Irungo harrera sareak mila migranteri egin die harrera uda honetan

Gurutze Gorriak migranteak «diskriminatu» dituela salatu du sareak, kanpoan utzi baititu horietako anitz: «Ez dago irizpide koherenterik»

Berria, Maddi Ane Txoperena Iribarren, 18-09-2020

Konfinamendua bukatu eta berehala jarri zuten berriro martxan Irungo harrera sarea, eta, ohar baten bidez jakinarazi dutenez, boluntarioek pasaian ziren mila migranteri egin diete harrera udan, guztira. Sarearen arabera, gehienak bakarrik etorri diren gizon gazteak izan dira, baita ume txikiekin etorritako emakumeak ere. Jatorriak: Ginea, Mali eta Boli Kosta, gehienbat; Kamerun, Senegal eta Nigerrekoak ere anitz. Eta bidean Kanarietatik pasaturikoak, ia denak: «Afrikako migrazio bideak aldatuz doaz Espainiak eta Marokok zirkulazio askatasuna oztopatzeko egiten duten presio militarraren arabera», azaldu du Irungo harrera sareak.

Taldeak salatu duenez, Gurutze Gorriko dispositiboan «irregulartasunak» ikusi dituzte, hainbat migranteri ez baitiete gaua han pasatzen utzi, irizpiderik gabe: «Ez dago irizpide koherenterik, eta, dispositiboa erdi hutsik egonik ere, migratzaile askori ez zaie aterpetxean sartzen utzi». Sareak «diskriminatzailetzat» jo du dispositiboaren jarrera, eta «diru publikoa modu desegokian xahutzea» leporatu dio. Frantziako Poliziak ere «legez kontra» kanporatu ditu hainbat migrante, sarearen arabera.

Politika «xenofoboa»

Harrera sareak nabarmendu du gatazka armatuak gora egiten ari direla Afrikan, eta horrek «kanporatze efektua» eragiten duela hango biztanleengan. Espainiako Estatuak eta Europak «entzungor» egiten diete, ordea. Sareak salatu du «xenofoboa eta hiltzailea» dela Europako Batasunak errefuxiatuekiko ezartzen duen politika: «Izugarria da kanpamentuetan nola tratatzen diren milaka eta milaka pertsona». Euskal erakundeei «exijitu» diete «anbizio eta ardura handiagoz» joka dezatela.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)