Kanpalekuetara iritsi da birusa

Lehenengo koronabirus kasuak baieztatu dituzte Greziako Ritsonako errefuxiatuen gunean

Berria, Gorka Berasategi Otamendi, 03-04-2020

Denbora kontua izatea espero zen, eta hala gertatu da. Grezian, lehenengo koronabirus kasuak atzeman dituzte errefuxiatuentzako kanpaleku batean. Hogei pertsonak birusa dutela baieztatu dute Ritsona kanpalekuan, Atenastik 75 kilometro ipar-ekialdera. Ondorioz, berrogeialdian jarri dituzte gunean bizi diren 2.200tik gora lagun. Hurrengo hamalau egunetan, debekatuta egongo da kanpalekura sartzea edo handik irtetea.

Joan den larunbatean, COVID-19 gaitza atzeman zioten Ritsonako kanpalekuan bizi den emakume bati, Atenasko ospitale batera erditzera joan zenean. Greziako osasun publikoko zerbitzuek emakumearekin kontaktuan izan diren 63 laguni egin zizkien koronabirus probak asteazkenean, eta horietatik hogeik positibo eman zuten. Batek ere ez du gaitzaren sintomarik. Greziako osasun erakunde publikoak adierazi du kanpalekuan bizi diren gainerako errefuxiatuei egingo diela COVID-19aren azterketa.

Gobernuak polizia dispositibo bat ezarri du Ritsonan, itxialdiaren betetzea bermatzeko.

Ebakuazioaren beharra

Birusak kanpalekuetan «hondamendi bat» eragingo ote dute beldur dira GKEak, gune horiek ez dituztelako betetzen gutxieneko osasun baldintzak. Moriako kanpalekuan, esaterako, «1.300 laguneko iturri bat» dagoela azaldu zuen atzo Vasilis Stravaridis MSFren Greziako zuzendariak BERRIAk egin zion elkarrizketan.

Texto en la fuente original
(Puede haber caducado)