Europako Batasuna

Europaren defentsa sistema indartzeko beharra nabarmendu du Von der Leyenek

Batasunaren egoeraz egindako hitzaldi batean, Europako Batzordeko presidenteak nabarmendu du beharrezkoa dela migrazioen gaineko itun bat egitea eta garrantzitsua dela isuriak murrizteko prozedurak zehaztea. Urte bukaerarako indarkeria matxistaren aurkako zuzentarau bat aurkeztuko dutela iragarri du.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 15-09-2021

Ahoz aho zebilena berretsi du Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek, hau da, defentsan urratsak egingo dituela EB Europako Batasunak, eta iragarri du ezen datorren urtearen lehen erdian, Frantziak EBko presidentetza hartzen duenean, gaiari buruzko goi bilera egingo dutela estatu kideek. Von der Leyenen esanetan, Afganistango gertaerek argi utzi dute Europak urrats bat gehiago egin behar duela defentsan, baina NATO Ipar Atlantikoko Itunaren Erakundearekiko elkarlana alde batera utzi gabe: «Ez dago segurtasun edo defentsarekin lotutako auzirik elkarlan gutxiagorekin konpontzen denik. Horregatik, urtea amaitu baino lehen EBren eta NATOren arteko adierazpen bateratua egingo dugu».

Defentsari dagokionez, baina, EBk «gehiago» egin beharko lukeela iritzi dio Batzordeko buruak, eta hiru helburu argi jarri ditu: EBren mugen barruan eta estatu kideetan «egonkortasuna» bermatzea; zibersegurtasunean lidergoa eskuratzea; eta NATO edo NBE Nazio Batuen Erakundeak parte hartuko ez duen misioetan, segurtasuna bermatzea. «Europak beste inork baino hobeto daki atzerriko krisiak garaiz konpondu ezean krisiak zu harrapatzen zaituela. Baina dagoeneko ez dituzu behar misilak edo armadak kalte handiak eragiteko. Industria eta erietxeak geldiarazi zenitzake zure ordenagailu eramangarriarekin, edo hauteskundeetan esku hartu telefono batekin eta Interneterako sarbidearekin», adierazi du Von der Leyenek. Batzordeko buruak onartu du azken asteetan eztabaida asko izan direla EBk beharko lukeen indar militar motaren inguruan, baina zehaztu du alferrik dela munduko armadarik aurreratuena izatea hura erabiltzeko prest egon ezean, eta hari zer-nolako erabilera eman jakin ezean.

Erabakiak hartzeko, hala ere, beharrezkoa da informazioa, eta hura partekatzeko garaian EBk huts egin dutela kritikatu du: «Ez gara inora helduko eskualde bereko estatu kideek ez badute euren informazioa partekatzen. Hobetu egin behar dugu informazioa elkarbanatzeko lanetan. Informazio hori erabakiak hartzeko baliatu genezake, baina soilik argazki osoa eskuratzen badugu». Bildutako datu horiek guztiak kudeatzeko elkarreragina hobetu beharra dagoela iritzi dio Von der Leyenek, eta horretarako inbersioak iragarri ditu Europako plataformetan, hasi gerrarako hegazkinetatik eta droneetaraino. Horrez gain, ziberdefentsarako politiken beharra ere nabarmendu du.

Bestelako lehentasunak ere ezarri ditu Europako Batzordeko presidenteak, eta horietako bat izan da 2015eko migratzaileen krisiaren antzekorik ez gertatzea. Von der Leyenek gogoan izan ditu Afganistango herritarrak, eta aipamen berezia egin die justizian lan egin duten emakumeei, zeintzuek ezkutatu egin behar izan duten espetxera bidali zituzten gizonengandik ihesi. Baina ez du mahai gainean jarri ihesean joandako afganiarrak Europan hartzeko aukera; ordea, berretsi du ehun milioiko laguntza emango diotela Afganistani eta haren mugakide diren estatuei, ihesean doazenei lagun diezaieten. Egitasmoa datozen asteetan aurkeztuko du Bruselak.

Migrazioetarako akordio baten beharra era azpimarratu du, ordea, EBko buruzagia. Kritiko, oso kritiko agertu da estatu kideekin hitzarmen bat lortzeko pausoak motelak, «motelegiak» izan direlako. Bide beretik, egotzi dio Bielorrusiako Gobernuari jendea hegazkinetan sartu eta EBko mugara eraman izana, eta salatu du onartezina dela halakorik gertatzea. «Europa ezegonkortzeko eraso hibrido bat izan da. Baina kezkagarriena zera da, halako gertakariak ez direla bakanak. Antzekoak ikusi ditugu beste muga batzuetan, eta berriz halakoak ikusiko ditugu beharbada. Horregatik, bideak aurkitu behar ditugu eraso horiei aurre egin eta gure kanpo mugak babesteko. Baina migrazioa kudeatzeko jarrera komun at aurkitzen ez dugun bitartean, gure etsaiek aurka egiten jarraituko dute».

Pandemia

COVID-19ak eragindako osasun krisian izandako jarrera txalotu egin du Von der Leyenek, eta nabarmendu EBko helduen %70ek dagoeneko hartua duela koronabirusaren aurkako txertoa: «700 milioi dosi banatu ditugu estatu kideetako herritarren artean, eta beste hainbeste bidali ditugu beste 130 herrialdeetara. Hori lortu duen eskualde bakarra gara». Baina buruzagiak ohartarazi du pandemia ez dela esprint bat, maratoi bat baizik, eta beharrezkoa dela txertaketak azkartzea, bai EBn, baita irabazi gutxiagoko herrialdeetan ere. Bigarren helburu hori lortzeko, iragarri du 200 milioi dosi gehiago bidaliko dituztela horietara datorren urteko ekainerako.

Dena den, bestelako asmoak ere iragarri dituzte Bruselan, eta horietako bat izan da indarkeria matxistaren aurkako zuzentarau bat bultzatzea aurtengo urtea amaitu baino lehen. Arauak helburua izango luke tratu txarrak salatu dituztenen babesa hobetzea eta erasotzaileak auzipetzen direla bermatzea. «Beldurrik gabe bizitzea ere askatasuna da, eta, tamalez, pandemia hasiz geroztik askok ez dute askatasun hori izan». Von der Leyenek, baina, ez du zuzentarauari buruzko bestelako xehetasunik eman.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)