Kritika. Zinema

Linboan geratutako errefuxiatuak

Berria, Amaia Garcia, 21-09-2020

‘Limbo’
Zuzendaria: Ben Sharrock. Herrialdea: Eskozia. Iraupena: 103 minutu
Ez dugu urrutira begiratu beharrik, hainbat gerratatik ihes egindako errefuxiatuen istorioak entzuteko. Azken aste hauetan, Greziako uharte batean, milaka errefuxiatu daude teilaturik gabe, eta, albiste horiek entzun ostean, ez gara konturatzen zer-nolako ezinegona bizi dezaketen bertan dauden pertsonek. Ben Sharrock zuzendariak beste uharte batera eraman gaitu; kasu honetan, Eskoziako uharte galdu batera. Sakelakoentzako seinale gutxirekin bizi dira bertan dauden errefuxiatu bakanak, eta telefono kabina bat da euren familiekin hitz egiteko bide bakarra.

Uharte horretara iristea ez da erraza, eta oso ondo dakite hori filmeko protagonistek. Ghana, Senegal, Afganistan eta Siriatik datoz film luzeak aurkezten dizkigun lau ezagunak. Laurak etxe berean bizi dira, eta beren ametsak uharteko hotzarekin izoztu dira. Asilo eskaeraren onarpenaren zain daude uharte horretan bizi diren errefuxiatuak, eta bertako biztanleen arrazakeria jasan behar dute ia egunero.

Omar Siriatik dator, eta egunero darama bere lautea alde batetik bestera. Besoan igeltsua du, Siriatik atera zenetik. Bere anaiak gerran jarraitzen du, eta bere gurasoekin telefonoz dituen elkarrizketek sentimendu oso desberdinak sorrarazten dizkiote. Lau protagonistek bizipen oso desberdinak dituzte, baina gauza bera bilatzen dute: toki hobe bat eta etorkizun bat. Infernutik datoz eta beraien zerua aurkitu nahi dute, bitartean linbo horretan bizi dira, Eskoziako uharte urrundu horretan.

Filmak malenkonia, antsietatea eta hotza helarazten ditu eta, agian, nahiko luzea egiten da batzuetan. Zuzendariak, bere bigarren lanean, istorio gordina kontatu digu, baina ikusi nahi ez dugun errealitatera gerturatu digu. Lan ausarta deritzot, batez ere, errefuxiatuen ikuspuntua oso landua dagoelako gidoian.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)