Koronabirusa munduan

Gora egin du emakume desplazatuek genero indarkeria jasateko arriskuak

Indarkeria pairatzen duten emakumeei funtsezko zerbitzuetarako sarbidea mugatu zaie

Berria, Jone Bastida Alzuru, 21-04-2020

Koronabirusa herrialde eta sektore guztiei erasaten ari den honetan, ohartarazpen bat egin zuen atzo UNHCR Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandatariak. Hala, azaldu zuen pandemiak areagotu egiten duela emakume desplazatu eta aberrigabekoek genero indarkeria pairatzeko duten arriskua. Kontu handiarekin eta arduratsu jokatu beharra azpimarratu zuen Gillian Triggs agentziako goi ordezkariak: «Arreta berezia eta premiazkoa jarri behar dugu horiek babesteko. Arriskurik handienetakoa duten pertsonak dira. Ezin zaizkie ateak ireki erasoak egiten dituztenei, eta ez dira alde batera utzi behar gehiegikeriak eta indarkeria sufritzen dituzten emakumeentzako laguntzak».

Hain zuzen, munduko herrialde ugarik konfinamendua eta berrogeialdia ezartzearen alde egin dute pandemiari eusteko neurri gisa, eta horrek hainbat ondorio ekarri ditu: besteak beste, pertsonen mugikortasuna mugatzea, komunitatean interakzioak gutxitzea, zerbitzuak ixtea eta baldintza sozioekonomikoak okertzea. «Faktore horiek indarkeria jasateko arriskuak areagotzen dituzte», ohartarazi zuen Triggsek.

Erantsi zuenez, norbanako batzuk erasotzaileekin «harrapatuta» gera daitezke etxeetan edo abegi zentroetan, haiengandik urruntzeko edo aurrez aurreko laguntza eskatzeko inongo aukerarik gabe. Horrez gain, egoera ekonomikoak jasotako kolpeak «prostituziora edota ezkontza goiztiar behartuetara» bultza ditzakeela salatu zuen. «Emakumeek gero eta karga handiagoa dute».

Bestalde, pandemia dela-eta, genero indarkeria pairatzen dutenei edota hori sufritzeko arriskuan daudenei funtsezko zerbitzuetarako sarbidea zedarritu zaiela onartu zuen UNHCRk, hala nola zerbitzu psikosozialetakoa, nahiz osasunari eta segurtasunari loturikoa.«Neurriek oztopatu egiten dute emakumeek laguntza horiek jaso ahal izatea».

Modu horretan, jakinarazi zuen Iheslarientzako Nazio Batuen Goi Mandataria «alertan dagoela», eta saiatzen ari direla egoera berrira egokitzen indarkeria jasaten duten emakumeentzat zuzendutako programak. «Toki batzuetan, gizarte langileak horiek urrunetik kudeatzen ari dira, prestakuntza jaso duten komunitateko boluntarioen laguntzarekin».

Neurriak hartzean adi

Bide horretan kontzientziaz jarduteko deia egin zuen agentziak, eta nabarmendu koronabirusaren «prebentzio, erantzute eta berreraikitze» plan nazionalak diseinatzeko orduan gobernuek eta agentzia humanitarioek kontuan izan beharko luketela emakume desplazatuek eta aberrigabekoek indarkeria sufritzeko duten arriskua: «Ezinbestekoa da hori euren bizitzak babesteko eta eskubideak bermatzeko». Halaber, hori lortzeko, hainbat zerbitzu funtsezkotzat jo behar direla diote, eta horiek eskura izatea egiaztatu: «Hor sartzen dira osasun eta segurtasun zerbitzuak, laguntza psikosoziala eta ostatu seguruak; baita justiziarako aukera ere».

Azkenik, errefuxiatuak hartzen dituzten herrialde askoren baldintza sozioekonomikoek okerrera egin dutenez, emaileen laguntza «ezinbestekoa» dela adierazi zuten genero indarkeria prebenitzeko eta hari erantzuteko operatiboak martxan mantentzeko.

Mezu argia zabaldu zuten, eskaera zehatz batekin: «Emakume eta neska guztiek dute edozein indarkeria motatik aske bizitzeko eskubidea. Emakume desplazatuei eta aberrigabeei lagundu behar diegu. Aldi berean, Antonio Guterres NBEko idazkari nagusiaren mezua errepikatzen dugu, eta gobernu guztiei eskatzen diegu pandemiari erantzuteko orduan lehentasuna eman diezaietela emakumeen eta nesken segurtasunari».

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)