Bruselak laguntzak emango ditu migratzaileen integraziorako

Errefuxiatuak gizarteratzeko plan berri bat aurkeztu du Europako Batzordeak, eta lau aplikazio eremu bereizi ditu: hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta osasuna. Bereizketak gutxitzea da haren asmoa

Berria, Jone Bastida Alzuru, 25-11-2020

Europako Batzordeak migratzaileak gizarteratzeko plan berri bat aurkeztu zuen atzo 2021. urtetik 2027. urterako, hainbat eremutan pairatzen duten bazterketari aurre egiteko asmoarekin; hala nola etxebizitza eta enplegua izateko edota osasun zerbitzurako sarbidean. Arazo horiek pobreziara kondenatzen dituzte asko. Integrazio planak, besteak beste, Europara iritsi aurretik eskuratutako ikasketak eta prestakuntza baliozkotzea bultzatu nahi du.

Margaritis Schinas Europako Batzordeko bozeramaileak eta Ylva Johansson Barne komisarioak eman zuten ekinbidearen berri, eta planak lau aplikazio eremu hartzen ditu aintzat: hezkuntza, enplegua, etxebizitza eta osasuna.

Hezkuntzari dagokionez, beste ekintza batzuen artean, Europako funtsak erabiltzearen alde egiten du migratzaileei maila guztietako hezkuntza eta prestakuntza emateko, eskolaurretik hasi eta goi-mailako irakaskuntzaraino. Lan aukerak eta gaitasunen aintzatespena hobetzea ere proposatzen du, eta adierazi batzordeak enpresekin eta beste eragile batzuekin lan egingo duela lan merkatuan integrazioa sustatzeko.

Bestalde, planak azpimarratzen du beharrezkoa dela osasun mentala ere barne hartuko duen osasun laguntza bermatzea etorkinei. Kontuan hartu behar da pandemiak inoiz baino ageriago utzi dituela osasun zerbitzuetarako sarbidean dauden arrakalak. Etxebizitza «egoki eta eskuragarria» izatea da planteatutako beste helburuetako bat, Europako Eskualde Garapenerako Funtsaren eta beste tresna batzuen laguntzarekin; baita etxebizitzaren merkatuko diskriminazioari eta bereizkeriari aurre egiteko tokian tokiko eta eskualdeko esperientziak trukatzea ere, besteak beste.

«Inklusioa eskubidea eta betebeharra da», esan zuen Schinasek. «Integrazio eta inklusio politikak ezinbestekoak dira etorri berrientzat, tokiko komunitateentzat». Batzordearen esanetan, «integrazio inklusiboak pertsonaren eta harrera komunitatearen ahalegina eskatzen du», eta ekintza planak «tokiko komunitateei lagunduko die integrazio programetarako tokiko eta eskualdeko agintarien gaitasuna garatzen».

Europako Batzordeak jasotako datuen arabera, Europako Batasunean kanpoko beste herrialde batzuetatik iritsitako 34 milioi pertsona bizi dira, biztanleria osoaren %8 inguru. Ordea, migratzaile askok oztopoak dituzte lana bilatzeko orduan, baita hezkuntza jasotzeko aukeretan ere.

Jokaleku horretan, atzo aurkeztutako plana 2016an egindakoaren jarraipena da, eta aurrerapauso gehiago behar diren arloak identifikatu nahi izan dituzte. Esaterako, adierazi zuten aurreko ahaleginak gehienbat etorkin iritsi berrietan zentratzen zirela, bigarren belaunaldiak kontuan hartu gabe. Plan berriak «errefuxiatu bakoitzaren ezaugarriak kontuan hartuta neurrira egindako ekintzak proposatzen ditu». Azpimarratu zuten migratzaileen integrazioaren eta inklusioaren arrakasta «ekintza goiztiar baten eta epe luzerako konpromiso baten mende» dagoela. Horiek horrela, migratzaileen gizarteratzea bultzatzeko aholkuak eta laguntzak eman zituen batzordeak, baina herrialdeen ardura izango da horretarako benetako politika «sozialak sortzea nahiz bultzatzea».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)