Alemaniako EIren buruari, hamar urteko zigorra

Berria, Berria, 25-02-2021

Abu Walaari, ustez EI Estatu Islamikoak Alemanian zuen liderrari, hamar urte eta erdiko zigorra ezarri dio Alemaniako epaitegi batek. Epaileren arabera, Abu Walaa zen haren sarearen bidez Alemanian zeuden EIko kideak Siriara eta Irakera bidaltzeko arduraduna, han borrokatu zitezen. Prozesu berean epaitu dituzten beste bi laguni ere zortzi eta sei urteko zigorrak ezarri dizkiete.

Hiru urte baino gehiago iraun du prozesuak. Akusatuen defentsak zioenez, Abu Walaak eta beste bi kideek Koranaren muturreko irakurketa egiten zuten, eta EIren ideiak babesten zituzten, baina sekula ez zuten talde armatuarekin hartu-emanik izan.

Zigortuetako bati, besteak beste, bizi zen etxean Anis Amri jaso izana egozten diote, 2016ko Gabonetan Berlingo merkatu batean atentatu bat egin eta hamabi lagun hil zituen EIko kidea.

Alemaniako Ruhr eskualdean jarduten zuten hirurek, Dortmund inguruan, eta eurak buru zituen erakundea legez kanpo dago gaur egun. DPA albiste agentziaren arabera, ezkutuko agente bati esker harrapatu ditu Poliziak.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)