COVID-19agatik mugak itxi arren, iheslari kopurua handitu egin da

«Desplazatzera behartuak» izan diren 82,4 milioi lagun daude, UNHCR-ren arabera; inoizko kopururik handiena da. Baliteke klima aldaketak eta finantza krisiek egoera betikotzea

Berria, Iosu Alberdi, 19-06-2021

Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariaren (UNHCR) arabera, iheslari eta barne desplazatu kopuruak gora egin zuen iaz, bederatzigarren urtez jarraian. 2020an, 82,4 milioi lagun bizi ziren beren etxetik ihes eginda, gerren, indarkeriaren eta giza eskubideen urraketen ondorioz. Agentziako buru Filippo Grandik adierazi du egoera inoizko okerrena dela, eta esku hartzeko exijitu die buruzagi politikoei.
Zehazki, %4 handitu zen iheslari eta desplazatu kopurua iaz, agentziaren arabera. Azken urteetako igoeraren adierazgarri da, ordea, beste alderaketa hau: 2011tik bikoiztu egin da kopurua, munduko herritarren %1 «desplazatu behartuak» izateraino. Beraz, COVID-19aren pandemiak ez du goranzko joera eten, nahiz eta joan-etorriak eten eta muga ugari itxi. «[Datua] oso esanguratsua da, 2020. urteaz ari baikara; COVID-19aren urteaz, mugitu ez ginen urteaz, konfinatuta egon ginenaz. Halere, hiru milioi lagun gehiago diskriminaziotik, jazarpenetik eta bestelako indarkerietatik ihes egitera behartuak izan dira», azaldu du Grandik.
NBEren menpeko agentziak hirutan banatu du kopuru hori. Batetik, adierazi du 20,7 milioi errefuxiatu daudela munduan. Bostetik lau herrialde hauetakoak dira: Siria (6,7 milioi), Venezuela (lau milioi, baina gehienak ez dira iheslariak, «atzerrira desplazatuak» baizik), Afganistan (2,6 milioi), Hego Sudan (2,2 milioi) eta Myanmar (1,1 milioi). Zenbaketa horri, gainera, palestinar jatorriko 5,7 milioi errefuxiatu gehitu behar zaizkio, UNWRA Ekialde Hurbileko Palestinar Iheslariei Laguntzeko Agentziaren pean daudenak.
Iheslari gehienak (%73) beren jatorrizko herrialdeekin muga egiten duten lurraldeetan kokatu ohi dira. Hala, herritar gehien jaso dituzten herrialdeak Turkia (3,7 milioi), Kolonbia (1,7 milioi, baina ez dira errefuxiatuak, Venezuelatik desplazatutakoak baizik), Pakistan (1,4 milioi) eta Uganda (1,4 milioi) dira. Haien atzetik agertzen da gatazka guneetatik aparte dagoen lehen herrialdea, Alemania (1,2 milioi).
Errefuxiatu kopuruaren bikoitza inguru da barne desplazatuena: 48 milioi inguru. Horiek 2019an baino 2,3 milioi gehiago dira orain, batez ere, Tigrayko (Etiopia) gatazka armatuen eta Sudango eta Somaliako egoeren ondorioz. Halere, herrialde ugari azken hamarkadetako barne gatazkei buelta eman ezinda daude oraindik ere. Hala, Kolonbia da barne desplazatu gehien dituen herrialdea: 8,3 milioi inguru. Atzetik daude Siria (6,7 milioi), Kongoko Errepublika Demokratikoa (5,2 milioi), Yemen (4 milioi) eta Somalia (3 milioi). Kopuru horietatik urrun egon arren, nabarmen gora egin du desplazatu kopuruak Erdialdeko Amerikan ere. Agentziaren esanetan, nagusiki, El Salvadorren, Guatemalan eta Hondurasen igarri da gorakada. Horietan, 867.000 lagunek utzi dute beren etxea, askok AEBetara iristeko helburuarekin.
UNHCRk zenbatutako azken multzoa asilo eskatzaileek osatzen dute. Agentziaren arabera, 4,1 milioi lagun daude hartu dituen herrialdeen erantzun bat jasotzeko esperoan. Kopurua 2019koaren antzekoa da, baina eskaera berriek nabarmen egin zuten behera: %43. Hala, 2020an 1,3 milioi asilo eskaera egin ziren mundu osoan. Era berean, 34.400 lagunek besterik ez zuten lortu eskakizuna eginiko herrialdean lekukotzea. Kopuru hori azken bi hamarkadetako txikiena da.
Jaitsiera horren atzean munduko 160 herrialdek beren mugak itxi izana dago. Horietatik 99k, gainera, ez zuten salbuespenik egin babesa eskatzen zuten herritarrekin, ez behintzat hasieran. Halere, agentziak uste du egoerak hobera egin duela, muga kontroletan osasun probak eta berrogeialdiak ezarri izanaren ondorioz.

Itzulerak, beherantz
Agentziaren arabera, 3,2 milioi barne desplazatu eta 251.000 iheslari besterik ez ziren itzuli beren etxera. Atzerapauso baten erakusle dira kopuru horiek, aurreko urtekoak baino %40 eta %21 txikiagoak baitira, hurrenez hurren. Egoera irauli beharra dago, beraz, agentziaren arabera. Horretarako, Grandik esku hartzeko eskatu die nazioarteko potentzia nagusiei: «Konponbiderako, beharrezkoa da munduko liderrek eta eragiteko ahalmena duten pertsonek beren ezberdintasunak albo batera uztea eta ikuspegi politiko egoistak baztertzea». Haren esanetan, ezinbestekoa da «bakea, egonkortasuna, eta kooperazioa indartzeko» lan egitea. Izan ere, agentziako buruaren hitzetan, kasu bakoitzaren atzean «desplazamendu, deserrotze eta sufrimendu istorio bat» dago, ez pandemiak, ez su-eten eskaerek gerarazi ez dutena.
Askotan, beren etxera itzultzeko aukerak oso murritzak dira iheslarientzat. Hala, 1951ko Errefuxiatuen Estatutuen inguruko Hitzarmenak eta Errefuxiatuen inguruko Munduko Itunak desplazatuentzako marko legal bat eta erresoluziorako tresnak eman arren, «borondate politikoa ezinbestekoa da ihes egitera behartzen duten gatazkei eta jazarpenei amaiera emateko», berretsi du Grandik.
Erakundeak, baina, ez du uste arazoa luze gabe konponduko denik. Azaldu du litekeena dela datozen urteetan egoerak okerrera egitea, klima aldaketak hainbat eremutan eragindako goseteak direla medio. Horri Munduko Bankuaren datuak gehitu behar zaizkio: hark argitaratu du COVID-19aren eraginek 119 milioira areagotu dutela «muturreko pobrezian» daudenen kopurua.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)