Migrazioak

Sute batek kalteak eragin ditu Samosko errefuxiatuen gunean

Kanpalekuaren zati bat erre da, eta adierazi dute ez dela inor zauritu. 4.000 migratzaile bizi dira han, eta 648 hartzeko prestatu zuten, MSFk salatu duenez.

Berria, Andoni Imaz, 03-11-2020

Sua piztu da bart Greziako Samos uhartean (Europa), errefuxiatuen gune batean. Zabaldutako lehen informazioaren arabera, ez da inor zauritu. Migrazio Ministerioak adierazi du suak hamabost bat barraka suntsitu dituela, baina Interneten zabaldu diren irudiek gehiago izan litezkeen susmoa piztu dute. Afrikako migratzaile komunitateak bizi dira erre den zatian, Ara egunkariak esan duenez. Errefuxiatuek Oihana deitzen diote guneari, bizi baldintza eskasengatik.

4.000 migratzaile baino gehiago bizi dira gune horretan, eta 648 migratzailerentzat prestatu zuten, Iorgos Karagiannis MSF Mugarik Gabeko Medikuen Greziako buruak adierazi duenez. Elkarteak behin eta berriz eskatu du errefuxiatuak gune seguru batera eramateko: «Sute honek, eta aurretik gertatu direnek, Europako Batasunaren arduragabekeria erakusten dute, nahita egindakoa. Lotsagarria da», adierazi dute. Joan den astean bertan salatu zituzten gune horretako bizi baldintza «ankerrak». Guneak ez du Lesboskoaren sona, txikiagoa delako, baina baldintzak bertsuak direla salatu dute.

Duela hiru egun, Richter eskalako 6,8 graduko lurrikara bat izan zen Samosen, eta bi nerabe hil ziren uhartean, errefuxiatuen gunetik kanpo. Kalterik handienak Izmir hirian gertatu ziren (Turkia), uhartetik oso gertu; 79 pertsona hil ziren, lehen informazioaren arabera. Larrialdi taldeak gorpu gehiagoren bila ari dira hondakin artean.

Joan den irailean, beste sute bat piztu zen Moriako migratzaileen kanpalekuan, Greziako Lesbos uhartean. Europako handiena zen. Koronabirusaren krisiaren kudeaketa zela eta, protesta egin zuten han zeuden errefuxiatuek, eta protestetan piztu ziren sute txikiak berehala zabaldu ziren haize indartsuen laguntzaz. Bi ordu inguruan ia kanpaleku osoa sutan zegoen. 12.000 lagun bizi ziren 3.000rentzat prestatutako kanpaleku hartan, eta errepidean harrapatuta geratu ziren. Greziako Gobernuak beste kanpaleku bat egitea erabaki du. Hori, ordea, itxia izango da, eta babesa eskatu duten errefuxiatuei mehatxu egin diete ez dituztela euren asilo eskaerak aztertuko ez badira han euren kabuz sartzen.

BERRIAk han dauden migratzaileen egoeraren berri eman du Iñaki Agirre kolaboratzailearen bitartez, eta Moriako erretratuak izeneko bideo sorta argitaratu du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)