Geltokia

Berria, Aitor de la Villa Fernandez, 27-01-2021

Nekeza eta etsigarria dugu burua ebaki eta bikoiztua hazten zaion Lermako Hidra. Badirudi amaierarik ez duela. mugagabetasunaren kontzeptuak, nola edo hala, eragina du gugan; kezkatzen gaitu, sarri askotan malenkoniara bultzatzeraino. Ez nuke jakingo geroa ote den beldurtzen gaituena edo gertatutakoaren reminiszentzia. Gizakiak indargabe aurkitzen du bere burua, inpotente, ezaguna duen gaitzari aurre egin behar dion bakoitzean, aurretik gaitz hura akabatutzat hartzen badu.

Gaur, urtarrilak 27, Holokaustoaren Nazioarteko Oroimen Egunean, gogora ekartzen ditugu Auschwitz, Sobibor edo Treblinkan lapurtutako bizitzak, naziek zioten «juduen amaierako soluzioaren» dinamikan. Memoria, azken batean; eta horretan, kronista edo aktiboa izan daitekeena: distantzia fisiko edo tenporalak baldintzatutako gertakari mingarrien kronika batetik, eta kausei erreparatzen diena bestetik. Gertakariak huts-hutsean hartuak edo zioen azterketa xehea; geltokia edo trenbidea; ez itzaltzeko dar-dar egiten duen kandela edo indarrez bidea argitzen duena.

Nazismoa jaio zenean judufobiak hor zirauen; eta, tamalez, Wieselek esan bezala, erregimen nazia erori eta gero, zegoen tokian jarraitzen du. Trenbideak bezala banatu egin da, norabide desberdinak hartu, lehen heltzen ez zen txokoetara heldu eta berriz munstroa guregana itzuli, nonbait betiko aldenduko zelakoan. Eta harekin batera, betiko inpotentzia; betiko malenkonia.

Izena behar du munstroak, abstrakzioaren estalkia kendu, hedadura neurtu, haren kontrako borrokan asmatu dezagun. Horren harira, IHRAk —International Holocaust Remembrance Alliance—, 2016an hartu zuen definizio praktikoa: «Antisemitismoa juduekiko nolabaiteko pertzepzioa da, juduenganako gorroto moduan adieraz daitekeena. Antisemitismoaren adierazpen fisiko eta erretorikoak pertsona juduei edo ez-juduei eta/edo haien ondasunei, komunitate juduetako erakundeei eta haien kultu-lekuei zuzentzen zaizkie».

Berebiziko garrantzia du bakarren batean hautsak harrotu dituen definizio honek. Erakundeak aipatzen ditu. Erosotasunetik atera ditu anti-sionismoaz antisemitismoa estali dutenen apenik gabeko mintzoak. «Ni ez nauk antisemita: antisionista nauk». Ez genuke onartuko Boiseko euskaldun bati Eusko Jaurlaritzak egindako zerbait leporatuko baliote; ezta euskal artista, pentsalari, enpresari edo langileen kontrako boikotera deituko balute euskaldunak izate hutsagatik. Euskaldunak, edozein dela beraien ideologia. Euskaldunak, Zumaian edo Helsinkin jaio/bizi. Zer ez genukeen esango! Zein litzateke gure erreakzioa medio eta instituzioen galbahe demokratikoa gainerako demokraziei aplikatzen zaiena baino zorrotzagoa balitz gurean? Diktadura, teokrazia eta erregimen totalitarioena baino finagoa? Seguruenera, asaldatuko ginateke, eta «euskal-fobia» salatu.

Hori hala izan arren, 2021. urtean presentzia dauka pentsaera honek hainbat espaziotan; prestigioa ere bai, ezkerraren zati baten bozgorailuan. Zer esanik ez muturreko eskuman, «konspirazio-judua» ahoan etengabe darabilten horietan. Jarraitzen du Dreyfusi leporatzen zioten desleialtasunak eta, nonbait, mantentzen da norberaren herrialdean atzerritar izatearen anomalia.

Askatu zituzten sarraski-esparruak baina hilerri juduak pintaketa naziekin azaltzen dira gaur egun; juduen erailketara deitzen duten agintari islamistak; Europan, esaterako, juduen %89k pentsatzen dute handitu egin dela beraiekiko gorrotoa; kippa buruan eramateak beldurra ematen du gure inguruetako kale askotan: Oinarrizko Eskubideen Europako Agentziak egindako inkestaren arabera, %30 izan dira eraso baten biktima. Poliziek ostiralero zaintzen dituzte sinagogen sarrerak, sinestunek atentatu bat jasan ez dezaten; hemen, Europan.

Direnak direla, heriotza eta sufrimenduaren oroipenaz gaindi, gaurkoa ere bada nolabait zerbait ospatzeko eguna: bizitza. Ez zuten lortu. Ez dute lortuko. Pogrom, Holokausto eta atentatu guztien ondotik Israelgo Herriak birik dirau. Am Israel Jai.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)