Hiru gizoni hilketa leporatu diete AEBetan Arberyren heriotzagatik

Bi akusatuk aitortu dute lapur batekin nahastu zutela 25 urteko gaztea. Gorroto delituen zigorrak gogortzea proposatu dute Georgian

Berria, Gorka Berasategi Otamendi, 26-06-2020

Glynn konderriko epaitegi batek (Georgia) bederatzi kargu egotzi dizkie hiru gizonezko zuriri Gregory McMichael; Travis McMichael eta William Bryani 25 urteko Ahmaud Arberyren hilketagatik.

Arbery otsailaren 23an hil zuten. «Jazarria, ehizatua eta exekutatua» izan zela adierazi zuten konderriko agintariek, baina susmagarriak ez zituzten atxilotu harik eta, maiatzean, George Floyden heriotzaren harira, polizia indarkeriaren eta arrazakeriaren aurkako protestak piztu ziren arte. Haren heriotzaren harira, gorroto delituen zigorrak gogortzea eztabaidatu du Georgiako Parlamentuak, eta herenegun lege proposamen bat onartu zuen bide horretan.

McMichael aita-semeek errugabeak direla ziurtatu dute. Arbery lapur bat zela pentsatzen zutela, eta hura geldiarazten saiatu zirela aitortu dute. Bryanen defentsak, berriz, ukatu egin du McMichel sendiko aita-semeekin inolako harremanik izan zuenik Arbery hil zen egunean.

Richard Dial Georgiako Ikerketa Bulegoko kideak deklaratu duenez, Bryanek adierazi zuen Travis McMichael entzun zuela «beltz madarikatua» oihukatzen Arberyri gutxienez hiru aldiz tiro egin ostean. Hiru akusatuek Brunswick kostako herrian egin zuten topo Arberyrekin, hura korrika ari zela.

Beste hildako bat

Floyden heriotzarekin antz ugari dituen beste kasu bat izan da Arizona estatuko Tucson hirian. Hango poliziaburu Chris Magnusek argitara atera du Carlos Ingram-Lopez 27 urteko gizon latinoamerikarra atxilotu zuten unea erakusten duen bideo bat. Atxiloketa apirilaren 21ean gertatu zen. Irudietan ikus daiteke poliziek ahuspez atxiki zutela Ingram-Lopez, eskuak bizkarrean, hamabi minutuz, eta tarte horretan behin baino gehiagotan eskatu zuela ura, negarrez, eta arnasa hartzea kosta egiten zitzaion arren poliziek postura berean izan zutela, arnasa hartu ezinda, isilik gelditu zen arte.

Magnusek dimisioa aurkeztu zuen herenegun. Adierazi zuen atxiloketan parte hartu zuten hiru poliziek postua utzi zutela Ingram-Lopezen heriotzaren ondoren, ikerketa batean hainbat arau urratu zituztela frogatu ostean.

Poliziaren txostenean jaso zuten Ingram-Lopez bihotzekoak jota hil zela, kokaina intoxikazio handi batekin, osasun azterketa baten arabera.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)