Atzekoz aurrera

Kulturan errefuxiatuak

Zaporeak elkartearen aldeko «larrialdi» ekitaldi bat egin dute Donostian. Haien jarduna abiapuntu hartuta, egungo egoerari buruzko hausnarketa bizia egin dute hainbat artistak.

Berria, Enekoitz Telleria Sarriegi, 21-09-2020

Antiguako frontoian hirurehun lagun kulturan errefuxiatuta. Hitzak doinuz, eta doinuak hitzez. Gozoak, gezak eta minak. Zapore guztiak. Badaudelako elkartasuna adierazteko manerak mila. Janariak elikatzen ditu sabelak, eta kulturak pizten ditu kontzientziak. Zaporerik mingotsenari gozotik emandako erantzuna. Jarrai dezan Zaporeak-ek sabelak elikatzen, eta kulturak kontzientziak pizten.

«Tok, tok, tok», egin zuen Zaporeak elkartearen atean kaska kultur eragile talde batek, Irati Azkue eledunak azaldu duenez. «Lagundu nahi dugu», esan zioten. Eta astebete baino gutxiagoan zerrenda «ikaragarria» osatu zuten, eta egun gutxiren buruan agortu ziren sarrerak: Matia kalerainoko ilara 11:00etarako.

Nahasketa eder bat. Adierazpideen arragoa: bertsoak, kantuak, rapak, deklamazioak eta poesiak. Hitzen indarra, musikaren fereka, eta akuilua. Amets Arzallus harresi ikusezinei, eta arantza-alanbrezko hesi eta txantxarrei buruz. Txistuka dabilen agoniari, eta alde batean disfrutatzeko beste aldean ostutakoei buruz. Nola ari garen: «Gure izuak baretzearren, mugak jartzen haizeari».

JMartinaren elektronika freskoa, eta Jose Luis Otamendiren poesia betierekoa. Liburuak atzeraka irakurtzeaz eta egoeraren aldrebesaz: «Europa bahitua askatzera gatoz».

Krikika gordinentzako tokia. Hitzak gezi Jule Goikoetxeak: hesiez, bortxaz, kapitalaz eta Europaz. Azken horri buruz, batik bat. Behin, birritan, eta hirutan: «Samos, Lesbos, Moria… europar balio humanisten konposta; gure nortasun europar faxista».

Malenkoniaren indarra zer den. Frontoi bat giro bihurtzeko ahalmena. Anari, eta irla bat. «Eguneroko bizitzan gaude errefuxiatuz eta kartzelaz inguratuta. Inork ez luke ilegala izan behar».

Gitarra astinduz, hor nonbait kanturik baduen ikustera Gorka Urbizu. Elkarrekin sentitzeko eskuei buruz sarreratxoan: «Musikari asintomatikoa naiz», txantxa. «Ze gozoa den pozoia», hurrengo abestiaren letra. Eta amaitzeko, esperimentu bat: Toot’s & The Maytals taldeko abeslari Toots Hibbert zendu berriari omenaldia. Haren abesti bat euskarara ekarria, jendeak txaloz jarritako erritmoan: «Ez gara isilduko».

Kanpoko parkeko haurren irribarreak datoz tarteka, eta haizeak astintzen ditu harmailak babesteko toldoak marteka. Zaparrada bat. Kulturak errefuxiatuek zirkinik ez. Adi ikuskizunari.

«Zentzumenak nahastuta dituztenei» kopla sorta bat jarri die Beñat Gaztelumendik. Zaporeei buruzko errepaso bat. Minberak: «Piper hautsaren manerak, eta oin galduen ibilerak». Gaziak: «Itsaso harro haziak, eta itotako garrasiak». Mingotsak: «Goizetako kafe motzak, eta poliziaren ahotsak». Garratzak: «Limoiz bustitako hatzak, eta kiskalitako arratsak». Gozoak: «Marrubi ale osoak eta zabalik dauden auzoak».

Joskera zehatzik gabe zehatz jositako hitzak bata bestearen atzetik Maddalen Lujanbiok. Ahotsari konpasa eta indarrari erritmoa jarriz Ander Mujika. Hotzaren ikara. Isiltasun bortitzak. «Han bonbardatu, sakeatu, mehatxatu, beldurtu… eta gero, datozenak arazo bihurtu». «Guregandik ihesi datoz guregana». «Ihesik barruan zituen biak: ihes eta hesi».

Ruperrek, Laboa gogoan

Presentziaz bakarrik oholtza bat betetzea zer den Ruper Ordorikak daki. Egiaz, maldan gora joateaz eta eguzkiaz hitzak. Eta, amaitu duelakoan, sorpresa: «Antiguan egon eta ezin joango naiz Mikelen abesti bat kantatu gabe?». Laboari gorazarrea: «Bat egingo luke gaurkoarekin». Eta jarlekuetatik erreakzioa: «Maite ditut maite gure bazterrak, lanbroak ezkutatzen dizkidanean».

Ahotsez soilik biluzita Ibon RG hurrena. Iparraldeko abesti klasiko batekin hasi, eta deitu performance, deklamazio bortitz edo aiumarekin jarraitu.

Harkaitz Cano eta Mursego elkarrekin. Beldurrari buruzko poesia batak, eta beldurrari txeloz jarritako efektuak besteak. Lehen partea. Bigarrena: erradiografia bat Donostiari. Toki edo pertsonaia bat batak, hari buruzko esaldi bat besteak. Ordena batean hasi, eta denak nahastuta bukatu. Irrigarria. Publikoaren barreak. Umorea. Hori ere behar da.

Mursego eta Ibon RG elkarrekin. Koplaka hasi, «itsasontzi batean Euskal Herritik kanpora segi», eta «ama, zer duzu negarrez?» amaitu. Ikuskizuna amaitu. Eta negarrez amaitu.

Juantxo&Lilit Selektah amaitzeko. Hitzen eta erritmoaren eztena. Gerriei herdoila kendu eta ezpainei irribarrea atera. «Larrialdi» ekitaldiaren amaiera. Zapore mingotsenari gozotik emandako erantzuna. Jarrai dezan Zaporeak-ek sabelak elikatzen, eta kulturak kontzientziak pizten.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)