AEBetako hauteskundeak. Errepublikanoak. Daniel Anthony Perez. Alderdi Errepublikanoko ordezkaria

«Etxe Zurira heltzeko Floridan irabazi egin behar du Trumpek»

Hispanoen babesa ziurtzat jo du Floridako Ordezkarien Ganberako kideak, eta nabarmendu du errepublikanoak ez direla inoiz immigrazioaren aurka egon, «legezko migrazioaren» alde baizik.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 29-10-2020

Bulego itxi batean eta maskararik gabe hartu du BERRIA Floridako Ordezkarien Ganberako kide errepublikanoak. Baikorra da. Inkestek diotena diotela ere Donald Trumpek irabaziko duela uste du, batez ere «gehiengo isila» deitzen dioten horren laguntzarekin. Daniel Anthony Perezek (New York, AEB, 1987) Trump presidentegaiaren hitzak berretsi ditu, eta ohartarazi egungo Alderdi Demokrata ez dela Bill Clintonen garaikoa, eta Joe Biden presidentegaiak hori argi utzi duela presidenteordetzarako Kamala Harris «ezkertiarra» aukeratuz.

Azken inkestek bi punturen aldea ematen dizuete. Ondo ari zareten seinale, ezta?

Bai, hala da. Baina, tira, ezin gara inkestez fidatu. Begira, bestela, zer gertatu zitzaien 2016an. Hillary Clinton zihoan aurretik hiru edo lau punturen aldearekin, eta, azkenean, Donald Trumpek irabazi zuen, eta 2020an ere hori bera gertatuko da. Floridan irabaziko du. Hispanoak eta, batez ere, kubatar-estatubatuarrak sekula baino gehiago ari dira bozkatzen.

Hori errepublikanoen mesedetan da?

Bai. Eta ez dira bakarrik kubatar-estatubatuarrak, baita nikaraguarrak, venezuelarrak, kolonbiarrak, eta abar ere. Egun, hispanoen gehiengoak errepublikanoen alde bozkatzen du. Asteartean ez da bakarrik presidentea aukeratuko, baita Miamiko alkatea eta estatuko ordezkari eta senatariak ere.

Horiek guztiak migratzaileak dira, eta ez zarete migratzaileei ateak irekitzearen aldekoak.

Guk ez dugu inoiz halakorik esan. Noski, aukera bat eman nahi diegu amerikar izan nahi duten horiei, baina beti legearen barruan. Demokratek diotena da ez dutela mugarik nahi, eta jendea aske utziko dutela nahi duten moduan sartu eta atera daitezen. Eta errepublikanook dioguna da,ezinezkoa dela nor sartzen den jakitea prozesu bat ez badago.

Baina Bidenek dio krimenen bat egin duen paperik gabekoren bat bada AEBetan, eta osasun arreta behar badu, gobernuak eman egin behar diola, hemen urte luzez bizi izan diren amerikarren diruarekin ordainduz. Aldiz, Trumpek dio krimenik egin baduzu eta paperik ez baduzu, ezin duzula AEBetan egon. Hori dio legeak. Beraz, ez da egia gu immigrazioaren alde ez gaudenik. Egokiagoa da esatea legezko immigrazioaren alde gaudela.

Demokratak ere ez daude ateak erabat irekitzearen alde.

Ez, ez, noski. Biden beti izan da moderatua, baina Kamala Harris presidenteordetzarako aukeratuta ezkerrera egin du. Harris Bernie Sanders bera baino ezkertiarragoa da. Egungo Alderdi Demokrata ez da Bill Clintonen garaikoa; alderdi hura aspaldi desagertu zen. Demokratak muturrekoak dira egun. Kamala Harrisek presidentetzarako hautagai izateko eztabaidan esan zuen aseguru pribatuak kendu nahi zizkiela estatubatuar guztiei, esaterako. Baina hori ez da kapitalismoa, ez da demokrazia, hori sozialismoa da. Ezin diozu inori aseguru pribatu bat izateko aukera ukatu.

Osasun aseguruak aipatu dituzu. Zergatik indargabetu nahi du Alderdi Errepublikanoak Obamacare erreforma?

Hitz egin dezagun Obamacare sistemaren alde onaz, badituelako alde onak ere. Sistema horren alde ona da lehendik osasun arazoren bat zuten pertsonak ere balia dezaketela, eta aseguru etxeek ezin dituztela bazterrean utzi. Alderdi Errepublikanoak ez du hori kendu nahi. Nik ulertzen dut lehendik arazoak zituzten pertsona horiek ere osasun aseguruak behar dituztela, eta horrek indarrean jarraituko du. Baina Obamacare AEBetan indarrean sartu zenean jende askok beren osasun aseguruak galdu zituzten.

Egia da lau urte hauetan ahalegin handia egin duela [Trumpek] Obamacare indargabetzeko, eta jakin badaki ezin duela beste sistema bat ezarri hura indargabetu gabe. Horregatik, ez du behar adina denbora hartu bere proposamena diseinatzeko. Ez dakit zer izen jasoko duen, baina Trumpcare izan daiteke. Kar-kar-kar.

Pandemia honen ondorioetako bat izan da krisi ekonomikoa, eta, zuen arabera, horrek okerrera egingo luke demokratak agintera helduko balira. Zertan oinarritzen zarete hori esateko?

Bidenen hitzetan oinarritzen gara. Berak behin baino gehiagotan esan du ekonomia itxi egingo duela koronabirusari aurre egiteko. Guk, aldiz, enpresa txikiak ireki nahi ditugu gure bizitzekin jarraitu ahal izateko. Ez da aurrez genuen egoera bera izango, baina ekonomia zabaldu nahi dugu. Nik ez diot neurriak hartu behar ez direnik. COVID-19a hor dago, baina banako gisa neurriak har genitzake, maskara jantziz, distantziak mantenduz eta garbitasuna bermatuz, eta horrek aukera ematen du ekonomiari ateak irekitzeko.

Baina nolabaiteko oreka ere beharrezkoa da osasunaren eta ekonomiaren artean, ezta? Europan, esaterako, herrialde askok itxialdiak ezarri dituzte.

Bai, eta presidenteak berak ere Txinari ateak itxi zizkion. Eskolak itxi genituen, baita enpresa txikiak ere. Miamin, duela egun batzuk arte, ezin ginen jatetxe batean eserita egon, eta bada urte bat COVID-19a heldu zela. Guk egin genuen itxialdia, baina noiz arte eutsi behar diogu? Egia da oreka bat aurkitu behar dela, eta osasunik gabe ez dagoela ekonomiarik; ulertzen dut osasunaren garrantzia, noski, eta ulertzen dut horrek erantzukizun bat dakarrela berarekin. Baina ekonomia ere zabaldu behar dugu, eta uste dut hau une egokia dela horretarako. Floridan PCR proba egitera joaten diren milaka lagunen artean soilik %5ek ematen dute positibo.

Zer proposatzen duzue ekonomia bere onera itzultzeko?

Lehenik eta behin, haurrek eskolara joan behar dute, haiek etxean badaude gurasoek ezin dutelako lanik egin. Hemen,eskolak ireki dituzte, baina beste estatu batzuetan itxita jarraitzen dute. Duela hilabete batzuk ekonomia irekitzeaz hitz egiten hasi zirenean, turismoaz eta nekazaritzaz ari ziren, baina nik argi esan nuen lehentasun eskolak irekitzea zela. Gero turismoa etorriko litzateke. Floridan oso alor garrantzitsua da hori, eta, egun, oraindik, hondartza inguruko hoteletara bazoaz, asko erdi hutsik ikusiko dituzu. Beraz, neurriak hartu behar ditugu turistak eroso eta seguru senti daitezen, eta berdin jatetxeetan ere. Joan den astera arte, etxeratze agindua ere bazen indarrean, baina hori ere kendu dugu. Ari gara urratsak egiten. Ezin dugu guztia batera ireki, ikusi behar baitugu herritarrek nola erantzuten dieten hartutako neurriei.

Enpresentzako laguntzak dira Trumpek indarrean jarri dituen eta arrakasta izan duten neurrietako bat. Baina Miamin negozio txiki asko itxita ikusten dira. Zer gertatu da laguntza horiekin?

Egia da negozio asko itxi egin behar izan dituztela, baina presidenteak enpresa txikiei ere lagundu die mila milioi dolarreko funtsa sortuz. Ez da nahikoa izan.

Bestalde, lan egiteko moduak ere aldatu egin dira. Lehen bulegotik lan egiten zuten askok etxetik lan egiten dute orain, eta arduradunek utzi egin diote alokairua ordaintzeari. Horregatik, lehen bulegoak ziren eraikin asko hutsik ikusiko dituzu. Beraz, dena ez da itxi COVID-19aren eraginez; maiz, negozioak aldatu egin dira, errealitatea bera aldatu delako.

Koronabirusaz ari garela, azken egunetan kritika asko izaten ari dira Trump eta Mike Pence presidenteordea, koronabirusa dela-eta duten jarreragatik. Pence kanpaina agerraldi bat egitera irten zen bere gertuko bost lagunek positibo eman zuten arren.

Nire ustez, distantzia mantentzen bada, sintomarik ez badu eta kanpoan badago, ez dago maskara jartzeko beharrik. Beste pertsona batzuengandik gertu badago, sintomak baditu edo eraikin baten barruan badaude, maskara jantzita eduki behar dute. Nik nahiago nuke denek maskara erabiltzea une oro, baina hori bakarrik ez da nahikoa. Garbitasuna bermatu behar da, baita segurtasun distantzia ere. Eta horixe egiten ari zen Pence presidenteordea.

Zer norabide hartuko dute nazioarteko harremanek Trumpek irabazten badu? Txinarekiko harremanak ez dira oso onak…

Indarrean da presidenteak Txinako diktadorearekin egindako ituna; batez ere, nekazaritzan eta industrian. Europari dagokionez, NATOren auziak mikaztu zituen harremanak, Europako zenbait herrialde ez baitira ordaintzen ari dagokien defentsarako kuota. Mexiko eta Kanadarekiko harremanetan ere ari gara lanean.

Eta zer gertatuko da Kubarekin Trumpek irabazten badu?

Orain arte bezala jarraituko dugu. Bahimenduak indarrean jarraituko du, eta eten egingo ditugu turistentzako hegaldiak. Beraz, uhartean zapaldurik bizi diren kubatarren eskubideen aldeko borroka segituko dugu. Kubako agintariek herritarren giza eskubideak errespetatzen ez dituzten bitartean, ez da ezer aldatuko.

Bahimenduak urte asko darama indarrean, eta diktadura deitzen duzuen hori ez da desagertu.

Egia da. Baina [Barack] Obamak ateak zabaldu zituenean, eta dirua barra-barra sartzen hasi zenean, aberastu ziren bakarrak castristak izan ziren, Raul Castro eta haren ingurukoak. Orain arteko bideari eusten badiogu, lortuko dugu uhartean bizi diren kubatarrak ohartzea komunismo horrek ez duela haien alde lan egiten.

Trumpek irabaziko al du?

Bai. Baina, horretarako, nahitaezkoa du Floridan irabaztea; hori lortzen ez badu, ez da Etxe Zurira helduko. Floridan irabazita, beste bost estatu izango dira erabakigarriak: Pennsylvania, Ohio, Mexiko Berria, Wisconsin eta Arizona. Horietatik bitan irabazten badu, berea izango du presidentetza. Eta inkestei begiratzen badiegu, ikusiko dugu Ohion aurretik doala, eta emaitza onak iragartzen dizkiotela Mexiko Berrian ere.

Zailago ikusten dut Pennsylvania, baina oraindik denbora dago; kontuan izan behar dugu gehiengo isilak pisu handia duela. Jende asko da inkestetan gezurra esaten duena edo isilik geratzen dena.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)