Memoriaren beste dimentsio bat

Esklabotza kontatzeko beste modu bat agertzen du Ta-Hehisi Coatesek 'The Water Dancer' nobelan, afrikarrak subjektutzat aitortuta. Hainbat belaunaldiren bizipenak, oroimena eta oinaze partekatua ditu langai.

Berria, Estibalitz Ezkerra, 29-06-2020

Arrazaren eta memoriaren gaineko Playing in the Dark saiakera liburuan (1992), Toni Morrisonek (Loraine, Ohio, AEB, 1931-New York, AEB, 2019) dio gogoratze prozesuan datzatela askatasunerako aukerak, oroitzea ariketa gogorra izan arren. Ikuspegi horrek gidatzen du Ta-Nehisi Coatesen (Baltimore, Maryland, AEB, 1975) The Water Dancer nobela (Ur dantzaria, 2019). Virginiako tabako plantazio batean kokaturik dago istorioa, XIX. mendearen erdialdean. Lockless plantazioa, ingurukoak bezala, gain behera doa. Esklabo jabeek, anbizioak eta trakestasunak bultzatuta, agortu arte ustiatu dituzte beren lurrak, eta, ondorioz, esklaboak saldu beste aukerarik ez dute beren luxuzko bizimoduari eta gizarte hierarkiari eusteko. Azken horren arabera, goian daude Kalitate direlakoak, esklabo jabe zuriak, zeinek bizitzaren eta heriotzaren gaineko boterea duten esklaboei dagokienez. Jarraian, Behekoak datoz, pobreak eta gehienbat alfabetatu gabeak diren zuriak: Kalitateentzat lan egiten dute plantazioak eta esklaboak gainbegiratzen. Haien azpian, Askatuak daude, askatasuna erosi ahal izan duten esklabo ohiak, eta mailarik apalenean, berriz, Eskulana, esklaboak.

Locklesseko Eskulanetako bat da Hiram, baina ez da esklabo arrunta. Batetik, Howell Walker plantazio jabearen semea da. Walkerrek Hiram semetzat aitortua du; horregatik atera zuen soroetatik eta etxeko esklabo bihurtu, baita bere seme eta oinordeko Maynarden tutore bihurtu ere. Hiram sinetsita dago aitaren aitortzak gainerako esklaboena ez bezalako etorkizuna ekarriko diola, eta horrek «une isiletan, bere burua Kalitateen mailan irudikatzen» laguntzen dio. Ama enkantean saldu zutenetik Hiram zaindu duen emakumeak, ordea, Thenak, kontuz ibiltzeko esaten dio, Kalitateentzat esklaboak beti izango baitira esklabo.

Bada Hiram gainerako esklaboengandik bereizten duen beste zerbait: zehaztasun osoz gogora dezake dena, dela aurpegiak dela gertaerak, bere garaikoak zein lehenagokoak, bere ama izan ezik.

Thenak aurreikusi bezala, adinez nagusi bihurtzen denean bere esklabo egoera gogorarazten dio Walkerrek Hirami, bere tutore postutik kendu eta anaiordearen morroi bihurtzen baitu. Egun batean, Maynardekin batera zubi bat gurdiz zeharkatzen ari dela, Hiramek ama dantzan ikusten du ur gainean. Bere onera bueltatzen denerako, gurdia eta Maynard hondoratu egin dira ibaian, baina indar misteriotsu batek uretatik atera eta plantaziora itzularazi du bera. Hots, eroana izan da.

Eroapenaren bidez, urarekin kontaktuan denean bai bere burua eta bai beste pertsona batzuk toki batetik bestera garraia ditzake Hiramek; bere hitzetan, lurra «oihal bat bezala» tolestu dezake botere horri esker. Baina eroapena gerta dadin, emozio iturri handi baten beharra du: bere amaren oroitzapena. Haren boterea dela eta, isilpeko sare batek errekrutatuko du gaztea, eta, haiekin elkarlanean, plantazioetatik ihes egindako beltzei iparraldera joaten laguntzen hasiko zaie.

«Ez da haragi masa bat»

Sentimendu pertsonalen eta naturaz gaindiko botereen arteko lotura maiz erabiltzen den teknika bat da literatura fantastikoan. The Water Dancer nobelan, ordea, karga emozional handiko gertaerak gogoratzea ez da prozesu indibiduala bakarrik; hainbat belaunaldiren bizipenei, memoriari eta min kolektiboari heltzea ere bada. Bere saiakeran, Morrisonek bereizi egiten ditu historia eta memoria, eta, afrikar-amerikarrei dagokienez, jasotako memoria historia baino garrantzitsuagoa eta egiazkoagoa dela esaten du. Izan ere, historian «objektu, eta ez haren barruko subjektu» moduan agertzen dira beltzak. Oroimenak, berriz, beren esperientziak lehen planoan jartzeko aukera ematen die. Esklaboen kasuan, memoriak badu beste dimentsio bat ere: bizirik irauteko mekanismo bat da, aske eta duin bizi ziren garaiekin, Afrikarekin konektatzeko aukera ematen baitie.

Memoriarekin batera, ura funtsezko faktorea da eroapena gerta dadin. Urak Atlantikoari egiten dio erreferentzia, itsas zeharkaldi traumatiko horri, zeinetan hainbat afrikarrek bizia galdu zuten. The Water Dancer-en kapitulu artean agertzen diren epigrafeetan, poemak eta testu zati batzuk aipatzen dira, hildakoak hizpide dituztenak. Haien artean bada lekuko baten ondoko testigantza: «[Itsasontzitik] ateratzea lortu zuten beltzak dantzan ari ziren olatuen gainean, arnasa betean garaipen abesti bat iruditu zitzaidana garrasi egiten».

Ur bidezko eroapenaren metaforaren bitartez, lekukoak deskribatzen duen bera iradokitzen du Coatesen nobelak: esklabo ontzietatik Ozeano Atlantikora botatako haiek ez zirela ikarak eta larritasunak jota ito; aitzitik, etxera itzultzeko aukera izan zuten, pertsona aske moduan. Alde horretatik, afrikar-amerikar abestietan zein elezaharretan maiz agertzen den mito berak ateak irekitzen dizkio historia alternatibo baten aukerari. Kontua ez da esklabotzaren ondorioak itxuraldatzea, baizik eta milaka afrikar objektu —eta biktima— bihurtu zituen —eta oraindik indarrean den— sistemari aurre egitea, afrikarrak subjektu bihurtuta. Hain zuzen, The Water Dancer-en lorpenetako bat da esklabo bihurrarazitako gizon eta emakumeen gizatasun partikularra azaltzea. Bere semeari idatzitako gutun forma duen Between the World and Me liburuan (Munduaren eta nire artean, 2015) Coatesek azaldu bezala, «esklabotza ez da zehaztugabeko haragi masa bat. Esklabo bihurturikoa emakume espezifiko bat da, zeinaren adimena zurea bezain aktiboa den, zeinaren sentitzeko ahalmena zurea bezain zabala den».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)