Zuria nintzela uste nuen

Berria, Itziar Garin del Pozo, 13-08-2020

Aurreko artikuluan #blacklifematters-en gainean idatzi nuen, neska gazte euskaldun eta zuri baten ikuspuntutik ustez. Beti uste izan dut zuria nintzela. Joan den astean, gaixo jarri eta ospitalera joan behar izan nuen, eta Estatu Batuetako osasun zerbitzua ulertezina iruditzen bazait ere ez da hori gaur aipatzera natorrena. Medikuaren txostena jaso eta etxera bidean nengoela, paperak esku artean hartu eta gainetik begiratzen hasi nintzen. Sintomak, medikuaren aholkuak, egindako frogak, emaitzak ikusteko webgunea, ordaintzeko moduak eta, azkenean, datu pertsonalak. Izena, helbidea eta telefono zenbakia nik emandakoan ziren; ondoan agertzen ziren datuak galdetu gabe bete zituzten, ordea.

Erizainarekin hizketan egon nintzen medikuak kasu egin aurretik: azentu polita nuela esan zidan eta nongoa nintzen galdetu. Azaldu nion euskalduna nintzela, gaztelania zela nire bigarren hizkuntza eta ingelesa hirugarrena, barkatzeko akatsik egiten banuen. Erantzun zidan bazekiela Renon euskaldun asko daudela, oso emakume atsegina izan zen. Edonola, txostena jaso nuenean bertan ageri ziren komunikaziorako aukeratutako hizkuntza, etnia eta arraza. Erabaki zuten nire hizkuntza ingelesa zela, etnia hispanikoa (espainiarra, mexikarra edo kubatarra), eta arraza zurikoa nintzela. Txundituta geratu nintzen eta aurreko artikuluan idatzi nuenari buelta asko eman dizkiot orduz geroztik. Bide batez, kubatarra izatea erabaki nuen. Ez nuen ulertu nork erabakitzen zuen nire hizkuntza, etnia, arraza. Bi galdera nagusi etorri zitzaizkidan burua: euskaldunak hispanoak al gara? Eta zer funtzio du sailkapen arrazialak medikuntza sisteman?

Tokian tokiko sailkapenak

Erdialdeko Amerikan bizi izan naizenetan gringa edo güera (estatubatuarra, zuria) izendatu izan naute, eta, antza denez, Estatu Batuetan, hispanic (hispanoa). Ez dakit atzerritarrak deskribatzeko modua den, pertzepzio ezberdina, gu-haiek banaketa edo besterik gabe toki guztietan sailkapenak gure erara moldatzen ditugun. Akaso ez naiz hain zuria edo agian burua galdu dugu kontu honekin.

Ezin ukatu bereizketa hauek argitzeko bilaketa egin behar izan dudala. Labur, hau da argitu dudan sailkapena: hegoamerikarrak, hispanoamerikarrak, iberoamerikarrak eta latinoamerikarrak. Lehenak Panamatik hegoaldera jaiotakoei egiten die erreferentzia, termino geografikoa da. Beste hirurak termino linguistiko eta kulturalak dira. Hispanoamerikarrak kultura hispanoa duten pertsonak dira (espainiar jatorriko kulturaren eragina dutenak, beraz); iberoamerikarrak, iberiar penintsulako kultura dutenak (espainiar edo portuges jatorriko kulturaren eragina dutenak); eta latinoamerikarrak (espainiar, portuges zein frantses jatorriko kulturaren eragina dutenak).

Euskaldunak hispanoak gara, orduan?

Orduan, euskaldunak hispanoak gara? Alde batetik, ezin da ukatu espainiar kulturaren eragina, baina euskal gaiak lantzen dituzten hainbat akademikori galdetutakoan ezetz erantzun didate. Esaterako, John Garamendik, Kalifornian jaiotako Kalifornia estatuko kongresistak, (2009tik) argi esan zuen: «Hispanic? I am Basque». Bestalde, Kalifornian bertan euskal zein katalan ikasketak «spanish and portuguese» departamentuan kokatzen dira. Boisen (Nevada), ordea, euskal ikasketak «world languages» departamentuan kokatzen dira. Edonola, euskal kulturako edozein departamentuk iparraldeko zein hegoaldeko lurraldeak hartzen ditu kontutan. Horrek esan nahi du eragin frantsesa ere ezin dugula ukatu. Euskaldunak latinoak garela esan beharko genuke, beraz? Argi dago sailkapen orok konnotazio politikoa ere baduela.

Edurne Arostegi euskaldun jatorriko Center for Basque Studies-eko doktoretza ikaslea da, Kalifornian jaio zen, euskaldun-amerikarra da beraz. Berak emandako hitzaldi batean bere buruari galdetzen zion, euskalduna etnia bat da? Eskolan hispano modura sailkatzen zutela azaltzen du, seguruenik euskaldunek nazio-estaturik ez dugulako, baina, edonola ere, bera ez zela inoiz hispano kategoriarekin identifikatua sentitu. Ez zekien latinoa ote zen edo estatubatuarra. Ameriketan kanpotar modura ikusi izan dutela azaltzen du, eta baita Euskal Herrian ere. Identitate bikoitza izan beharrean, kanpotar bikoitz modura sentitu izan dela beti. Edonola ere, bere izen-abizenek beti markatu izan dutela azpimarratzen du; euskaldunak dira, eta horrek Estatu Batuetan zein Euskal Herrian azalpenak eman behar izatera eraman duela beti. Gaur egun Edurnek euskaldun-amerikar identitatea ikertzen du.

Medikuntza, arraza eta etnia

Medikuntzan arraza edo etniak sailkatzea beharrezkoa den jakiteko, Estatu Batuetako ospitaleko webgunean sartu nintzen eta arrazak izendatzeko erabiltzen duten sailkapena bilatu nuen. Sei taldetan sailkatzen dituzte bezeroak: African American (afrikar-amerikarra), American/ Alaska Native (amerikarra edo Alaskako natiboa), Asian/ Pacific Islander (Asiatikoa edo Pazifikoko uharteetakoa), White (zuria), Hispanic (any race, hispanikoa, edozein arrazatakoa), Other race (beste arraza batekoa), Multiple races (arraza anitzetakoa).

Sailkapena ikusitakoan, gauza askok piztu zuten nire arreta. Alde batetik badirudi zuria dela abizenik behar ez duen bakarra, normala, erreferentzia. Bestalde, kategoriek gauza ezberdinei egiten diete erreferentzia; termino batzuk arrazialak dira, geografikoak beste batzuk, eta kulturala beste bat. Arraza erreferentzia biologikoak egiteko erabiltzen dugu, eta etnia, erreferentzia kulturala egiteko. Edonola ere, komenigarria da azpimarratzea berez giza arraza bakarra dagoela: Homo sapiens. Hala ere, sozialki eraiki ditugun sailkapen arrazialek eragin sozial nabariak dituzte, eta beharrezkoak dira eskubide aldarrikapenak egiteko. Bestalde, sailkapen guztiak arbitrarioak izan ohi dira, baita ospitalean erabiltzen duten hau ere. Arraza eta etnia nahasita erabiltzen dira. Uste dut eufemismo asko erabiltzen direla, gainera (afrikar-amerikarra beltza esan beharrean; amerikarra edo alaskako natiboa indio esan beharrean, hispanikoa brown esan beharrean), eta termino oso orokorrak (beste arrazak kategoria, adibidez).

Zertarako behar du medikuntzak arraza?

Artikulu batzuk irakurtzen ikusi ahal izan dut nire zalantza badela dagoeneko debate gai bat medikuntzaren esparruan. Kubako medikuntza aldizkariak medikuntza sailkapen arrazialak erabiltzearen gaineko artikulu interesgarri bat argitaratu zuen 2006an. Bertan argi azaltzen da sailkapen arrazialak osasun profilak azaltzeko erabili izan direla, eta egun erabiltzen direla. Horrela, arraza gaixotasun jakin batzuekin lotzen da (arrazoi genetikoengatik), beste kausa batzuk alboratuz, nolabait arraza gaixotasun horren kausa balitz bezala. Argi dago genomen gaineko ikerketek genoma eta gaixotasun jakin batzuk sufritzeko aukeraren arteko harremana egiaztatu dutela. Artikulu honetan azpimarratzen dutena zera da: gaixotasunek genetikarekin lotura badute ere, baldintzapen historiko, ekonomiko, politiko, sozial eta kulturalak ere badituztela, eta ezin ditugula alde batera utzi.

Emili Singer medikuak ere azaltzen du demografia aldatuz doala, populazioa gero eta pluralagoa dela eta, beraz, taldeen arteko ezberdintasunak taldeen arteko tratu bereizketarik egin gabe ulertzea garrantzitsua dela. Beltzek arazo kardiobaskular gehiago izaten dituztela adierazten badu ere, azpimarratzen du terapia arrazialak egitea ez dela eraginkorra: «Gure pazienteak zaintzeko moduen gainean hitz egiten dugunean, ez genuke arraza hitza erabili behar». SEC-ek (Sociedad Española de Cardiologia) egindako hainbat ikerketak ere adierazten dute arraza eta etniak bihotzeko osasunarekin lotuta daudela. Asia hegoaldeko jatorria duten biztanle britainiarrek jatorri europarra dutenek baino aukera gehiago omen dute bihotzeko gaixotasun baten eraginez hiltzeko (%50 gehiago hain zuzen ere).

Honek guztiak lagundu dit arazo arraziala kanpoan ikusteari utzi eta barrutik ikusteko. Bere konnotazio politikoak, sailkapenak dituen eragin sozialak, medikuntzarentzat izan ditzakeen erabilera eta arriskuak ikusi ahal izateko.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)