Euskara

Euskal Herrira etorri berrien harrera ‘Arnasa Gara’ kanpainako hirugarren elkarrizketa digitalean

Sambou Diaby antzezle eta modelo zumaiarrari egingo diote hirugarren elkarrizketa, eta ‘Ongi etorri euskararen herrira’ ikus-entzunezkoaren inguruan jardungo dute zuzenekoan.

Berria, Berria, 07-04-2021

Euskal Herrira etorri berrienganako aurreiritziei, hizkuntzaren aldagaia kontuan hartuta haiei egin ohi zaien harrerari eta aurreiritzi horien eraginez erdaretara jotzeko inertziari buruz hausnartzeko parada izango da Arnasa Gara kanpainaren barruan egingo duten hirugarren elkarrizketa digitalean. Bihar izango da zuzeneko elkarrizketa, eta Sambou Diaby antzezle eta modelo zumaiarrarekin jardungo dira solasean, Ongi etorri euskararen herrira ikus-entzunezko pilula hizpide. Arratsaldean izango da elkarrizketa, 17:00etan, eta BERRIAren Instagram kontuan ikusi ahalko da zuzenean.

Duela zenbait aste aurkeztu zuten kanpaina, UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta Nafarroako Gobernuaren artean, eta udalerri euskaldunetako eta euskararen arnasguneetako testuinguru ugariak zein diren xehatzea du helburu. Hiru Damatxo ekoiztetxeak ekoitzitako zortzi ikus-entzunezko dira kanpainaren ardatza, eta bideo horietako bakoitzean udalerri euskaldunetan ohikoak diren zenbait testuinguru ikus daitezke. Bideo horien inguruan solastatzeko eta hausnartzeko, berriz, astero gonbidatu bat izango da. Bihar egingo dute hirugarrena, eta Sambou Diaby, Iban Garro, Gotzone Rekondo eta Juanen Saralegi aktoreak ageri diren pilularen inguruan hitz egingo dute.

Ikus-entzunezko horretan, telefono kabina batean txanponak sartzen ageri da Diaby, eta, bat-batean, oihuka hasten zaizkio Saralegi eta Garro, gazteleraz, esanez gailuak ez duela funtzionatzen eta txanponik ez botatzeko. Rekondo, berriz, euskaraz hurbiltzen zaio, eta euskaraz ematen dizkio azalpen guztiak, bere sakelakoa erabil dezan eskaintzearekin batera. Pilula amaitzean, harriduraz begiratzen diote elkarri Saralegik eta Garrok; izan ere, hori da ikus-entzunezkoaren mezu hurbila: etorri berrienganako aurreiritziak erakusten ditu, eta aurreiritzi horien eraginez erdaretara jotzeko inertziari buruz hausnartzeko aukera ematen du. Horrez gain, kanpainaren ardatza diren arnasguneen inguruan ere egingo dute gogoeta, eta gazteen hizkuntza ohituren inguruan ere hausnartuko dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)