'Aita Mari'-k erreskatatutako 102 etorkinak porturatu dituzte, Italian

Berrogeialdia egingo dute etorkinek, ferry batean, eta litekeena da eskifaiak ere egin behar izatea

Berria, Igor Susaeta, 23-02-2021

Dagoeneko lehorreratu dituzte Augustan, Sizilia uhartean (Italia), Aita Mari itsasontziak aurreko ostiralean Mediterraneoko uretan erreskatatutako 102 migratzaileak. Horietako bi herenegun ebakuatu zituzten, erredurak zituztelako, eta beste ehunak, atzo arratsaldean. Itsas Salbamendu Humanitarioa GKE gobernuz kanpoko erakundearen arabera, portuan dagoen ferry batera eraman dituzte etorkinak, berrogeialdia egin dezaten. GKE horren iturriek BERRIAri adierazi diotenez, litekeena da ontziaren eskifaiaren hamahiru kideek ere berrogeialdia egin behar izatea, han. Izan ere, SOS Mediterrane GKEaren Ocean Viking ontziaren eskifaia behartu egin dute Augustan «10-14 eguneko» berrogeialdia egitera, erreskate bat gauzatu ondoren.

Behin erreskatea eginda, joan den ostiralean, Italiari eta Maltari porturatzeko baimena eskatu zien euskal GKEaren ontziak. Maltak ukatu egin zion. Italiako agintariek, aldiz, larunbat gauean jakinarazi zioten Aita Mari-ri erreskatatutakoak Augustan porturatu zitzakeela; baina atzo arte ez zion eman horretarako baimenik.

Erreskatatutakoen profilari dagokionez, gehien-gehienak Somaliakoak dira: 94 gizonezko, zazpi emakumezko, eta bederatzi hilabeteko haur bat. Zazpi andre horietatik bi haurdun daude: bi hilabeteko dago bat, eta bost hilabeteko bestea. Erreskatatutakoen artean, erdiak baino gehiago adingabeak direla zehaztu diote berripaper honi Itsas Salbamendu Humanitariokoek: «Hamasei urte baino gutxiago dituzte hemezortzik, eta 16-18 urte 39k». COVID-19aren aurkako neurriek ezarritako protokoloei jarraituz, antigeno testak egin dizkiete migratzaileei, eta hamahiruk eman dute positibo. Lehorreratu aurretik bakartuta egon ziren.

Libiako kostaldetik 140 bat kilometrora topatu zituzten. Ez diete galdetu momentu horretan zenbat ordu zeramatzaten itsasoan, baina euskal GKEan kalkulu bat egin dute: «Aintzat hartzen badugu haien ontziaren batez besteko abiadura zortzi edo bederatzi korapilokoa izan zitekeela, eta kostaldetik distantzia horretara zeudela, bada, esan dezakegu ia egun bat zeramatela itsasoan».

Eta ontzian zihoazenetako batzuek «pertsonekin trafikatzen dutenek» egindako «tortura arrastoak» zituzten. «Batzuek bala zauriak zituzten gorputz enborretan; beste batzuek, gaizki sendatutako hezur hausturak; eta era guztietako erredurak dituzte». Eskifaiako hamahiru kideak ohituta daude erreskateetara, baina kasu honetan nabarmendu dute «oso ahul, oso argal, zargalduta» zeudela etorkinak. «Pertsona bakoitzeko, batez beste, 75 kiloko pisua kalkulatuz, Aita Mari-k 124 pertsona eraman ditzakete. Kasu honetan, askoz ere pisu gutxiago eraman du».

Nora eraman ontzia

Behin erreskatea gauzatuta, Aita Mari-ren eskifaiak «hilabeteko atsedena» hartuko du. Itsas Salbamendu Humanitarioaren ontziaren arduradunek ez dute erabaki, oraindik, non porturatu ontzia beste misio bat antolatu bitartean: edo Burrianan (Castello, Herrialde Katalanak), edo Adran (Almeria, Espainia). Hain zuzen, han egon zen duela 11 egun Libiarantz abiatu aurretik. Hori bai, Italiak agintzen badie berrogeialdia egitea, GKEak proposatuko die agintariei eskifaiak Augustan ez jarraitzea, eta berrogeialdiaren zati bat Burrianara edo Adrara doazen bitartean egitea, «beharko baitira bost bat egun».

Uneotan ez dago beste ontzirik erreskate lanak egiten Mediterraneoan. Sea Watch GKEaren Sea Watch 3 ontzia, halere, bihar da iristekoa «erreskate eremura», Libiako kostaldearen parera. Euskal GKEak badaki migratzaileak daramatzan ontzi batek hiruzpalau egun daramatzala itsasoan eta erregairik gabe gelditu dela. «Baina haren arrastoa galdu da». Eta «ehun bat pertsona daramatzaten beste bi ontzi» daude Libiako erreskate eremuan: «Ez baldin badute lortzen aurrera egitea, Libiako kostazainek itxiko diete bidea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)