Gertaturikoa argitzea adostu dute

Iranek eta Afganistanek bien arteko mugan itota hildako migratzaileei buruzko ikerketa bat hasi dute

Berria, BERRIA, 15-05-2020

Irango eta Afganistango Atzerri ministerioek atzo jakinarazi zuten ikerketa bateratu bat hasi dutela bi herrialdeen arteko mugan itota hil ziren dozenaka migratzaileei gertaturikoa argitzeko. Irango mugazainei egotzi diete hilaren hasieran Afganistango 50 bat iheslari jo eta mugako ibai batean sartzera behartu izana, Iranera pasatzen saiatu zirenean; orduan hil ziren horietako batzuk.
Mohamad Hameed Tahmasi Afganistango ordezkaritzaren buruak adierazi zuenez, gertakaria «era sakonean» aztertuko dute, «zer eta nola gertatu» zen argitzeko. Irango Atzerri Ministerioak, berriz, komunikatu baten bidez jakinarazi zuen mugaren kudeaketaz arduratzen diren bi estatuetako erakundeak arituko direla ikerketa lanetan, «justizia beteko» dela ziurtatze aldera. Tahmasiren arabera, oraingoz hamabi migratzaileren gorpuak aurkitu dituzte, eta beste hamabostek desagertuta daude oraindik ere; gainontzekoak bizirik atera ziren ibaitik.
Afganistango ordezkaritzaren buruak gaineratu zuen migratzaile horiek gertaturikoari buruzko frogak dituztela, eta bere herrialdeko agintariekin hitz egiteko aukera izan dutela.
Nazio Batuen Erakundearen arabera, urtero Afganistango milaka herritar Iranen sartzen saiatzen dira, haien sorterriko gerraren, gosetearen eta langabeziaren ondorioz. Denera, milioi bat errefuxiatu leudeke Iranen, eta beste bi «legezko dokumenturik gabe» bizitzen.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)