Migrazioa

Mugak itxi eta kanporatzeak azkartuko dituen proposamena lantzen ari da Brusela

Polonia eta Hungariaren baiezkoa lortu eta migratzaileak hartzeko kuotak desagerraraztea du helburu egitasmoak.

Berria, Arantxa Elizegi Egilegor, 23-06-2020

Martxorako behar zuen itxita migratzaileen inguruko Europako Batasunaren proposamenak, baina Polonia eta Hungariaren jarrerak lehenik eta pandemiak ondoren atzeratu egin dituzte Bruselaren planak. BI herrialde horiek hasieratik agertu dira Europara asilo eske heltzen diren migratzaileak kuota bidez herrialdeetan hartzearen aurka, eta, ondorioz, banaketa zehaztuko duen oinarririk gabe, Grezia, Italia eta Espainia izan dira migratzaile gehien hartu duten estatuak, hurrenez hurren.

Margaritis Schinas Batzordeko presidenteordeak eta Ilva Johansson Barne komisarioak atondu duten planaren arabera, indartu egingo litzateke kanpo mugen gaineko zaintza eta azkartu eta ugaritu kanporaketak.

Dagoeneko mugako polizia bilakatu den Frontexi baliabide teknologikoak bermatuko dizkiote Europako mugak airez eta itsasoz zaindu ditzan. Horrez gain «erantzun azkarreko taldeak» ere izango ditu erakundeak, EBn paperik gabe sartzen saiatzen diren migratzaileak atzeman eta unean bertan kanporatzeko. «Krisi» bat lehertuz gero, berriz, estatu kideei laguntza eskatu ahal izango die, eta baita 1.500 polizia bidaltzea galdegin ere.

Kanporatzeak azkartu eta ugaritu ere egin nahi ditu Bruselak, eta, horretarako, asiloa ukatzen denetik eskatzailea kanporatzen den arteko tartea murriztu nahi du. Helburu horrekin, migratzaileen jatorrizko herrialdeekin akordioak hitzartu ditu azken urteetan, eta dagoeneko 82 sinatu ditu —duela bost urte 14 ziren—.

Bide batez, kuota sistema ere ezabatu egin nahi du Bruselak. Era horretan estatu kideek ez dituzte gutxieneko migratzaile kopuruak onartu beharko, eta, aldiz, nahikoa izango lukete haiek hartzen dituzten herrialdeei «laguntza» eskaintzea.

Testua, ordea, proposamena besterik ez da oraingoz. Europako Batasunak datozen asteetan eztabaidatu eta onartu beharko du.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)