Migrazioa

MSF eta Sea Watch berriro hasiko dira salbamendu lanetan Mediterraneoan

Erakunde horiek azaldu dute Libiatik alde egin dutenen kopurua lau aldiz biderkatu dela urteko lehen sei hilabeteetan. Bien helburua pertsona horiek erreskatatzen jarraitzea da.

Berria, Munia El Marhoum Iruretagoiena, 13-08-2020

Koronabirusaren krisiak mundua gelditu zuen, baina, etenaldia eta gero, Mugarik Gabeko Medikuak (MSF) erakundeak eta Alemaniako Sea-Watch taldeak berriro hasiko dituzte, batera, erreskate lanak Mediterraneo itsasoan. Asteburu honetan aterako dira itsasora, Sea-Watch 4 izeneko salbamendu ontzian, Borrianako portutik (Castello).

Haien helburua, hauxe: «Libiatik irteten direnak erreskatatzen jarraitzea, modu bakarra baitute bizirik iraun ahal izateko». Hala azaldu du Mila Fontek, MSFko Valentziako arduradunak. Europako Batasunaren jarrerari kritika egiteaz gain, Fontek migrazio datuak aipatu ditu, Afrikako kostatik inoiz baino iheslari gehiago atera diren honetan. Haren hitzetan, 2020. urteko lehen sei hilabeteetan lau aldiz handitu da Libiatik alde egin dutenen kopurua; hori guztia, «erreskate barkurik ez zegoen bitartean». Gainera, «6.000 lagun baino gehiago behartu dituzte Libiara bueltatzera». Fonten ustez, «Libiako portuko arduradunek Europaren babesa dute, mugako bizkartzain modura jardun eta pertsona horiek kontinentera heltzea eragotz dezaten».

Oliver Behn MSFko operazioen zuzendariak zehaztu du «larrialdirako elkarlana» dela Alemaniako erakundearekin egindakoa: «Europako Batasuneko kide diren Estatuek COVID-19a erabiltzen dute bilaketa eta erreskate lanak are gehiago murrizteko». Horrez gain, Libian gertatzen ari diren «abusuak» iraunkortzen dituztela esan du, eta «pertsonak itotzen uzten» dituztela, «laguntzarik ez emateko» politiken bidez.

Sea-Watch 4 barkuan 30 lagun inguru joango dira; lehen, ikerketa ozeanografikorako ontzia zen hori, eta berritu egin zuten salbamendu lanetan aritzeko. MSFk mediku talde bat izango du, lau osasun langile eta bi komunikazio arduradunekin osatua.

Oraingoz, Mediterraneo itsasoaren erdialdean egongo den erreskate ontzi bakarra izango da, baina Borrianako portuan ere badaude Open Arms ontzia eta Alan Kurdi Sea Eye gobernuz kanpoko erakundearena. Sea-Watch 4-rekin batera, zenbait hilabete eman dituzte portuan, ontziei hobekuntza eta moldaketa teknikoak egiten.

Izan ere, Italiako agintariek barkuak ikuskatu zituzten, eta moldaketak egitera behartu, berriro itsasora atera baino lehen. Aita Mari ere egoera horretan dago; Palermon egon zen blokeatuta 49 egunez, ekainaren 26an handik abiatzeko baimena lortu zuten arte. Pasaiako portura (Gipuzkoa) itzuli ziren, eta bertan egin behar izan zituzten Italiak eskatutako aldaketak. Itsasora irteteko baimenaren zain dago oraindik. Ocean Viking, SOS Mediterranee erakundearen barkua ere itsasoratzeko baimenaren esperoan da.

GKE horiek uste dute Italiako agintariek egindako moldaketa eskaerek, segurtasuna baino, haien lana oztopatzea dutela helburu. Salatu dute erreskate barkuak jokoz kanpo utzi dituztela eta salbamendu operazio berriak aurrera eramatea eragotzi dietela. Philipp Hahn Sea-Watch 4 ontziko misioen buru denaren arabera, oztopatze politika horiek «arrazistak» dira.

Protokolo berriak

Koronabirusaren pandemia dela eta, MSFk protokolo berriak jarri ditu martxan barkuan, hala nola kide guztiek PCR proba negatiboa izatea ontzira igo baino lehen.

Horrez gain, egunero neurtuko diete tenperatura eskifaiari eta barkuko langile guztiei. Salbamenduetan jarraipena egingo zaie erreskatatutako bakoitzari, eta, kasu larriren bat izanez gero, bakartzea eta ebakuazioa aginduko da.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)