Europako Batasuna. Migrazio politikak

Kanporatzeak azkartzea lehentasuntzat jo du Bruselak

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 24-09-2020

Atzera egin du Europako Batzordeak, eta amore eman die Poloniaren, Hungariaren eta Austriaren protestei. Atzo aurkeztutako egitasmoak aurrera egiten badu, estatu kideek ez dute migratzaileak hartzeko kuotarik izango; horren ordez, Mediterraneoko estatuekiko «elkartasuna» eskatu diete agintariei. Horretarako, «borondatezkoak» izango diren «ekarpen malguak» egin ahal izango dituzte herrialdeek.

Proposamenaren arabera, herrialde batek ezin dionean gehiago eutsi «migratzaileen etorrerak eragindako egoerari», beste estatu kideei «elkartasunez» jokatzea eskatuko zaie iheslarietako batzuk euren herrialdeetan hartuz edo errefuxiatu estatusa lortzen ez dutenen kanporatzean lagunduz. «Kanporatze babestuak» deituriko horiekin migratzaileak hartu nahi ez dituzten herrien sostengua lortu nahi du Bruselak. Hala ere, Batzordeak ohartarazi du migratzaileak lekualdatzeko arazoak baleude, bestelako «mekanismoak» bertan behera utz ditzakeela Europak, eta estatu kideak asilo eskatzaileak hartzera bultzatu.

Egitasmoak aurreikusten ditu estatu kideei «elkartasuna» eskatuko litzaiekeen hainbat agertoki. Esaterako, itsasoan erreskatatu eta asiloa eskatzen duten migratzaileak lekualdatzeko garaian horiek hartzeko aukera ez ezik, «haien beharrak aseta» daudela bermatzeko «zuzenketa mekanismoak» ere egongo lirateke. Bestetik, krisi egoera batean, asilo eskubidea duten errefuxiatuak ez ezik, mugan paperik gabe daudenak ere jaso beharko lituzkete herrialdeek. Planaren arabera, herrialde batek 10.000 euroko laguntza jasoko luke hartzen duen migratzaile heldu bakoitzeko. Kasu horietan ere denborak azkartu nahi dituzte, eta bost egunera murriztuko dute asilo eskatzaileek osasun eta segurtasun baldintzak betetzen dituztela bermatzeko prozedurak.

Asiloa ukatzen zaien migratzaileen kanporatzeak azkartzea ere aipatu du Batzordeak, eta Europako Batasuneko kanpo mugak are gehiago ixtea. Azken puntu hori bermatzeko, inbertsio handiagoak egingo dituzte mugak zaintzeko sortutako Frontex patruiletan uztailean datozen zazpi urterako EBren aurrekontua onartu zutenean, %27 murriztu zuten mugako patruiletarako funtsa, eta 8.500 milioi eurotan utzi. Horrez gain, hirugarren herrialdeekiko akordioak indartu eta berritzearen alde ere egin du Bruselak. Europako Barne gaietarako komisario Ylva Johanssonek bere herrialdea, Suedia jarri du adibide: «Nire herrialdeak inbertsio ugari egin ditu Marokon eta Afganistanen, estatu horiek trukean bertatik joandako migratzaileak har ditzaten». Hala, gogorarazi du iaz 491.200 kanporatze onartu zirela, baina horietatik soilik %29 egin zirela. «Ziurrenik ezinezkoa izango zen agindu guztiak betetzea, baina argi dago prozedurak hobetu daitezkeela».

Proposamenak ez du aurreikusten, hala ere, Dublingo Ituna bertan behera geratzea. Akordio horren arabera, migratzaileek heltzen diren lehen herrialdean eskatu behar dute asiloa, eta, hark ukatuz gero, kanporatuak izango dira. Europako Batzordeko buru Ursula Von der Leyenek iragarri zuen joan den astean hitzarmena bertan behera utziko lukeela Bruselaren proposamen berriak, baina, gaur-gaurkoz, hark indarrean jarraituko luke, eta, ondorioz, Mediterraneoko herrialdeen ardura litzateke asilo eskaera gehienei erantzutea.

«Bidezkoagoa»

Johanssonen esanetan, proposamen berria indarrean sartuz gero, asilo eskatzaileek ez dute «linbo batean egon beharko». Haren iritziz, erreformak prozedura «azkarrago, argiago eta bidezkoagoak» bermatuko ditu. «Errealitateari egin behar diogu aurre, eta ez jende askok buruan duen agertokiari. Europara heltzen diren gehienak ez dira errefuxiatuak; hiru asilo eskaeretatik bik ezezkoa jasoko dute».

Migrazio politiketako arduradun Margaritis Schinasek ere defendatu egin du egitasmoa: «Estatu kide bakoitzak desberdin bizi du migrazioa, eta erronka desberdinak ditu; guztiak dira ulergarriak eta defendatu beharrekoak. Lehen lerroan dauden estatuek eskatzen duten elkartasuna eta bigarrenean daudenek galdegiten duten erantzukizuna jasotzen ditu proposamenak».

Orain, Batzordeak herrialdeekin eztabaidatu beharko du proposamena. Horiek hiru blokeka banatu daitezke. Mediterraneoarekin muga egiten dutenak Espainia, Grezia eta Italia kexu dira euren gain geratzen delako migratzaileak hartu eta haien eskariak kudeatzeko lana; kuoten aldekoak dira horiek. Aldiz, beste muturrean leudeke 2016ko planaren aurka egin zutenak; egitasmo hark herrialde bakoitzarentzako kuotak jasotzen zituen, eta baita horiei uko egiten zietenek pagatu beharreko nolabaiteko kalte ordainak ere. Tartean, berriz, Frantzia eta Alemania, besteak beste; zeintzuek Moriako azken krisiaren ostean mila iheslari inguru hartu dituzten arren, Europako Batasunaren kanpo mugak babestearen alde agertu diren hasieratik.

Proposamenarekin oso kritiko agertu dira gobernuz kanpoko erakundeak, eta asilo eskatzaileak babesik gabe uztea egotzi diote Bruselari. «Akordioa lortzeko ahaleginean, Europak amore eman du EBko errefuxiatu kopurua murriztea helburu duten herrialdeen aurrean», salatu du Oxfameko Europarako arduradun Marissa Ryanek. Ohartarazi du egitasmoak atxilotze zentroak ugaritzea ekarriko duela, eta gaitzetsi kanporatzeak «babesteko» aukera ematea, migratzaileak hartzea sustatu beharrean.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)