emateko proposamenean, beste hainbat lan egiten dituzte. “Sakonago azalduta,pertsona migranteen –beraien egoera erregularizatu arte– oinarrizko beharrei estaldura eman, segizioa eman, eta integrazioa lortzeko ahaldundu nahi zaie, nekazaritzak beharrezkoa duen bultzadarekin uztartuta”. Honela, sistematik kanpo dauden pertsona hauei “gizarteratzeko tresnak ematen zaizkien bitartean, herriko nekazaritza ekologikoa ere sustatzen da”. Ingurumenarekiko lotura adierazgarria da. “Beraz, proiektuaren gizarte-arlo nagusiak, integrazio eta kulturarteotasunarekin eta gizarteratzearekin lotuko lirateke”.

Hala ere, Lurre Hurre proiektuak etorkizunerako baditu zenbait beharrizan. Eta dituen gabezia hauek estaltzeko erabiliko dute jasoko duten dirulaguntza. Hala zehaztu dute Udaleko bozeramaileek. “Dirulaguntza honen bidez, proiektuan parte hartzen duten pertsonen etxebizitza gastuei, formakuntza beken gastuei, integraziora bideratutako ekintzen gastuei eta nekazal jarduera garatzeko beharrezko baliabideen gastuei aurre egin nahi zaie neurri batean”.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)