KORONABIRUSA

Migratzaileen egoitza eta lan baimenak, sei hilabete luzatuta

Berria, BERRIA, 21-05-2020

MADRIL. Espainiako Gobernuak sei hilabete luzatu ditu migratzaileentzako egoitza eta lan baimenak. Espainiako aldizkari ofizialak atzo argitaratu zuen Migraziorako Estatu Idazkaritzaren agindua, eta, haren arabera, luzapenak martxoaren 15ean alarma egoera izendatu zutenetik iraungitako baimenei eragingo die. Hala, baimena iraungi eta hurrengo egunetik aurrera beste sei hilabete izango dituzte. Gobernuak azaldu du «segurtasun juridikoa» bermatu nahi izan duela erabaki horren bidez. Izan ere, bulego publikoak itxita egonik, migratzaile askok arazoak zituzten baimena luzatzeko agiriak aurkezteko. Modu automatikoan luzatuko diete baimena denei, bulegora joan beharrik izan gabe.

Besteak beste, luzatu egingo egingo dituzte aldi baterako bizilekuak, lan baimenak eta egonaldi baimenak, bai eta ikasketak egiteagatik, ikasleen mugikortasunagatik, lanekoak ez diren praktikengatik edo boluntario zerbitzuengatik aurreikusitako egoerak ere. Gainera, sei hilabete luzatuko da Europako Batasuneko herritarren sendien txartelen iraungitze data. Egonaldi luzeko baimenengatik lortutako nortasun txartelen iraupena ere automatikoki luzatu dute.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)