Ekialde Hurbila

Pompeok aurrekaririk gabeko bidaia egin du Israelen okupazioa babesteko

AEBetako goi agintariak Zisjordanian eraikitako kokagune bat eta Golango gainak bisitatu ditu

Berria, Gorka Berasategi Otamendi, 20-11-2020

AEBek Israelen lurralde zilegi gisa aitortu zituzten Palestinako lurretan eraikitako kokalekuak eta Siriari 1967ko gerran okupatutako Golango gainak. Donald Trump AEBetako jarduneko presidenteak joan den otsailean Ekialde Hurbilerako aurkeztu zuen bake planean jaso zuen aitortza hori. Egitasmoak Palestinaren haserrea piztu zuen. Hilabete batzuk geroago, Etxe Zuriak jarrera hori berresteko keinua egin du.

Mike Pompeo Estatu idazkariak Zisjordaniako kolonia israeldar bat bisitatu zuen atzo, Ramallah hiritik gertu. Psagot kokaguneko ardotegira joan zen. «Denbora luzean, [AEBetako] Estatu Idazkaritzak ikuspegi okerra izan du koloniekiko. Ez du aitortu inguru berezi honen historia, baina, gaur egun, AEBetako Estatu idazkaritzak irmoki babesten du kokaguneak legea betez eta modu egokian egin daitezkeela».

arratsaldean, lurralde okupatuak bisitatzen jarraitu zuen, eta Golango gainetara bidaiatu zuen. «Israelgo zati honen aitortza ere Trump presidenteak 2019an hartu zuen erabakia da, historikoki garrantzitsua, errealitatearen onartze hutsa dena», adierazi zuen Pompeok.

Israelek Palestinako lurretan eraikitako koloniak eta Golango gainen okupazioa legez kanpokoak dira, nazioarteko zuzenbidearen arabera. Horixe nabarmendu du PAE Palestina Askatzeko Erakundeak, Nabil Abu Rudeineh bozeramailearen ahotik. Pompeoren bisita «nazioarteko zilegitasunari» botatako «erronka» da, haren iritziz. NBE Nazio Batuen Erakundeko Segurtasun Kontseiluari eskatu dio ezar ditzala onartu dituen ebazpenak; horien artean, Palestinako lurretan kokaguneak eraikitzea «nazioarteko legearen urratze argia» dela dioena, 2016an onartua. AEBek ez zuten beto eskubidea erabili, eta ebazpenak Washigntonen abstentzioarekin egin zuen aurrera.

Hamasek ere Pompeoren bidaia gaitzetsi du. Haren esanetan, palestinarren kontrako «jazarpen» ekintza bat da, «Zisjordaniaren anexio mailakatuarekin jarraitzeko keinu bat».

Israelgo armadak Siriako hainbat gune bonbardatu ondorengo egunean bidaiatu zuen AEBetako goi agintariak Golango gainetara. Tel Avivek asteazkenean azaldu zuenez, Siriako armadaren eta Irango Quds Indarren zenbait azpiegitura militarri egin zien eraso herenegun goizaldean, Golango gainetan lehergailuak atzeman zituelako. Ziurtatu zuen «eskuadroi siriar» batek jarri dituela lehergailu horiek, «Irango indarrek zuzenduta».

Pompeok asteazkenean hasi zuen hiru eguneko bisita Israelen, urtarrilean Trumpekin batera AEBetako Gobernua utzi aurretik. Benjamin Netanyahu Israelgo lehen ministroarekin bildu zen herenegun, Irani buruz eta Israelen eta herrialde arabiarren arteko harremanei buruz hitz egiteko.

Israelek «harremanak normaltzeko» itunak sinatu ditu Bahrainekin, Arabiar Emirerri Batuekin eta Sudanekin azken hilabeteetan. Hain justu, Bahraingo Atzerri ministroak Israelera bidaiatu zuen asteazkenean; herrialdeak estatu judura egin duen lehenengo bisita ofiziala izan zen.

Herrialde arabiarren eta Israelen arteko harremanak normalizatzearen alde mintzatu zen atzo Pompeo. Eskualdeko herrialdeek «Israelgo Estatua onartu» eta harekin elkarlanean aritu behar dutela adierazi zuen.

BDS kanpaina, «antisemita»

Horrez gain, gogor kritikatu du Israelen aurkako BDS Boikot, Desinbertsio eta Zigor mugimendua. AEBetako Estatu Departamentuak mugimendu antisemita gisa sailkatuko duela iragarri du. «BDS minbizia dela babesten duten gainerako herrialdeekin egingo dugu bat».

Palestinako gizarte zibiletik abiatutako egitasmo esanguratsuenetako bat da BDS, Israelen aurkako boikot ekintzak, desinbertsioak eta zigorrak bultzatzen dituen plataforma. 2005ean sortu zuten, Hegoafrikako apartheid-aren aurkako mugimendua eredutzat hartuta, nazioartearentzako eskaera apal batekin: Israelgo ekonomia ez elikatzea.

Jakinarazi zuenez, aurrerantzean Zisjordanian egindako produktu israeldarrek derrigorrez izango dute Israelen egina etiketa AEBetara esportatzen direnean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)